Angosto celebra el proximo domingo 6 de septiembre su 33 Feria Agroganadera en las campas del Santuario - arabapress
Angostok irailaren 6an, igandean, ospatuko du Angostoko Santutegiko zelaiguneetan 33. Nekazaritza eta Abeltzaintza azoka
Añanako Landa Garapen Elkarteak gure eskualdean belaunaldi-erreleboaren beharra azpimarratu nahi izan du. Horretarako, Angostoko Azokaren harira, hainbat jarduera antolatu ditu: txikientzako tailerrak, Kulkiren herri kirolak, bertso-saioak eta Boilurrek eskainiko duen tokiko produktuaren dastaketa, besteak beste

Datorren irailaren 6an, igandea, Angostoko Santutegiaren ingurua berriro ere izango da Añanako Landa Garapen Elkarteak antolatutako nekazaritza eta abeltzaintza azokaren agertokia. Aurten 33. Edizioa ospatuko da.
Arabako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren, Vital Fundazioaren, Añanako Kuadrillaren, Gaubeako Udalaren, Villañaneko Administrazio Batzarraren eta Pasionisten Guraso Elkartearen laguntza duen azokaren helburu nagusia hauxe da: Añanako Eskualdean eta inguruan kontsumorako produktuak ekoizten, hazten eta lantzen dituzten nekazarien, abeltzainen eta artisauen lana herritarrei ezagutaraztea.
Azokaren izaera abeltzaina eta tokiko artisau-produktuen balioa agerian uzteko asmoz, bertaratzen direnek bertako abere-arrazak (behiak, zaldiak, ardiak eta ahuntzak) gertutik ezagutzeko aukera izango dute. Horrez gain, barazkiak, lekaleak, gaztak, marmeladak, zukuak, eztia, hestebeteak eta haragiak, olioa, txakolina eta antzeko produktuak erakutsi eta saltzeko postuak bisitatu ahal izango dituzte.
Halaber, zeramika, ehungintza, egurra eta bestelako materialak lantzen dituzten artisauen lana ere ezagutzeko aukera izango dute.
Bestalde, Añanako Landa Garapen Elkarteak jarduera ugari antolatu ditu, adin guztietako pertsonek jaigiroko egunaz goza dezaten. Besteak beste, honako hauek izango dira: tokiko produktuekin sukaldaritza tailerra txikientzat (Salcedoko “Tierra, Papel y Tijera”ren eskutik), artilea kardatzeko eta xaboiak feltroz estaltzeko tailerra, “Kulki Herri Kirolak” taldearen artzainen herri kiroletako jarduera eta bertso-saioa.
13:30etik aurrera, bertaratzen direnek Boilurrek eskainitako terreña behi-haragiaren dastaketaz gozatzeko aukera izango dute.
Pasionisten Guraso Elkarteak hainbat ospakizun erlijioso egingo ditu Angostoko Andre Mariaren Santutegian, eta goiz osoan zehar Gesaltza Añanako txarangak girotuko du azoka.
Gure lurrak bizitzeko aukerak eskaintzen dituela erakusten jarraitu nahi dugu.

