Foru Aldundia | 2025 02 13

Foru Aldundiak eta Nafarroako Gobernuak adostu dute Eskualdeko Garraioak zerbitzu ematea Marañon, Cabredo eta Genevilla herriei

Martxoaren 1etik aurrera hasiko da, 19B Kanpezu-Bernedo linearen bidez

Gasteiz, 2025eko otsailaren 13a. Eskualdeko Garraio Zerbitzuaren Kanpezu-Bernedo 19B lineak geldialdiak egingo ditu Marañon, Cabredo eta Genevilla Nafarroako herrietan datorren martxoaren 1etik aurrera, hiru gune horietan bizi diren pertsonen mugikortasuna errazteko beren erreferentziazko herri den Santikurutze Kanpezura, oinarrizko zerbitzuetarako.

Arabako Foru Aldundiak eta Nafarroako Gobernuak laster gehigarri bat erantsiko diote bi erakundeek lankidetzan arituta arabarrei eta nafarrei herri arteko kalitatezko garraio publikoko zerbitzua eraginkortasunez eta efizientziaz emateko 2021ean sinatu zuten hitzarmenari.

Hitzarmen horri esker, Gasteiz eta Agurain arteko ibilbidea Arabako hiriburua Araiarekin lotzen duen Alavabus 5. linean sartu ahal izan zen, besteak beste.

Gehigarriak jasotzen duenez, martxoaren 1etik aurrera Arabako Foru Aldundiaren Eskualdeko Garraio Zerbitzuaren Kanpezu-Bernedo 19B linean geldialdi gehiago egingo dira; hain zuzen ere, Nafarroako Marañon, Cabredo eta Genevilla udalerrietan, udalerri horien eta Santikurutze Kanpezuren arteko eguneroko mugikortasun beharrei erantzuteko.

Linea horren maiztasunak hobetzea ere jasotzen du, bidaia bat gehiago eginez arratsaldeetan norabide bakoitzeko; hartara, bidaien guztizkoa norabide bakoitzeko bi izan beharrean hiru izango da martxoaren 1etik aurrera.

Hitzarmenaren aldaketa hori interes publikoko arrazoiengatik egin da, bai eta Nafarroako hiru herri horietako bidaiarien garraio publikoaren kudeaketaren eraginkortasunagatik eta efizientziagatik ere; izan ere, Arabatik oso hurbil daudenez, Arabako Santikurutze Kanpezu daukate erreferentzia herritzat, zerbitzu publikoak (medikua, administrazio kudeaketak eta abar) eskuratzeari begira.

Nafarroako Gobernuak bere gain hartuko du Marañon, Cabredo eta Genevillako bizilagunentzako zerbitzuaren kostua, eta Arabako Foru Aldundiari ordainduko dio. Kalkuluen arabera, herri horietako 300 pertsonak erabiliko dute urtero eskualdeko garraioaren 19B linea, eta pixkanaka 400era igo ahal izango da.

Eskualdeko Garraioa da Arabako landagune txikiak beren erreferentziazko herriguneekin lotzen dituen foru garraio zerbitzua, non oinarrizko zerbitzuak baitaude: Alavabuseko geralekua, ikastetxeak, osasun zentroak, toki erakundeen egoitzak, kirol instalazioak, eta abar. 2024an 95.000 pertsonak erabili zituzten lineak, 2023an baino % 31 gehiagok.

Gehigarri hori adosteaz gain, Arabako Foru Aldundiak eta Nafarroako Gobernuak hitzarmena lau urtez luzatuko dute datozen egunetan, 2029ra arte. Horrela, bi administrazioek elkarlanean jarraituko dute herritarrei kalitatezko garraio publikoko zerbitzua eskaintzeko helburu partekatuan.  

Foru Aldundia

Prentsa oharra

Jaitsi

Eskualdeko garraioa

Jaitsi