Kultura | 2025 06 18

Arabako museoek haurrentzako doako tailerrak eta bisita gidatuak eskainiko dituzte udan

"Uda museoetan" programaren beste edizio bat jarri da abian jende ororentzat, uztailean eta abuztuan

Gasteiz, 2025eko ekainaren 18a. Arabako Foru Aldundiak "Uda Museoetan" programaren edizio berri bat jarri du abian. Kultura eta hezkuntza arloko proposamen bat da, jende orori zuzendua. Aurten haurrentzako doako tailerrak ere egingo dira uztailean, eta doako bisita gidatuen eskaintzari eutsiko zaio abuztuan bost foru museoetan.

Iazko udan eskaini ez ziren haurrentzako tailerrek beren lekua berreskuratu dute aurten udako programazioan, museo bakoitzaren gaira egokitutako jarduera ludikoekin. 5 eta 12 urte bitarteko umeentzat dira, eta 11:00etatik 13:00etara egingo dira, aldez aurretik izena emanda. Proposamen bakoitza txikiek jolastuz ikasi ahal izateko pentsatuta dago:

• Arte Ederren Museoan, hondartzako palak artea mugimenduan esploratzeko mihise bihurtzen dira, artistaren eta ikuslearen arteko harremanari buruzko gogoeta egiten duen tailer batean.

• Natura Zientzien Museoan, bisitariek ikusiko dute naturak, gizateria baino milioika urte lehenago, arazo teknikoak konpontzen zituela formen eta egituren bidez.

• Arkeologia Museoak makina sinpleen jatorrietara bidaia egiteko gonbita egiten du, eta aztertuko da nola beharrak eta behaketak giza bilakaeran funtsezko izan ziren asmakizunak sortu zituztela.

• Arma Museoan, makinak konkista tresna bihurtuko dira, eta teknologiaren eta boterearen arteko lotura erakutsiko dute.

• Eta Fournier Karta Museoan, karta sorta baten fabrikazioaren atzean ezkutaturik dauden mekanismoak ezagutuko dituzte, prentsetatik trokeletaraino.

Herritar guztientzako bisita gidatuak abuztuan egiten dira batez ere, eta bost foru museoak aste berean bisitatzeko aukera ematen du, asteartetik larunbatera. Ez da beharrezkoa aurrez izena ematea, eta 12:00etan egingo dira, edukiera osatu arte.

Ekimen honen bidez, Kultura eta Kirol Sailak berretsi egiten du ondarea zabaltzeko eta kulturara iristeko konpromisoa, batez ere udan. Programazio osoa museo bakoitzaren webgunean ikus daiteke.

Kultura Berria

Documento

Jaitsi