Kultura | 2024 11 14

Arabako Artxiboak hiru argazki bilduma garrantzitsu jaso ditu dohaintzan

  • "Juan Cortazar", "Lopez de Guereñu Iholdi" eta "Jose Antonio Dominguez" bildumek 1948tik 1993ra arteko laurogei mila argazki baino gehiago dituzte, hirurek batera

Gasteiz, 2024ko azaroaren 14a. Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak Arabako Foru Aldundiarentzako hiru argazki bilduma garrantzitsuren dohaintza sinatu du gaur. Bildumak Arabako Artxiboaren funtsetara batuko dira, modu iraunkorrean kontserbatzeko.

  • "Gerardo Lopez de Guereñu Iholdi" bilduma (1928-1989) bere seme-alaba Zuriñe eta Xabierrek eman dute dohaintzan, eta 50.000 negatibo eta diapositiba inguru biltzen ditu, Arabako etnografiaren ikertzaile eta dibulgatzaile nabarmen horrek eginak, bere aita Gerardo López de Guereñu Galarragaren lanari jarraipena emanez.

  • "Juan Cortazar Larrea" bilduma (1924-1999) bere seme Patxik dohaintzan emana da, eta tokiko eraikitzaile eta mendigoizale horren interes handiko 30.000 negatibo eta diapositiba baino gehiago biltzen ditu. Herri eta paisaien argazkilaritzaren zale izan zen, eta 1974an Everesterako Tximist espedizioan parte hartu zuen.

  • Azkenik, “Jose Antonio Dominguez” bildumak Arabako eta Trebiñuko herri guztien 1991tik 1993ra bitarteko ikuspegi orokorrak biltzen ditu, eta txikiagoa da aurrekoak baino (1.799 argazki).

Irudi horiek guztiek balio handia dute naturagune, landagune eta hiriguneen XX. mendearen bigarren erdialdeko bilakaera aztertzeko, ez bakarrik Araba, Euskadi eta Nafarroakoena, baita Espainiako beste probintzia askotako guneena ere. Argazkietan hiriak zein toki txikiak agertzen dira, hala nola jauregiak, baserriak, elizak eta baselizak, zubiak, gurutzadurak, bolatokiak, garbitokiak eta abar.

Dohaintzak aurkezteko ekitaldian parte hartu dute Pepe Sainz Arabako Artxiboko Zerbitzuaren buruak eta Patxi eta Txetxu Cortazar eta Jose Antonio Domínguez dohaintza emaileek.

Ana del Valek eskerrak eman dizkie emaile guztiei Arabako ondare historikoa aberasteko izan duten eskuzabaltasunagatik eta konpromisoagatik: "Dohaintza horiek oparia dira gure lurralderako; izan ere, gure iraganaren gaineko ezagutza handitzen dute, eta gure kultura ondarearen aberastasunaren erakusgarri dira. Arabako Foru Aldundiko Kultura Sailaren konpromisoa izango da bai etorkizunean zainduko dela bermatzea, bai haren berri zabaltzea, egileek egindako lanaren garrantzia ezagutu dadin."

Gaurtik aurrera, hiru bilduma horietako hogei mila irudi egongo dira eskuragarri Photo-Araban, Arabako Artxiboaren Interneteko atarian. Photo-Araba 2022ko ekainaz geroztik dago funtzionamenduan, eta dagoeneko 187.000 irudi baino gehiago zabaldu ditu modu librean eta doan.

Photo-Araba

Halaber, Photo-Arabak bi erakusketa birtual inauguratu ditu gaur, zeinek bilduma berri horietako materiala erabiltzen baitute.

  • Lehenengoan, Eloisa Navajasek egindako "Ibilaldi bat Aldecoarekin" erakusketan, Ignacio Aldecoaren gaztetako argazki argitaragabeak bildu dira, Cortazar bilduman gordetzen direnak. Erakusketan Arabako Artxiboko beste bilduma batzuetako lanak ere baliatu dira, irudi eta aipamen literarioen bidez, Gasteizko idazle handi horren ibilbidea erakusteko. Azaroaren 15ean 55 urte beteko dira hura hil zenetik, eta datorren urtean, 2025ean, bere jaiotzaren mendeurrena izango da.

  • Bigarren erakusketak, "Landare ondarea" izenekoak, Gerardo López de Guereñuk Arabako basalandareei ateratako xehetasun argazkiak berreskuratu ditu. Francisco Marquinez erakusketaren egileak irudi horiek alderatu ditu Lorenzo Prestameroren herbario historikokoekin (XVIII. mende amaierakoak), eta lotura bitxia erakutsi du iraganaren eta egungoaren artean, gure lurraldeko landare ondarea dokumentatzeko eta kontserbatzeko moduari dagokionez.

Argibide gehiago, hemen:

Ikusi "Juan Cortazar" bilduma Photo-Araba.eus webgunean:

https://photo.araba.eus/s/photoaraba/item-set/283145

Ikus "López de Guereñu Iholdi" bilduma Photo-Araba.eus webgunean:

 https://photo.araba.eus/s/photoaraba/item-set/283144

Ikusi "Jose Antonio Domínguez" bilduma Photo-Araba.eus webgunean:

https://photo.araba.eus/s/photoaraba/item-set/223055

Ikusi erakusketa hau: Ibilaldi bat Aldecoarekin

https://photo.araba.eus/s/aldecoa/page/hasiera

Ikusi erakusketa hau: Landare ondarea

https://photo.araba.eus/s/silvestre/page/hasiera

Kultura Kultura eta Kirol Saileko foru diputatua Kultura Foru Aldundia

Prentsa oharra

Jaitsi