Kultura | 2026 10 01

Arabako Artxiboak Interneteko kontsulta- eta hedapen-atari berria estreinatu du

Plataforma berriak toki bakar batean biltzen ditu Artxiboko dokumentu-funtsak eta -bildumak, eta haren hedapen birtuala errazten du

Vitoria-Gasteiz, 2026ko urriaren 1a. Ana del Val Kultura eta Kiroleko foru diputatuak «Arabako Artxiboa / Archivo de Álava» ataria aurkeztu du gaur. Interneteko plataforma berri horrek toki bakar batean biltzen du Arabako Foru Aldundiko Artxiboko eta Dokumentuak Kudeatzeko Zerbitzuak gordetzen dituen dokumentu funts eta bildumen informazioa.

Atari berria software librearekin egin da, eta Arabako Artxiboak 2019an Foru Aldundiak aurreko bi probintzia artxiboen kudeaketa (Probintziako Artxibo Historikoa eta Lurralde Historikoko Artxiboa) bateratu zuenetik garatutako hedapen proiektu nagusia da. Plataforma berriak integrazio prozesu hori bera helarazten dio Interneti.

Arabadok zaharra ordezkatzen duen atariak autonomia eta malgutasun handiagoa emango dio Artxiboari gordetzen dituen eskuizkribuak, mapak, planoak, kartelak edo partiturak argitaratzeko. Gainera, dibulgazio modu berriak garatu ahal izango ditu –erakusketa birtualak, adibidez– herritarrei modu erakargarrian hurbiltzeko Arabako dokumentu ondarearen balioa. Plataforman argitaratutako edukiak beste informazio sistema batzuek partekatu eta berrerabili ahal izango dituzte, eta Foru Aldundiaren gordailu digitalean eta beste kultura atari batzuetan sartuko dira, hala nola Euskarianan.

Ana del Valek nabarmendu duenez, "atari hau beste urrats bat da Arabako Artxiboa modernizatzeko prozesuan, gero eta gehiago eta hobeto hedatzen baitu arabarrok daukagun dokumentu ondare aberatsa".

Proiektua Kultura eta Kirol Sailaren estrategiaren parte da –Arabako 2023-2028ko Kultura Planaren bidez–, Arabako herritarren eskubide digitalak bermatzeko eta zabaltzeko. Ildo horretan, Arabako Artxiboak Photo-Araba ere mantentzen du, Lurralde Historikoko argazki ondarearen hedapenari berariaz eskainitako ataria. 

«Arabako Artxiboa / Archivo de Álava» ataria hemen dago eskuragarri: https://artxibo.araba.eus 


 

 

Kultura Kultura eta Kirol Saileko foru diputatua

Prentsa oharra

Jaitsi