Foru Aldundia | 2026 11 27

Arabako eskola-kiroleko taldeen % 58k euskaraz egiten dute jarduera

Marka eta Erronka Kirolean topaketaren bosgarren edizioan eskola-kirolaren hizkuntza-egoera aztertu da, eta kirol-erakundeentzako eta entrenatzaileentzako baliabide praktikoak biltzen dituen gida aurkeztu da

Vitoria-Gasteiz, 2026ko azaroaren 27a.  Arabako eskola-kiroleko taldeen % 58k euskaraz egiten dute jarduera. Hala ondorioztatzen da 2025-2026 ikasturteko datuetatik. Ikasturte horretan, guztira, 22.731 eskola-umek hartu zuten parte lurralde osoko 1.716 talde biltzen dituzten 245 kirol-erakundek antolatutako jardueretan.

Eskola-kirolean euskarak duen presentzia izan da Marka eta Erronka Kirolean topaketaren bosgarren edizioaren ardatza. Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak eta Arabako Kirol Federazioen Elkarteak (AFDA) bi urtean behin antolatzen duten topaketa azaroaren 19an egin zen, Europa Biltzar Jauregian.

Jardunaldiak aukera eman du esparru horretan nola kudeatzen den hizkuntzen erabilera eskola kirolean, bereziki, indarguneak eta hobetu beharreko alderdiak identifikatzeko eta haur eta gazteen artean, ikasgelatik kanpo ere, euskararen erabilera sustatzeko esperientziak eta tresnak partekatzeko. Izan ere, haurrek euskaraz badakite, entrenatzaileek ere bai, baina D ereduko ikasleen %30 erdarazko taldeetan dago izena emanda, eta, paradoxikoki, erdarazko talde gehienetan entrenatzaileak euskaraz badaki. 

Araban, 5 eta 19 urte bitarteko biztanleen % 80k euskaraz daki, eta beste % 17k ulertzen du. Egoera soziolinguistiko horrek agerian uzten du eskola-kirolak duen ahalmena handia dela euskararen ezagutzatik eguneroko erabilerara jauzi egiteko, bereziki berdinen arteko harremanetan eta aisialdiko jardueretan.

Euskararen presentzia, ordea, aldatu egiten da kirol-modalitatearen arabera. Multikirolean eta euskal pilotan euskaraz antolatutako taldeen ehunekoa % 90era iristen den bitartean, saskibaloian % 58koa da, futbolean % 48koa eta gimnasia erritmikoan % 46koa. Jakina da futbolaren indargunea handia dela kirol esparruan, eta Eskola Kirolean ere, bai, hau da, badago zer hobetua eskaintzan, izan ere, futbola izanik kirol nagusia Eskola Kirolean, eskaintzan euskara gutxien duena da: mutilen jardueretan euskara %44ra jaisten da Haur mailan. Bestalde, nabari da euskararen presentzia handiagoa dela guraso-elkarteek antolatutako jardueretan kirol-klubek sustatutakoetan baino.

Kirola, sozializaziorako gune
Topaketan eskola-kirolaren hezkuntza-balioa, entrenatzaileek hizkuntza-erreferente gisa duten zeregina eta entrenamenduek, lehiaketek zein taldekideen arteko harremanek euskara eguneroko bizitzan modu naturalean txertatzeko eskaintzen dituzten aukerak aztertu dira.
Horretarako, Aztikerreko, Arabako Foru Aldundiko Kirol Zerbitzuko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Estrategiako Zerbitzuko profesionalen ekarpenak jaso dira, baita Oinherri, Kirolean eta Emun erakundeetako ordezkarienak ere.

Jardunaldian, halaber, Urrezko Kirolariak programako Sara Jiménez de Aberasturi eta Aratz Ramos kirolarien esperientzia pertsonalak ezagutzeko aukera izan da, kirola lehen pertsonan bizi dutenen ikuspegia bertaratutakoei hurbilduz.

Eskola-kirolerako gida praktikoa
Topaketaren esparruan, Eskola Kirola. Kirola eta askoz gehiago gida ere aurkeztu da, kirol-klub, kirol-elkarte, koordinatzaile, entrenatzaile eta familiei zuzendutako argitalpena.

Dokumentuak hainbat jarraibide jasotzen ditu kirol-erakundeen kudeaketan hizkuntza-irizpideak txertatzeko, euskara-planak egiteko, entrenamenduetan euskararen erabilera sustatzeko eta euskarazko komunikazioa errazteko. Era berean, eskola-kiroleko eragileen eskura dauden zerbitzu, laguntza eta hizkuntza-baliabideei buruzko informazioa eskaintzen du.

Gida, Marka eta Erronka Kirolean topaketaren bosgarren edizioko dokumentazioarekin eta hitzaldiekin batera, www.euskaraba.eus atarian dago eskuragarri.

Foru Aldundia Euskara

Prentsa oharra

Jaitsi