El Fondo Alaves de Emergencia aprueba una segunda ayuda de 50000 euros para atender a la poblacion afectada por los terremotos de Venezuela - arabapress
Larrialdietarako Arabako Funtsak 50.000 euroko bigarren laguntza bat onetsi du, Venezuelako lurrikarek eragindako herritarrei laguntzeko
Esku hartzea ASVEk bultzatu du, Maiquetíako Behartsuen Ahizpatxoen Kongregazioarekin batera, eta larrialdiko osasun arreta eta funtsezko ondasunen banaketa indartuko ditu La Guairako estatuan

Vitoria-Gasteiz, 2026ko abuztuaren 3a. Arabako Foru Aldundiak eta Vitoria-Gasteizko Udalak bultzatutako Larrialdietarako Arabako Funtsak (LAF) 50.000 euroko laguntza humanitario berria onetsi du, Venezuela ekainaren 24an astindu zuten lurrikaren ondorio larriei erantzuteko. Larrialdi horren ondoren LAFek finantzatutako bigarren jarduera da, eta aste batzuk lehenago Unicef bidez onetsitako laguntza osatzen du, kaltetutako eremuetan ura, saneamendua eta higienea eskuratzea bermatzeko.
Ekuadortar eta Euskaldunen Arteko Elkartasun Elkarteak (ASVE), Maiquetíako Behartsuen Ahizpatxoen Kongregazioarekin lankidetzan, esku hartze berri hori gauzatuko du, La Guaira estatuan, zeina baita seismoek gehien zigortutako eremuetako bat, kaltetutako herritarren osasun arreta indartzeko eta oinarrizko premiei erantzuteko.
7,2 eta 7,5 magnitudeko lurrikarek giza kalte eta kalte material larriak eragin zituzten, eta funtsezko azpiegiturei, etxebizitzei, ikastetxeei eta osasun baliabideei eragin zieten. Kaltetutako instalazioen artean dago San José Ospitalea-Maiquetíako Sehaska Etxea, zeina baita zonako erreferentziazko osasun zentroa. Egiturazko kalteak zirela eta, kanpainako ospitale batean eman behar izan zuten arreta.
Onetsitako laguntzari esker, elikagaien, edateko uraren, sendagaien, osasun materialaren, higiene produktuen, haurren elikaduraren eta premia biziko beste ondasun batzuen hornidura finantzatu ahal izango da. Era berean, eraginpeko herritarrei gaur egun laguntza ematen dien kanpaina ospitalea indartzen lagunduko du, arreta medikoaren eta erizaintzakoaren jarraitutasuna bermatuz egoera bereziki konplexu batean.
Jarduketa horretan, halaber, berariazko laguntza emango zaie Madre Emilia ikastetxeari lotutako haurrei eta haien familiei, lurrikarak larriki kaltetu baititu, bai eta hondamendiaren ondorioz etxebizitzak edo bizibideak galdu dituzten adinekoei, desgaitasuna duten pertsonei, haurdun dauden emakumeei edo bularreko haurrei eta familiei ere.
Esku hartzeak sei hilabete inguru iraungo du, eta ASVEren kudeaketa eta koordinazio gaitasuna eta duela mende bat baino gehiagotik Maiquetíako Behartsuen Ahizpatxoen lurraldearen, azpiegituraren eta komunitate sare zabalaren ezagutza uztartuko ditu. Gainera, zeregin logistikoetan eta larrialdiak kudeatzeko lanetan espezializatutako olVIDAdos GKEaren laguntza teknikoa izango du.
Arabako Foru Aldundiak ekimen honi emandako finantzaketa EAJ/PNVren eta PSEren gobernu-taldeak Elkarrekin Araba-Podemos batzarkidearekin egindako aurrekontu akordioaren parte da.

