Bide azpiegiturak | 2025 03 24

Armiñongo lotunetik Armiñonera eta Estavillora sartzeko sarbidea itxita, martxoaren 26tik apirilaren 15era

A-1 eta AP-1 errepideen arteko lotunean egun errei bakarra dago Burgoserako noranzkoan, eta beste bat egingo dute, bi izan daitezen.

Ibilbide alternatiboa Argantzongo lotunearen, CL-127 errepidearen eta lehengo N-1 errepidearen bidezkoa izango da.

Gasteiz, 2025eko martxoaren 24a.- Armiñongo lotunearen Gasteiz/Mendebaldeko glorieta adarra, Arabako Armiñon eta Estavillo udalerrietarako sarbidea dena, itxita egongo da martxoaren 26tik, asteazkena, apirilaren 15era, asteartea, A-1 eta AP-1 errepideen arteko lotunean beste errei bat egiteko obrak gauzatzeko eta, hala, etorkizunean bi errei izateko. Lotunea hobetzeko proiektuan dago jasota itxiera hori.

A-1 autobideko galtzadatik Gasteiztik datozen autoek, Armiñon eta Estavillo udalerrietara sartzeko, Trebiñuko Konderriko Argantzongo lotunea (334 irteera) erabili beharko dute, Armiñongo lotunea itxita dagoen bitartean, eta CL-127 errepidea hartu, N-1 errepide zaharrera iristeko, eta errepide hori erabiliz sartu ahal izango dira aipatutako bi herrietara.

Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Sailak itxiera aldiaren eta ibilbide alternatiboaren berri eman die Armiñongo Udalari, bai eta Estavilloko, Armiñongo eta Manzanosko administrazio batzarrei ere, ahalik eta gehien zabal dezaten informazioa.

Aipatutako errepidea ixteko beharrezko lanak egiteko, A-1 errepideko Irun-Madril galtzada erabat itxiko dute Argantzongo lotunearen (334. irteera) eta Armiñongo lotunearen (328. irteera) artean, biharko (martxoak 25, asteartea), 22:30ean hasita, martxoaren 26ko (asteazkena) 5:30 arte. Itxierak iraun bitartean, trafikoa CL-127 errepidetik desbideratuko dute, errepide hori lehengo N-1 errepidearekin elkartzen den tokiraino, eta handik Armiñongo lotuneraino bideratuko dute.

Gaueko itxiera horrek iraun bitartean, zirkulazioa erregulatzeko seinaleak jarriko dituzte, azken asteetan zenbait aldiz egin duten bezala.

Bide azpiegiturak Foru Aldundia

Prentsa oharra

Jaitsi