Hirigintza, lurraldea eta udalerriak | 2024 11 06

Ramiro González diputatu nagusiak Arabako landa eremuan alokairurako etxebizitza publikoa eraikitzeko sustapen plan bat iragarri du

Araba Garapen Agentziaren bitartez gauzatuko da ekimena, etxebizitza bat izatea errazagoa izan dadin eta, hala, biztanleak landa eremuetan gera daitezen

"Arabako landa eremuan egingo dugu, etxebizitza premia dela eta lurralde orekaz eta kohesioaz arduratzen den erakundearen esku hartzea gomendagarria den herriguneetan", adierazi du Ramiro González diputatu nagusiak

Gasteiz, 2024ko azaroaren 6a. Arabako lurraldean etxebizitza eskuratzeko arazoari aurre egiteko asmo handiko neurri bat iragarri du gaur Ramiro González diputatu nagusiak Arabako Batzar Nagusien kontroleko osoko bilkuran. Datorren urtetik aurrera, Arabako Foru Aldundiak sustapen publikoko alokairuko etxebizitzak eraikitzea bultzatuko du landa eremuan, etxebizitza faltak biztanleak bertan geratzea (bereziki gazteak) eragozten duen udalerrietan biztanleak bertan geratzea ahalbidetzeko.

"Arabako Foru Aldundiak berriz bultzatuko du sustapen publikoko alokairuko etxebizitzak eraikitzea", adierazi du diputatu nagusiak, eta azaldu duenez, "etxebizitza premia dela eta lurralde orekaz eta kohesioaz arduratzen den erakundearen esku hartzea gomendagarria den herriguneetan aplikatuko da neurria". 

Ekimen hori gauzatzeko, Foru Aldundiak ez du administrazio egitura berririk sortuko, eta ez ditu antzinako sozietateak berreskuratuko. "Araba Garapen Agentziaren bidez egingo dugu, egun duen jarduera dela eta erronka berri hori bere gain hartzeko erabat gaituta dagoen erakundea baita".

Etxebizitza horiek eraikitzea bideragarria eta beharrezkoa den udalerriak identifikatzean oinarritzen da estrategia. "Lurzorua non eduki dezakegun aztertuko dugu, proiektuak egin, eta etxebizitzak eraikiko ditugu, eta alokairu babestura bideratu", zehaztu du diputatu nagusiak.

Planaren helburu nagusia da etxebizitza eskuratzeko arazoa modu aktiboan konpontzen laguntzea, eta, aldi berean, biztanleak landa eremuan geratzea sustatzea. "Arazoa konpontzeko eragile aktiboa izan nahi dugu, eta, aldi berean, udalekin lankidetzan aritu beren etxebizitza politiketan", nabarmendu du Ramiro Gonzálezek, eta azpimarratu duenez, "ekimen hori funtsezkoa da herritarrak herrietan gera daitezen laguntzeko eta landa eremuek biztanlerik gal ez dezaten ziurtatzeko".

Amaitzeko, Arabako agintariak erakundeen arteko lankidetzarako deia egin du, erronka horri modu integral eta eraginkorrean heltzeko: "Etxebizitza politikak lehentasunezkotzat hartu behar ditugu administrazio publiko guztietan, eta guztion lankidetza eta ekarpena funtsezkoa da".

Neurri osagarriak eta lankidetza instituzionala
Ekimen horrek bat egiten du Arabako Foru Aldundiak azken urteotan etxebizitza eskuratzen laguntzeko ezarri dituen beste politika batzuekin. 2021ean, 20.000 biztanletik beherako udalerrietan etxebizitzak birgaitzeko programa bat sustatu zuen, eta, orain arte, 103 esku hartzetarako eman du dirulaguntza. Gainera, 35 urtetik beherakoek ohiko etxebizitza erosteko abal programak jartzen ari dira martxan, eta, lanean ari dira 2025erako landa eremuan etxebizitzak alokatu ahal izateko abal programa abian jartzeko.

Testuinguru horretan, diputatu nagusiak erakundeen arteko lankidetzaren eta tresna eraginkorrak erabiltzearen garrantzia nabarmendu du, eta adierazi duenez, "zerga sistema tresna egokia da errentan hartutako etxebizitzen kopurua handitzen laguntzeko eta, gainerako neurriekin batera, arazoa konpontzen lagunduko du; alabaina, hori ez da gauetik goizera gertatuko".

Eusko Jaurlaritzak arlo horretan duen konpromisoa aipatu du diputatu nagusiak, eta zenbait neurri zerrendatu ditu adibide moduan: 7.000 etxebizitza babestu berri eraikitzea, etxebizitzen ekoizpenaren erritmoa handitzea eta gazteei laguntzeko ahalegin berezia. "Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa argia da. Baita Arabako Foru Aldundiarena ere. Arlo honetan, administrazio guztiek gogor egin behar dugu lan, eta lankidetzan aritu", baieztatu du.
 

Hirigintza, lurraldea eta udalerriak Foru Aldundia Diputatu nagusia Lurralde Oreka

Prentsa oharra

Jaitsi