Kultura | 2024 10 16

Arabako Foru Aldundiak Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen lehenengo estatutuak argitaratu ditu

  • Carlos III.ak 1773an sinatutako errege zedularen kopia bat da

  • Dokumentuaren jatorrizkoa, duela 250 urte Gasteizen inprimatua, Arabako Artxiboan egongo da ikusgai hilabetez

Gasteiz, 2024ko urriaren 16a.1773ko abuztuaren 10ean, Karlos III.a erregeak, errege zedula baten bidez, Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen behin betiko estatutuak onetsi zituen. Dokumentu hori 1774an inprimatu zuten lehen aldiz Gasteizen, Tomás Robles inprimategian. 

Horren oroitzapena egiteko, Arabako Foru Aldundiak, Artxibo Zerbitzuaren eta Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen bitartez, Karlos III.ak sinatutako jatorrizko eskuizkribuaren eta lehen inprimaketaren faksimile erreprodukzio bat argitaratu du.

Kultura Ministerioak ere lagundu du lan horretan, eta gaur aurkeztu dute Arabako Artxiboan Kultura eta Kirol Saileko foru diputatu Ana del Valek, Artxiboko eta Dokumentuak Kudeatzeko Zerbitzuaren buru Pepe Sáinzek eta Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen zuzendari Amelia Baldeónek.

Ekitaldian parte hartu du, halaber, Camino Urdiainek, obrarekin batera doan azterlan historikoaren egileak, zeinak, ondoren eman duen hitzaldian, dokumentuaren esanahia eta garrantzia azaldu baitie ekitaldira joan diren Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen kideei.

Euskalerriaren Adiskideen Elkartea izan zen Espainiako koroaren agindupeko lurretan sortu zen lehen erakundea, garai hartako nekazaritzaren, merkataritzaren eta industriaren hobekuntzaren bidez ekonomia eta gizartea garatzeko interesa zuten nobleziako, kleroko eta burgesiako pertsonak elkartzeko. Euskalerriaren Adiskideen Elkartea eredutzat hartuta, antzeko dozenaka elkarte sortu ziren Espainia osoan eta Amerikan, eta Europako ideia berriak, arrazionalismo ilustratuari eta liberalismo politikoari buruzkoak, eztabaidatzeko eta zabaltzeko forotzat balio izan zuten.

1785ean Montehermosoko markesa izendatu zuten Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko zuzendari, eta handik aurrera arabar entzutetsuek –haietako batzuk Arabako diputatu nagusi izan ziren– garrantzi handia hartu zuten elkartearen barruan. Horregatik da dokumentua gaur egun Arabako Foru Aldundiaren jabetzakoa.

Agiria Arabako Artxiboan egongo da ikusgai gaurtik azaroaren 18ra, zentroa irekita dagoen ordutegian (astelehenetik ostiralera, 8:15etik 14:30era).

Nahi duen pertsona orok obraren kopia bat eskuratu ahal izango du artxiboaren egoitzan (Zumakadi pasealekua 21) izakinak agortu arte.

Arabako Foru Aldundiaren web orritik ere deskarga daiteke, esteka hauetan:

Kultura Kultura eta Kirol Saileko foru diputatua Kultura Foru Aldundia

Prentsa oharra

Jaitsi