Foru Aldundia | 2026 10 30

Gizarte Zerbitzuen II. Mapak Arabako zaintza sistema publikoa 2030era arte indartzeko eta zabaltzeko ibilbide orria finkatu du

Arabako erakundeek akordio bat lortu dute, gizarte baliabideetan 750 plaza berri inguru egoitza zentroetan eta eguneko zentroetan egitea eta lurralde osoko gizarte zerbitzuetara bideratutako inbertsioa % 35 handitzea aurreikusten duen plangintza egiteko

Arabako Foru Aldundiak, Vitoria-Gasteizko Udalak eta Eudelek ordezkatzen dituen landa zonako udalek batera egindako dokumentuak zehazten du zer zerbitzu hazi beharko diren eta non, datozen urteetako gizarte premiei erantzuteko
 

Vitoria-Gasteiz, 2026ko urriaren 30a. Arabako erakundeek badute jada 2030era arteko gizarte zerbitzuen sistema publikoaren garapena gidatuko duen ibilbide orria. Gaur goizean, Arabako Foru Aldundiak Arabako Lurralde Historikoko Gizarte Zerbitzuen II. Mapa aurkeztu die toki erakundeen ordezkariei (kontsultatu hemen). Mapa hori da datozen urteetan zerbitzu eta prestazioen sarearen bilakaera bideratzeko plangintza tresna nagusia. Dokumentuak zehaztu egiten du zein diren handitu edo indartu behar diren foru eta udal baliabideak, bai eta haien lurralde banaketa eta haiei eusteko behar den finantzaketa ere. 

Aurreikusitako jarduketen artean, honako hauek nabarmentzen dira: pixkanaka 756 egoitza zentroetako eta eguneko zentroetako plaza berri sortzea kolektibo desberdinentzat, Etxeko Laguntza Zerbitzua (ELZ) 248.000 ordu gehiago handitzea, garapenean nahasmenduak dituzten haurrentzako arreta goiztiarra indartzea, eta finantzaketa 96 milioi euro handitzea 2030era arte.

Arabako Gizarte Zerbitzuen II. Mapa funtsezko tresna da erantzun publikoa emateko Arabak datozen urteetan izango dituen erronka sozial eta demografiko nagusietako batzuei: biztanleria zahartzea, mendekotasun egoerak areagotzea, desgaitasunari eta osasun mentalari lotutako premiak areagotzea, haurren babesgabetasun gero eta kasu gehiago egotea, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeentzako arreta ematea edo gizarte bazterkeriaren modu berriak agertzea. 

Arabako Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Mahaiak, zeina baita Arabako Foru Aldundia, Eudel-Euskadiko Udalen Elkartea eta Vitoria-Gasteizko Udala ordezkatuta dauden organoa, mapa onetsi eta plangintza berri hori abian jarri du. Erakunde horietako ordezkari instituzionalak eta teknikariak bildu dira gaur goizean plangintza aurkeztu denean.  

60 pertsona baino gehiago, haien artean 10 udaletako ordezkariak (Amurrio, Asparrena, Kanpezu, Laguardia, Lagrán, Legutio, Donemiliaga, Gaubea, Vitoria-Gasteiz eta Zuia), lagungarriak izan dira helburuak diagnostikatzeko, kontrastatzeko eta definitzeko lanean, SIIS-Dokumentazio eta Ikerketa Zentroaren laguntza teknikoarekin.

Gorka Urtaran Gizarte Politiken Saileko foru diputatuak eskertu egin du erakundeen inplikazioa, eta esan du, plangintza teknikoaz harago, Mapa dela “Arabako erakundeek zaintzen sistema publikoa indartzeko konpromiso partekatua. Haren helburua da bermatzea pertsona guztiek behar dituzten laguntzak jaso ahalko dituztela, bizilekua edozein dela ere, hurbileko zerbitzuak eta arreta komunitarioa bereziki indartuz, pertsonek beren bizi proiektuak beren ohiko ingurunean garatu ahal izan ditzaten", laburbildu du. 

Era berean, Gorka Urtaranek adierazi du Gizarte Zerbitzuen II. Maparen aurkezpenak jarraipena ematen diola Arabako Foru Aldundiak zaintzen etorkizunari buruz bultzatutako hausnarketa estrategikoko prozesuari. “Duela aste batzuk aurkeztu genuen Arabako Zaintzen Liburu Zuriak esparru estrategikoa definitzen badu, Gizarte Zerbitzuen II. Mapak zehazten du zer baliabide beharko diren, zenbat sortu edo zabaldu beharko diren, non kokatu beharko diren eta zer ahalegin ekonomiko egin beharko den Arabako herritarren etorkizuneko premiei erantzuteko gai izango den gizarte zerbitzuen sistema publiko bat finkatzeko”.

Maparen oinarri den diagnostikoaren arabera, Arabak demografikoki hazten jarraituko du datozen urteetan, baina, batez ere, zahartze prozesu nabarmena izango du. Aurreikuspenen arabera, 65 urteko eta gehiagoko biztanleria % 17 handituko da 2023 eta 2030 artean, eta 80 urteko eta gehiagoko pertsonen taldea, berriz, % 27 inguru haziko da. Bilakaera horrek zuzeneko eragina izango du autonomia pertsonalerako eta iraupen luzeko zaintzetarako laguntzen eskarian. Hala, maparen kalkuluen arabera, 21.400 pertsona baino gehiago egongo dira mendekotasun egoeran edo arriskuan, 2030ean, gaur egun baino 3.155 gehiago. 

Horrekin batera, erakundeek desgaitasunari, osasun mentalari, haur eta nerabeen babesari, indarkeria matxistari eta gizarte inklusioari lotutako premiak handitzea aurreikusten dute. Gainera, dokumentuak adierazten du egoera horietako asko gero eta konplexuagoak direla, eta gizarte zerbitzuen eta beste eremu batzuen (osasuna, enplegua edo etxebizitza) arteko erantzun koordinatuak behar dituztela. Azken alderdi horrek gero eta presio handiagoa egiten du gizarte baliabideetan. 

Plaza, laguntza eta zerbitzu gehiago
Premia horiei erantzuteko, II. mapak proposatzen du pixkanaka zabaltzea foru eta udal arloko gizarte zerbitzuen sarea 2030era arte. Lehentasunezko helburuen arabera, 756 plaza berri sortuko dira eguneko zentroak eta egoitza-baliabideetan, mendekotasuna duten adinekoentzat (338 plaza berri), desgaitasuna eta gaixotasun mentala dutenentzat (200 plaza), gizarte bazterketako egoeran daudenentzat (205) eta indarkeria matxistaren biktimentzat (13), eta, gainera, nabarmen indartuko dira laguntza komunitarioko zerbitzuak. 

Aurreikusitako jardueren artean, honako hauek nabarmentzen dira:
•    Etxeko Laguntza Zerbitzua (ELZ) areagotzea: 248.000 ordu gehiago 2030era arte (+% 29). 
•    Adinekoentzako egoitza sare publikoa handitzea, 338 plaza berrirekin, 2.351 plazara iritsi arte. 
•    Adinekoentzako eguneko zentroko 154 plaza gehiago: 554 plaza izan beharrean, 708 izango ditu. 
•    Laguntza Pertsonalerako Prestazio Ekonomikoa (LPPE) areagotzea, 276 onuradun berrirekin (+% 40).
•    Desgaitasuna eta gaixotasun mentala duten pertsonentzako plaza eta baliabide berriak sortzea, bai eguneko arretan, bai egoitza arretan. 
•    Garapenean nahasmenduak dituzten haurrentzako arreta goiztiarra indartzea, 2030ean 1.141 haurri arreta emateko lehentasunezko helburuarekin, eta 1.500era iristeko helburuarekin. 
•    Haurrak eta nerabeak babesteko programak eta egoitza eta familia harrerako baliabideak zabaltzea. 
•    Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeentzako eta haien seme-alabentzako zerbitzu espezializatuak indartzea, 13 ostatu plaza gehiagorekin, eta arreta soziojuridikoko eta psikologikoko zerbitzuak nabarmen handitzea. 
•    Gizarte inklusiora bideratutako baliabideak areagotzea, batez ere gaueko harreran eta egoitza ostatuan. 


Inbertsioa % 35 handitzea
II. mapak gizarte zerbitzuak planifikatzeko erabilitako lurralde antolamenduaren eguneratze bat ere sartzen du. Egitura berriak gizarte zerbitzuen oinarrizko zonak erreferentzia gisa mantentzen ditu, baina landa zona lau eremu handitan berrantolatzen du: Aiaraldea, Añana-Gorbeialdea, Arabako Errioxa eta Lautada-Mendialdea. Berrantolaketa horren helburua da administrazioen arteko koordinazioa erraztea, baliabideen plangintza hobetzea eta zerbitzuen banaketa orekatuagoa bermatzea lurralde osoan. 

Aurreikusitako jarduerak garatzeko, inplikatutako administrazioek finantza ahalegin handia egin beharko dute. Gizarte Zerbitzuen Zorroari lotutako urteko gastua 2023an 273 milioi eurokoa izatetik, 2030ean 369 milioikoa izatera igaroko da. 96 milioi euroko igoera izan da, % 35 gehiago, eta horrek eragina izango du bai lehen mailako arretako zerbitzuetan, hau da, udal eskumeneko zerbitzuetan, bai Arabako Foru Aldundiak eskaintzen dituen zerbitzu espezializatuetan. 

 

Foru Aldundia Gizarte Politikak

Prentsa oharra

Jaitsi