El Fondo Alaves de Emergencia vuelve a activarse con 50000 euros para reforzar la atencion sanitaria en Gaza - arabapress
Larrialdietarako Arabako Funtsa 50.000 eurorekin aktibatu da berriro, Gazako osasun arreta indartzeko
Laguntza horrek funtsezko osasun zerbitzuei eusten eta haurren desnutrizioa detektatzen eta tratatzen lagunduko du

Vitoria-Gasteiz, 2026ko urriaren 28a. Arabako Foru Aldundiak eta Vitoria-Gasteizko Udalak Larrialdietarako Arabako Funtsa (LAF) aktibatu dute berriro, Gazako Zerrendako krisi humanitario larriari erantzuten laguntzeko. UNRWA Euskadik eskatu duen 50.000 euroko laguntza Nazio Batuen Agentziak Gazako herritarrei ematen dizkien lehen mailako osasun arretako funtsezko zerbitzuei eusteko erabiliko da, eta haurren desnutrizioaren detekzioa eta tratamendua indartuko ditu.
Egoera humanitarioa kritikoa da oraindik Gazako 2,1 milioi biztanleentzat. Gatazkaren egungo gorakada hasi eta hiru urte igaro ondoren, biztanleek oraindik zailtasun larriak dituzte oinarrizko zerbitzuak eskuratzeko, azpiegiturak suntsitzeak eta sarbide humanitarioa murrizteak tokian bertan erantzutea baldintzatzen baitute. 73.000 pertsona baino gehiago hil dira, eta 174.000 zauritutik gora egon dira 2023ko urritik. Nazio Batuen Erakundearen azken txostenen arabera, su etena indarrean egon arren, azken urtean 340 haur hil dira Gazan.
Laguntza berri hau Larrialdietarako Arabako Funtsaren seigarren aktibazioa da, gazatarren beharrei erantzuteko. Aldi horretan, Arabako erakundeek laguntza humanitarioko hainbat jarduera babestu dituzte, gatazkaren eraginpeko biztanleei elikagaiak, arreta medikoa, oinarrizko produktuak eta funtsezko beste zerbitzu batzuk eskuratzen laguntzeko.
Arabako erakundeek finantzatutako esku hartzea UNRWAren larrialdi deialdiaren barruan dago, eta bereziki biztanle zaurgarrienen osasun eta nutrizio arreta lehenesten du, batez ere, desnutrizioa izateko arriskuan dauden haur txikiena, eta haurdun dauden eta bularra ematen ari diren emakumeena. Funtsei esker, haurren desnutrizio kasuen detekzio goiztiarraz eta tratamenduaz arduratzen diren medikuak eta erizainak finantzatu ahal izango dira.
Gatazkak eragindako zailtasunak gorabehera, UNRWAk osasun arretako sare zabala du Gazan. Gaur egun, sei osasun zentro, aldi baterako lau instalazio sanitario eta 62 ekipo mediko mugikor ditu zerrendako hainbat tokitan laguntza ematen. 2026ko uztailean bakarrik, agentziako osasun profesionalek 73.000 mediku kontsulta baino gehiago artatu zituzten aste bakar batean.
Arabako Foru Aldundiaren finantzaketa duen ekimen hau EAJ/PNVren eta PSEren gobernu taldearen eta Elkarrekin Araba-Podemos batzarkide taldearen arteko aurrekontu akordioaren barruan kokatzen da.

