El Ayuntamiento y la Diputacion Foral de Alava facilitaran de nuevo que la ciudadania estudie euskera - arabapress
Udalak eta Arabako Foru Aldundiak euskara ikastea erraztuko dute
Udalak 732 plaza eskainiko ditu gurasoentzat, 55 urtetik gorakoentzat, atzerritarrentzat eta merkataritza eta ostalaritzako profesionalentzat
Arabako Foru Aldundiak 100.000 euro bideratuko ditu helduen matrikularen kostua murrizteko laguntzetara

Vitoria-Gasteiz, 2026ko irailaren 3a. Ikasturte berria hastearekin batera, Vitoria-Gasteizko Udalak euskara ikasteko prestakuntza-eskaintza aurkeztu du, herritarren profil desberdinei zuzenduta. Guztira, gurasoentzako, 55 urtetik gorakoentzako, atzerritarrentzako eta merkataritzako eta ostalaritzako langileentzako 732 plaza eskainiko dira. Eskolak euskaltegiek emango dituzte Arabako hiriburuko hainbat gunetan, hala nola gizarte-etxeetan, BIZAN sarean eta zenbait ikastetxetan. Ikastaro horietan parte hartu nahi dutenek Herritarren Arretarako Bulegoetan egin ahal izango dute matrikula irailaren 7tik (astelehena) 16ra (asteazkena).
2026-2027 ikasturterako matrikulazio-kanpaina gaur goizean aurkeztu dute Izaskun Arrue Kulturgunean egindako prentsaurrekoan, "Euskara arnasgune bihurtu" lelopean. Bertan izan dira María Nanclares Euskara zinegotzia, Iñaki Gurtubai Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako foru-diputatua eta Imanol Miranda euskaltegien ordezkari eta IKAko zuzendaria.
Nanclaresek Gasteizen euskararen ikaskuntzari dagokionez bizi izan den bilakaera azpimarratu du, izan ere, “80ko hamarkadan, gure hiriko euskaldunen ehunekoa % 3,5ekoa zen eta gaur egun % 30 ingurukoa da. 45 urtean hamar aldiz biderkatu da”. Era berean, azaldu duenez, “ikastaro horiekin, Udalak euskara ikastea errazten jarraitzen du, eta eguneroko bizitzako profil eta esparru desberdinetara hurbiltzen. Erronka aurrera egiten jarraitzea da, gero eta pertsona gehiagok euskara beren egunerokoan txertatu ahal izan dezaten”.
Udal-eskaintza
Aurten, aurreko ekitaldietan eskainitako lau ikastaro-modalitateei eutsiko zaie:
1. Gurasoentzako ikastaroak. Familia esparruaren baitako hizkuntzarekin lotutako alderdi praktikoak ikasiko dituzte eta, gainera, haien seme-alaben eskolako ikasketa indartu ahal izango dute. HABEk homologatutako 166 orduko ikastaroak izango dira eta gizarte-etxeetan eskainiko dira, pertsona bakoitzaren etxetik gertu. Gainera, kontziliazioa errazten duten ordutegiak izango dituzte. 160,65 eurokoa da ikasturte osoko matrikula arruntaren prezioa. Matrikula murriztua 127,35 eurokoa da ikasle berrientzat eta aurreko ikasturtean % 80ko asistentzia edo handiagoa izan zutenentzat. Langabetuen kasuan, gainera, % 15eko hobaria gehituko da.
2. 55 urtetik gorakoentzako ikastaroak. Hizkuntza hutsetik ikasten hastea eta eguneroko bizitzan moldatu ahal izateko lehen ezagutzak barneratzea ahalbidetzen du programak. Hamahiru ikastarotik lau BIZAN sareko zentroetan eskainiko dira (zehatzago esanda, hauetan: Abetxuku, San Martin, Txagorritxu eta San Prudentzio). Ikastaroaren kostua 55,60 eurokoa izango da (90 ordu).
3. Jatorri atzerritarra dutenentzako euskarazko ikastaroak (AISA). Ikasleek oinarrizko hiztegia ikasiko dute. Hiru talde eskainiko dira Montehemoso kulturunea, Landatxo gizarte-etxean eta Landazuri kiroldegian. Horren helburua da pertsona horiek, ikastaroa egin ostean, hasierako mailako (A1) taldeetan sartu ahal izatea. Matrikularen prezioa 10,35 eurokoa da hiruhileko bakoitzeko (60 ordu).
4. Merkataritzan eta ostalaritzan lan egiten dutenentzako ikastaroak. Ahoz komunikatzen eta euren establezimendurako informazio idatzia prestatzen ikasiko dute, hala nola errotuluak, eskaintzak eta oharrak, beste batzuen artean. Hasierako maila eta haien eskolatze-prozesua euskaraz egin dutenentzako beste ikastaro bat eskainiko dira. Matrikula 51,35 eurokoa izango da (60 ordu/lauhilekoa). Gainera, gaur egun langabezia-egoeran egonez gero, % 15eko hobaria aplikatu ahal izango da.
Ikastaroak antolatzeaz gain, euskara ikastea sustatzeko laguntza ekonomikoak ere eskaintzen ditu Udalak. Aurten, helburu horretara bideratutako kontu-saila 150.000 eurokoa izango da eta 564 eskaera jaso dira.
Arabako Foru Aldundiaren laguntzak
Bestalde, Arabako Foru Aldundiak 100.000 euro bideratuko ditu ikasturte honetan helduei euskara ikastea errazteko, HABEk homologatutako Arabako eta Trebiñuko enklabeko euskaltegietako matrikularen prezioa murrizteko laguntzen bidez. Laguntzen zenbatekoa, ikastaroaren iraupenaren eta modalitatearen arabera, 60 eta 330 euro artekoa izango da, eta 190 ordu edo gehiagoko autoikaskuntza moduluetarako laguntzak ere jasotzen dira.
Iñaki Gurtubai Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako foru-diputatuak azpimarratu duenez, «Arabako Foru Aldundiak 100.000 euro bideratuko ditu helduei euskara ikastea errazteko. Euskara ikasteko urratsa ematea erabakitzen duenarentzat prezioa oztopo izan ez dadin nahi dugu».
Gurtubaik nabarmendu du, halaber, izapideak ikasleentzat ahalik eta errazenak izatea bilatu dela. Eskaera matrikularekin batera egiten da, eta euskaltegiak zuzenean aplikatzen dio dagokion deskontua matrikularen prezioari.
Laguntzak 2026an 18 urte betetzen dituzten edo adin nagusikoak diren pertsonei zuzenduta daude, betiere Araban edo Trebiñuko enklabean erroldatuta badaude eta deialdian jasotako mailetako batean matrikulatzen badira. Eskaerak egiteko epea irailaren 30ean amaituko da.
Eta oharra benetan bateratua izango bada, euskarazko goiburua ere aldatuko nuke. Orain «Udalak euskara ikastea erraztuko du...» hasten da, eta Aldundia kanpoan uzten du.

