Kultura | 2025 03 26

Fournier Karta Museoak "Musikarta. Musika kartetan" erakusketa aurkezten du

Musika gaiekin lotutako karta sorta bati dagokion erakusketa urriaren amaierara arte egongo da ikusgai

Gasteiz, 2025eko martxoaren 26a. BIBAT Fournier Karta Museoak "Musikarta. Musika kartetan" erakusketa aurkeztu du. Erakusketa musika gaiekin edo edukiekin lotutako karta sorta bati buruzkoa da eta urriaren amaierara arte egongo da ikusgai.

Gaur aurkeztu dute, prentsaurrekoan, Javier Fernández Bordegarai, Museo eta Arkeologia Zerbitzuaren buruak, eta Edurne Martín, Museoko teknikari arduradunak.

Kartak giza kulturaren parte izan dira mendeetan, eta jolasteko eta entretenitzeko objektu izateaz gain, istorio eta edukien eramaile ere izan dira. "Erakusketa hau musikak eguneroko bizitzan nola eragin duen erakusten duen beste adibide bat da, artelan eta objektu mota guztietan irudikatu baita, baita kartetan ere" adierazi du Sánchezek, musika erakusketaren "benetako protagonista" dela azpimarratu baitu.

Bertan, musikari, konpositore eta interprete garrantzitsuen biografiak irudikatzen dira. Gainera, beste ale batzuek kontzeptuak, musika notazioa eta aipatutako gaiarekin lotutako beste elementu batzuk ikasteko musika edukiak erakusten dituzte.

Erakusketa prestatzeko, Fournier Karta Museoaren funts propioak erabili dira. Museoaren bildumako karten hautaketan honako hauek sartzen dira:

  • Karta sorta kopurua: 60 karta sorta baino gehiago, hainbat fabrikatzaile eta herrialdetakoak, batez ere Europakoak.

  • Karta sorten antzinatasuna: XVIII. mendetik XXI. mendera bitarteko karta sortak. Zaharrena, Londresen egina da 1775 inguruan, eta modernoena, 2022ko karta-sorta bat, ASESCOINek argitaratua (Asociación Española de Coleccionismo e Investigación del Naipe), Fournier Karta Museoa "ohorezko bazkide" gisa duena.

Era berean, erakusketa honetan ikus daiteke fabrikatzaileek (besteak beste, Fournier ere bai, enpresaren etapa desberdinetan) beren kartetan diseinuari eman dioten balioa eta kezka. Horretarako, artistak izan dituzte plantillan, edo diseinatzaileei enkargu zehatzak egin dizkiete karta sortak egiteko.

Beraz, ez dira jokorako karta sorta "estandarrak" soilik, batzuetan "formatu txikiko benetako artelanak" baizik, Sánchezek adierazi duenez.

Gogoratu behar da bisitak museora eta erakusketara doakoak direla, eta, horri dagokionez, jarduera osagarri batzuk egingo direla, aurrerago jakinaraziko direnak. Zehazki, Aste Santuko programazioan (apirila) eta Ondarearen Europako Jardunaldietan (urria).

Kultura Foru Aldundia

Prentsa oharra

Jaitsi