2025eko Arabako Jaietako ekitaldi ofizialak pregoiarekin hasiko dira - prentsa
2025eko Arabako Jaietako ekitaldi ofizialak pregoiarekin hasiko dira
San Prudentzioren eta Estibalizko Andra Mariaren ohorezko jaiak Isabel Mellénen pregoiarekin hasiko dira
Musika kontzertuak, gastronomia lehiaketak eta Gasteizko danborradaren 50. urteurrenari egingo zaion omenaldia egingo dira apirilaren 27a baino lehen

Gasteiz, 2025eko apirilaren 23a. Bihar, apirilaren 24an, hasiko dira San Prudentzioren eta Estibalizko Andra Mariaren omenezko 2025eko Arabako Jaietarako programatutako ekitaldiak. Festak iragartzeko pregoiak emango die hasiera jaiei, bihar 20:00etan, Probintzia plazan. Kokapen hori 2022an estreinatu zen, herritarrengana gehiago hurbiltzeko asmoz.
Pregoiaren protagonista Isabel Mellén Rodríguez izango da, arabar filosofoa, artearen historialaria eta idazlea, Arabako arte erromanikoan espezializatua eta emakumeek Erdi Aroan kulturaren eta ondare artistikoaren eremuetan betetzen zuten zereginean.
Josune Vélez de Mendizabalek aurkeztuko du pregoia, eta, ondoren, Aldakan taldearen kontzertua egongo da, musika proposamen ausartarekin, erritmo desberdinak biltzen dituena, besteak beste, Cumbia, Merengue edo Mambo.
Apirilaren 27ko erretretaren eta danborradaren aurreko egunak ere jardueraz beteta datoz. Apirilaren 25ean, ostirala, musikak girotuko du Gasteizko erdigunea, Los 40 Classic-en kontzertu batekin, “La clásica fiesta ochentera”, Jorge Sánchez DJ eta esatariaren eskutik. Probintzia plaza dardaraziko du belaunaldien arteko ereserkiz eta pop nostalgiaz betetako ikuskizun batekin. Ikusle guztientzako festa handi bat.
Larunbatean, hilak 26, gastronomia lehiaketetako zaporeak, usainak eta lehengai bikainak izango dira nagusi. Arabako janari tipikoen lehiaketa, Arabako Errioxako ardoaren dastaketa lehiaketa, txistorra pintxoen banaketa eta sari banaketa egingo dira.
10:00etatik 15:00etara, Arabako Kuadrillen eta Trebiñuko Enklabearen erakusketa tradizionala egingo da: produktuen erakusketa, eskaintza turistikoa, ibilbideak, gastronomia eta Haize Dantza Taldearen dantzak, Arabako Dantzarien Biltzarrak antolatuak.
Agertoki berean, Probintzia plazan, oso ospakizun berezia egingo da: Arabako Aldundiak Ametza Elkarteari eta mende erdi honetan danborradaren aitzindari izan diren beste sozietate batzuei egin nahi dien omenaldia, Danborradaren 50 urteurrena dela eta. 12:30ean izango da.
Fanfarreak ere bilduko dira, eta goiz osoan zehar kalejirak egingo dituzte hirian zehar: Kilkir, Ezberdinak, Aramangelu, Biotzatarrak, Izenbarekuak eta Kirrinka.
Arratsaldean, 19:00etatik 21:00etara, Jare Dantza Taldeak festarako deia egingo du, Probintzia plazatik Loma Jeneralaren plazara kalejiran.
Azkenik, eguna amaitzeko, 21:30ean Tributo a Queen kontzertua egongo da, eta 00:00etatik aurrera Rosa Mari DJaren musika, Blusen eta Nesken Batzordeak antolatua.
Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuarentzat, "alaitasunez, umorez, dantzaz, musikaz, tradizioz eta belaunaldi guztientzat pentsatutako jarduerez gozatuko dugu, helburu komun batekin, guztiok 2025eko Arabako jaiez gozatzea alaitasunez, giro onez eta ondo pasatuz".