Foru Aldundia | 2026 09 24

Arabako Larrialdi Funtsak 50.000 euro baino gehiago bideratuko ditu laguntza humanitariora Kolonbiako lurrikara dela eta

Esku-hartzearen helburua kaltetutako herritarrei oinarrizko elikagaiak eta tresnak ematea da

Vitoria-Gasteiz, 2026ko irailaren 24a. Arabako Foru Aldundiak eta Vitoria-Gasteizko Udalak bultzatutako Larrialdietarako Arabako Funtsak (FAE) 53.995 euroko bi laguntza onartu ditu Kolonbiako Valle del Cauca, Risaralda eta Chocó departamenduetan gertatutako lurrikarak kaltetutako pertsonei laguntzeko.

2026ko abuztuaren 10ean, 7,4 graduko lurrikara batek herrialdea astindu zuen, eta eragin larria izan zuen herrialdearen erdialdeko eta mendebaldeko eskualdeetan. Orain arte, 331 hildako, 4.449 zauritu eta 219 desagertu zenbatu dira. Guztira, 496 udalerritako 406.000 pertsona baino gehiago izan dira kaltetuak eta datu horrek agerian uzten du hondamendiaren dimentsioa.

Gainera, lurrikarak kalteak eragin zituen 3.800 ikastetxetan baino gehiagotan (milioi bat ikasle baino gehiago ari ziren horietan ikasten) eta 400 bat osasun-zentrotan. Izan ere, gunerik kaltetuenetako askok pobrezia, isolamendu eta indarkeria armatuaren maila handiak zituzten lehendik ere, eta horrek zaildu egiten du gertaera tragiko horren aurrean erantzuteko eta leheneratzeko gaitasuna.

Premia larrienen artean daude elikadura, etxebizitza, arreta medikoa, edateko ura lortzea, hezkuntza eta bizibideak berreskuratzea. Testuinguru horretan, FAEk onartutako laguntzei esker, kaltetutako herritarrei elikagaiak, oinarrizko tresnak, higiene-kitak eta arreta psikologikoa eman ahal izango zaizkie. Oro har, bi jarduera horiei esker 1.500 familia ingururi lagundu ahal izango zaie, arreta berezia jarriz baliabide gutxien duten familiei edo egoera larriagoak dituzten eta oinarrizko premiak asetzeko zailtasun handiagoak dituzten familiei.

Laguntza horiek Prestaturik Asociación de Profesionales Extranjeros Euskadi eta Emigrados sin Fronteras taldeen bidez bideratuko dira. Bi erakundeek eremu horretan jarduerak gauzatzeaz arduratuko diren tokiko erakundeekin batera egiten dute lan: Turpay Kawsay Fundazioa eta Asociación Nacional de Desplazados Colombianos (ANDESCOL) elkartea, hurrenez hurren. Bi erakundeek esperientzia egiaztatua dute larrialdi-egoerei arreta ematen eta kudeatzen.

Arabako Foru Aldundiak ekimen honi emandako finantzaketa EAJ/PNVren eta PSEren gobernu-taldeak Elkarrekin Araba-Podemos batzarkidearekin egindako aurrekontu akordioaren parte da.
 

Foru Aldundia Berdintasuna eta Giza Eskubideak Berdintasuna, Lankidetza eta Kulturartekotasuna Berdintasuna, Euskara eta Gobernantza Saileko foru diputatua

Prentsa oharra

Jaitsi