Foru Aldundia | 2026 07 07

Larrialdietarako Arabako Funtsak 50.000 euro zuzenduko ditu Venezuelako lurrikara suntsitzaileek kaltetutako pertsonei laguntza humanitarioa emateko

Unicefek garatutako esku hartzeak aukera emango du eremu suntsituenetako batzuetan ur, saneamendu eta higieneko oinarrizko zerbitzuak berrezartzeko eta zerbitzu horiek eskuratu ahal izatea bermatzeko

Vitoria-Gasteiz, 2026ko uztailaren 7a. Arabako Foru Aldundiak eta Vitoria-Gasteizko Udalak sustatutako Larrialdietarako Arabako Funtsak (LAF) 50.000 euroko laguntza ematea onetsi du, ekainaren 24an Venezuela astindu zuten lurrikara larriek sortutako premia humanitarioei erantzuteko. Jarduketa Unicef Venezuelak garatuko du, Euskal Autonomia Erkidegoko Unicef Batzordearen bidez, eta eremu kaltetuenetan oinarrizko ur, saneamendu eta higiene zerbitzuak eskuratzea bermatuko du. 

Larrialdia 7,2 eta 7,5 magnitudeko bi lurrikaren ondoren sortu zen. Minutu bateko aldearekin erregistratu ziren lurrikara horiek suntsipen orokorra eragin zuten herrialdearen erdialdeko eta iparraldeko populazio dentsitate handiko hainbat eremutan. Erabilgarri dauden kalkuluen arabera, 6,76 milioi pertsona izan litezke hondamendiaren kaltetuak, eta 1,8 milioi pertsonak, horien artean 680.000 haurrek, premiazko laguntza humanitarioa behar dute. Venezuelako agintariek, gainera, 3.300 hildako baino gehiago eta 16.000 zauritu baino gehiago egon direla jakinarazi dute.

Lurrikarek eragindako kalteek eragin larria izan dute ur hornidurako eta saneamenduko oinarrizko azpiegituretan, eta horrek gaixotasun arriskua areagotu eta milaka familiaren bizi baldintzak okerragotu ditu.  Egoera bereziki kezkagarria da haurrentzat, haurdun eta emakume bular emaileentzat, adinekoentzat, desgaituentzat eta aldi baterako aterpetxeetan bizi direnentzat. 

Larrialdietarako Arabako Funtsaren laguntzari esker, oinarrizko materialak hornitzea eta banatzea finantzatu ahal izango da, hala nola ur tangak, arazketa tabletak, hondakinak biltzeko poltsak, detergentea eta familientzako ur, saneamendu eta higiene kitak, bai eta horiek garraiatzeko eta entregatzeko beharrezkoak diren lan logistikoak ere. Esku hartzeak sei hilabete iraungo du gutxi gorabehera, eta Hiriburuko Barrutia, Miranda, La Guaira, Carabobo eta Yaracuy estatuetan egingo da, horiek baitira lurrikarak gehien kaltetutako eremuetako batzuk.

Unicefek esperientzia handia du larrialdi humanitarioak kudeatzen eta Venezuelan 1967. urteaz geroztik lan egiten du. Herrialde hartan egitura operatibo sendoa du, tamaina horretako krisiei azkar erantzuteko. Gainera, nazioartean, haurrekin eta ur, saneamendu eta higiene sektoreekin lotutako koordinazio humanitarioko hainbat mekanismo zuzentzen ditu. 

Arabako Larrialdietarako Funtsa elkartasun tresna bat da, Arabako Foru Aldundiak eta Vitoria-Gasteizko Udalak elkarrekin bultzatua, munduko hainbat tokitako biztanle zaurgarriei eragiten dieten krisi humanitarioen eta larrialdi egoeren aurrean erantzun azkarra emateko. 

Arabako Foru Aldundiak ekimen honi emandako finantzaketa EAJ/PNVren eta PSEren gobernu-taldeak Elkarrekin Araba-Podemos batzarkidearekin egindako aurrekontu akordioaren parte da.

Foru Aldundia Berdintasuna eta Giza Eskubideak Berdintasuna, Lankidetza eta Kulturartekotasuna Berdintasuna, Euskara eta Gobernantza Saileko foru diputatua

Prentsa oharra

Jaitsi