ArabaClick anbiziotsuenak Lurraldera egin du jauzi eta 64 artistaren argazkiak bilduko ditu 17 gunetan - arabapress
ArabaClick anbiziotsuenak Lurraldera egin du jauzi eta 64 artistaren argazkiak bilduko ditu 17 gunetan
ArabaClick VIII. Argazki Jaialdiak erakusketa sare zabala, prestakuntza bekak, sari ekonomikoak eta urriaren 31n ARKABIAn egingo den sari banaketa gala programatu ditu
Berrikuntza historikoa dakar, jaialdia Gasteiztik aterako da, argazki talentua Guardiara, Dulantzira eta Gorbeiako nahiz Valderejoko interpretazio-zentroetara eramateko

Vitoria-Gasteiz, 2026ko urriak 1.- Hamazazpi erakusketa-gunek 64 artistaren lana izango dute ikusgai urrian eta azaroan, ArabaClick VIII. Argazki Jaialdiaren barruan. Araban erabat finkatuta dagoen argazkigintza-jaialdi hori Revelare Kolektiboak antolatu du, Vital Fundazioa babesle nagusi duela eta Arabako Foru Aldundiaren, Gasteizko Udalaren, Jardín Remoto argazki eskolaren eta FTG - Gorbeia 41 kulturgunearen laguntzari esker.
Ekitaldia gaur aurkeztu dute ARKABIAn Sandra Remón Revelare kolektiboaren ordezkariak, Arantxa Ibáñez de Opacua Vital Fundazioko zuzendariak, Ana del Val Kultura eta Kiroleko foru diputatuak eta Gaizka Uraga Gasteizko Udaleko Kultura zuzendariak.
Lurralderako jauzia eta areto gehiago
Zortzigarren edizio honetako berrikuntza nagusia honakoa da, ArabaClickek probintziara egin du jauzi, zazpi urtez erakusketak Arabako hiriburuan kontzentratu ondoren. Gizarteratzeko bokazio argia duenez, jaialdiak bere erakusketa sarea zabaldu du, eta hautatutako argazkiak Guardiako Garcetas Etxean, Dulantziko Micaela Portilla Kultua Etxean, eta Gorbeiako nahiz Valderejoko parke naturalen interpretazio zentroetan, Sarrian eta Lalastran, hurrenez hurren, izango dira ikusgai.
Gasteizen ere gora egiten ari da jaialdia, kultura dinamismo handiko areto gehiago erabiliko ditu-eta, hala nola FTG Galeria (Gorbeia kalea, 41), Kordoi Etxea (Aiztogile kalea, 24) eta Izaskun Arrue Kulturunea-IAK Kultura Etxea (Errementari kalea, 30).
Amarika Areto enblematikora itzultzea
Aurtengo beste mugarri nagusietako bat ArabaClick erakusketa Amarika Aretora itzultzea da. Areto horretako hormetan Oihana Garitano ArabaClick 2025eko super beka irabazi zuen artista bisualaren erakusketa egongo da ikusgai – urte oso batez Gustavo Bravo ArabaCliceko zuzendari artistikoaren zuzendaritzapean egon ondoren hazi eta ondu egin den proiektua –, baita Arabako beste 18 artista nabarmenen lanak erakusteko diseinatutako erakusketa kolektibo handia ere.
Zeharka, tamaina, formatu eta estandar goreneko kalitateen aldeko apustu integralari eutsi dio lehiaketak, baita zero kilometroaren bermeari ere, lanen % 100 Arabako Lurralde Historikoan inprimatuko baita. Formatu handiko argazkiak eta panoramikoak argazki-paper profesionaletan eta tinta ultrachrome delakoa erabiliz inprimatuko dira, FTG - Gorbeia 41ean, denboran iraungo dutela bermatzeko, etorkizunean Lurraldean zehar txandaka egingo diren erakusketetan erabiltzeko eta jaialdia egile bakoitzaren proiektu artistikoetara egokitzeko.
Sari banaketaren gala
Datorren urriaren 31n, ARKABIAko Auditorioan ArabaClickeko gala nagusia egingo da. Komunitate-ekitaldi horretan, Jardín Remoto argazki-eskolan burutuko diren sei prestakuntza-bekak zein lanek irabazi dituzten jakinaraziko da (bost beka orokor eta proiektuaren zuzendaritza eta ArabaClick 2027an bermatutako bakarkako erakusketa barne hartzen dituen super beka bat) eta edizio honetako sari ekonomikoak jasoko dituztenen izenak ere jakinaraziko dira.
Era berean, Revelare Saria banatuko da, argazkigintzari bizitza eskainiz aztarna ezabaezina utzi duten arabar ospetsuen ibilbidea eta ondarea aitortzen duen omenaldi hunkigarria. Sari hori 2026ko edizioan sortu zen, eta aurten bigarren aldiz emango zaio galan jakinaraziko den pertsona bati.
Informazio gehiago https://www.colectivorevelare.org/arabaclick/ webgunean.

