Enplegua, Merkataritza, Turismoa eta Foru Administrazioaren foru diputatua | 2026 09 14

ALE!-k zeramika garaikidearen nazioarteko topagune bihurtuko du Araba urriaren 8tik 12ra

  • La primera edición de este congreso de artesanía reunirá formación, creación, reflexión profesional y actividades abiertas a la ciudadanía
     
  • Las inscripciones para las clases magistrales y actividades con reserva se abren desde hoy en http://escueladeartes.org/ale/    

Vitoria-Gasteiz, 2026ko irailaren 14a.- Zeramika izango da protagonista Araban, urriaren 8tik 12ra, ALE! Zeramikari buruzko Nazioarteko Biltzarra Araban topaketaren lehen edizioan. Topaketa berri bat izango da, zeramikaren inguruko formazioan, sorkuntzan eta dibulgazioan diharduten profesionalentzako, ikasleentzako, sortzaileentzako eta herritarrentzako, bost egunerako antolatu dena.

Vitoria-Gasteizko Arte eta Ofizio Eskolak antolatu du biltzarra, Arabako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Vitoria-Gasteizko Udalaren babesarekin eta Vital Fundazioaren, Laboral Kutxaren eta Legutioko Udalaren lankidetzarekin.

Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismoko foru diputatuak, Daniel Solana Basquetourreko zuzendari nagusiak eta Uxua García Arte eta Ofizio Eskolako zuzendariak topaketaren berri eman dute gaur. Topaketa hori denborarekin artisau lanbideen nazioko eta nazioarteko "erreferentzia" gisa finkatzeko asmoarekin sortu da. 

Lehenengo edizioa zeramikari buruzkoa izango da, eta zeramika garaikideko figura ezagunenetako batzuek emandako eskola magistralak, eztabaidak eta mahai inguruak, azoka bat, zinema "zeramikoa", emanaldi artistikoak eta zuzeneko erakustaldiak programatuko dira Vitoria-Gasteizko eta Legutioko hainbat lekutan.  

Informazio guztia eta inskripzio aukera hemen daude eskura gaurtik aurrera: https://www.escueladeartes.org/eu/ale/    

Cristina González diputatuak ziurtatu duenez, Arabako artisauen sektorea "profesional handiek osatzen dute eta kalitate handiko obrei ematen diete forma eskuekin", eta baieztatu du kongresuak "langile hauen ikusgarritasuna hobetzeko eta beren lanari balioa emateko" balioko duela.

Era berean, ofizioetako maisu-maistra onenekin formatzeko aukera emango die".

"Aldi berean, ALE!-k Espainiako gainerako tokietako artisauentzako erakargune bihurtuko ditu Vitoria-Gasteiz eta Araba", gaineratu du. 

Daniel Solana Basquetourreko zuzendariaren hitzetan, "aukera paregabea da Arabako talentuari, sormenari eta eskulangintza tradizioari balioa emateko, eta erakusteko zeramika bera zein artisau lanbide guztiak gure nortasunaren eta kultura ondarearen parte direla. Profesionalak, sortzaileak eta publikoa elkartuko dituen topaketa baten aurrean gaude, eta horrek laguntzen du Araba proiektatzen kultura, sormena eta benetako esperientziak eskaintzen dituen turismo lurralde gisa».

Uxua García Arte eta Ofizio Eskolako zuzendariak xehetasunez azaldu du egitaraua eta aipatu du "Arabako kulturaren agerpenetan zeramikaren eta artisautzako lanbideak ikusaraztea" duela helburu. Programak formazioa, sorkuntza, profesionalen arteko trukaketa eta herritarren parte hartzea uztartzen ditu, eta aldi berean, eskulangintza garaikidearekin lotzen ditu eskolaren ibilbide-ezagutzak".

Blanka Gómez de Segurari omenaldia

Programa urriaren 8an (osteguna) hasiko da, Legutioko Magdalena ermitan, BIRAKAren inaugurazioarekin. Mural zeramikoa da BIRAKA, Blanka Gómez de Segura Arabako zeramikari eta Ollerias-eko Euskal Buztingintza Museoaren arduradunaren bilbideari omenaldia egiteko sortu dena. Ekimen horrek 40 urteko ibilbide profesionala sorkuntza prozesu kolektibo bihurtzen du, eta lurraldeari lotutako esku hartze iraunkorra ekarriko du emaitza gisa. 

Egun-leku beretan, bere obrari eskainitako erakusketa bat zabalduko da, eta azaroaren 8ra arte bisitatu ahal izango da. 

Irekiera ekitaldi horrek ALE!ren planteamendu nagusietako bat laburbiltzen du: ondarea, ezagutzaren trasmisioa, praktika artistikoa eta lurraldea konektatzea.
Formazioa izango da biltzarraren ardatz nagusietako bat. Arte eta Lanbide Eskolako zeramika tailerrek hiru eskola magistral eskainiko dituzte, bereziki profesionalei, ikasleei eta zeramika sorkuntzarekin lotutako pertsonei zuzenduak direnak: 

•    María Orizak eskola magistrala emango du urriaren 9an, ostiralean, 10:00etatik 14:00etara.   Orizak, 35 urteko ibilbide profesionaleko zeramikari ospetsua eta Zeramikaren Nazioarteko Akademiako kidea 2007az geroztik, Espainiako eta Europa, Amerika eta Asiako hainbat herrialdetako museo, galeria eta arte zentroetan erakutsi da bere lana.

•    Rafaela Parejaren txanda ostiral berean izango da, urriaren 9an, 16:00etatik 20:00etara.   Parejak, Espainiako zeramika garaikidearen ahots ospetsuenetako bat, CICEMA jaialdiaren sortzaileetako bat eta Zeramikaren Nazioarteko Akademiako kideak, Europa osoko erakundeetan izan ditu erakusketak, eta erreferentzia da berrikuntza teknikoan eta sentsibilitate estetikoan.

•    Ícaro Maiterenak larunbatean, urriaren 10ean eskainiko du eskola magistrala, 10:00etatik 14:00etara.   Arte Ederretan lizentziatua eta Eskulturari aplikatutako arteetako goi mailako teknikaria, Maiterena irakaslea da Moncloako Zeramika Eskolan (Madril). Beste sari batzuen artean, Prix Fondation Brukner irabazi zuen 2022an, eta erakusketak izan ditu Europan, Amerikan eta Asian.

Hiru eskola magistralek plaza mugatuak dituzte, eta aldez aurretik izena eman behar da.  

Eskuak, Buztina eta Memoria: topaketa eta hausnarketa Artiumen

Larunbat goizeko programazioak arratsaldean jarraituko du Artium Museoko auditorioan, Eskuak, Buztina eta Memoria hitzaldiarekin, 17:00etatik 19:00etara, eta, ondoren, 19:00etatik 20:00etara eztabaida irekiko da. Topaketak ibilbide eta begirada profesional desberdinak bilduko ditu zeramikaren egungo egoera, sorkuntza prozesuak eta sektorearen erronka eta aukerak aztertzeko eta formazioa, ekoizpen artistikoa eta jardun profesionala trukatzeko espazio bat eraikiko du. 

Jardunaldia Cube Artiumen amaituko da, Zeramika Afaria deitu denaz, 21:00etatik 23:00etara. Horretarako, inskripzio txartela eskuratu beharko da aldez aurretik.   

ALEFEST!ek Matxete plazara eramango du zeramika

Urriaren 11n, igandean, ALE! kalera aterako da ALEFEST ospatzeko, Matxete Plaza beteko duen guztiontzako jaialdiarekin, 12:00etatik 22:00etara.   Egun osoan zehar, zeramika azoka eta erakusketa egingo dira, Arabako profesional eta artisauen lana herritarrengana zuzenean hurbiltzeko. 

Txalapartak emango dio hasiera egitarauari, eta jarraitzeko, honakoak izango dira: Anankek eta La Pulga taldeen emanaldiak Ur, aire, lur eta su ikuskizuna, Rakú-ren zuzeneko erakustaldia (jatorri japoniarreko zeramikazko egosketa teknika, labetik pieza goriak atera ondoren material erregaiekiko erredukzioa ezaugarri duena) eta Ikigairen dantza ikuskizun eskaintza. 

Jardunaldia 22:00etan amaituko da, zeramikazko piezen zozketarekin

Azokak eta emanaldi artistiko hauek jendearentzako egunik irekiena osatuko dute, zeramika eta eskulangintza garaikidea herritarrengana hurbilduz eta lurraldeko sortzaileen eta profesionalen lana ikusgarri jarriz.

Zinema zeramikoak bost eguneko programazioa itxiko du

ALE! urriaren 12an amaituko da Artium Museoan, CICEMA, Cinema Ceràmic de Manises jaialdiarekin lankidetzan antolatu den zineforum zeramikoko saio batekin. 10:00ak eta 12:00ak bitartean, zinemaldian irabazle suertatu diren filmen sorta bat proiektatuko da, eta 12:00ak eta 14:00ak bitartean zineforum bat egingo da, jendearentzako irekia. 

Sarrera librea izango da edukiera bete arte. 

Nahiz eta lehenengo edizio honetan zeramika izan protagonista, artisautzari eta lanbide artistikoei buruzko ikuspegi zabalago batekin sortu da ALE!. Arte eta Lanbide Eskolak plataforma gisa bultzatzen du proiektua, ezagutzak transmititzen laguntzeko, sorkuntza garaikidea publiko berrietara hurbiltzeko, ikasleen eta profesionalen arteko loturak indartzeko eta Arabako artisau sareari ikusgarritasuna emateko.

Asmoa da topaketak jarraikortasuna izan dezan eta etorkizuneko edizioetan beste diziplina eta lanbide artistiko batzuetan jartzea arreta, pixkanaka lurraldearen sorkuntzari, prestakuntzari eta ondareari lotutako hitzordu egonkor bat finkatuko delakoan. 
 

Enplegua, Merkataritza, Turismoa eta Foru Administrazioaren foru diputatua

Prentsa oharra

Jaitsi