Kultura | 2024 12 05

Arabako Artxiboak eta Natura Zientzien Museoak Lorenzo Prestameroren herbario historikoa digitalizatu eta argitaratu dute

XVIII. mendeko bitxi botanikoa, gaurtik aurrera Photo-Araban eskuragarri

 

Arabako Foru Aldundiak Prestameroren ondarea ospatuko du oroitzapenezko egutegi batekin

Gasteiz, 2024ko abenduaren 5a. Kultura eta Kiroleko foru diputatu Ana del Valek Lorenzo Prestameroren Herbario Historikoaren digitalizazio osoa aurkeztu du gaur. Herbario hori XVIII. mendeko dokumentu botaniko baliotsua eta Arabako flora aztertzeko erreferentziazko lana da.

2024an, Arabako Artxiboak eta Natura Zientzien Museoak elkarrekin egin dute lan herbarioko landareen katalogoa digitalizatzen eta eguneratzen. Katalogoa mila agirik baino gehiagok osatzen dute, eta haien irudiak Photo-Araba atarian daude eskuragarri.

Ana del Valekin batera, aurkezpenean parte hartu dute Patxi Heras botanikoak eta Pepe Sainz Arabako Artxibo Zerbitzuaren buru eta Photo-Araba atariaren arduradunak. Herasek Lorenzo Prestameroren kultura ondarea goraipatu eta Pedro Mª Uribe-Echebarriaren ikerketa gogoratu du, 2013ko hil osteko lanaren bidez Herbarioaren balio zientifikoa berreskuratu zuena.

Ilustrazioko ondare bat

Lorenzo Prestamerok 1780tik 1800era bitartean egin zuen herbario horrek 609 landare espezie biltzen ditu, Arabako flora baskularraren ia % 25, eta gehienak Arabakoak dira. Haren antolaketa, garai hartan Linneoren sailkapen sistema berrian oinarritua, zorroztasun zientifikoaren adibide da oraindik ere.

Urizaharrean jaio zen 1733an, eta apaiz ilustratu bat izateaz gain arkeologo, historialari eta naturalista gisa nabarmendu zen.  Euskalerriaren Adiskideen Elkarteari lotuta egon zen eta proiektu aitzindariak bultzatu zituen, hala nola Gasteizko lehen lorategi botanikoa. Haren lanak ezagutzarekiko eta zientziarekiko grina islatzen du.

Photo-Arabako sarbidea eta 2025eko oroitzapenezko egutegia

Ana del Valek azpimarratu duenez, "Prestameroren Herbario Historikoaren digitalizazioa urrats garrantzitsua da Arabako ondare zientifiko eta kulturala aberasteko. Proiektu honek indartu egiten du ondarea zaintzeko eta, batez ere, harako sarbidea izateko dugun konpromisoa, titulartasun pribatukoa izan arren, guztiona baita. Ondare historikoa zabaltzea eta hedatzea ezinbestekoa da epe luzera kontserbatzea bermatzeko. Hura ezagutzea da bermerik onena hura baloratu, ulertu eta babesteko. Gizarte informatu batek bere kultura ondarearen balioa aintzatesten du, hura kontserbatzeko baliabideak eskatzen ditu eta haiek erabili ahal izatea exijitzen du".

Azkenik, Herbarioaren argitalpena ospatzeko, 2025eko egutegi bat aurkeztu da, Kultura eta Kirol Sailak argitaratua eta Marta Infantek eta Patxi Herasek egina. Egutegian herbarioko landareen xehetasunak jasotzen dira David Espigak ateratako argazki batzuei esker, lehen begiratuan zaila baitzen landareen xehetasunak ikustea.

Gaurtik aurrera egutegia doan banatuko da puntu hauetan:

  • Arabako Artxiboa (Zumakadi ibilbidea, 21)

  • Natura Zientzien Museoa (Jesusen Zerbitzarien kalea, 24)

  • BIBAT Museoa (Aiztogile kalea, 54).

  • Arte Ederren Museoa (Frai Francisco ibilbidea, 8)

  • Arma Museoa (Frai Francisco ibilbidea, 3)

  • Kultura Etxea (Floridako ibilbidea, 9)

Era berean, posta arruntez doan bidaltzeko eska daiteke, helbide honetan: archivo@araba.eus.

Argibide gehiago, hemen:

Prestameroaren Herbario Historikoa PhotoAraban

Pedro Uribe Echeverriaren El legado botánico de Lorenzo Prestamero (1733-1817) lana deskargatzea

Herbarioari buruzko 2025eko egutegia deskargatzea

Kultura Foru Aldundia

Prentsa oharra

Jaitsi