Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak berdintasunarekiko konpromisoa indartu du, lan ingurunean sexu jazarpena prebenitzeko protokolo baten bidez - prentsa
Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak berdintasunarekiko konpromisoa indartu du, lan ingurunean sexu jazarpena prebenitzeko protokolo baten bidez
Dokumentuak sexuan oinarritutako jazarpena, eta sexu orientazio, genero adierazpen edo genero identitatean oinarritutako jazarpena ere jasotzen ditu, ingurune segurua, errespetuzkoa eta indarkeriarik gabea bermatzeko

Gasteiz, 2025eko apirilaren 22a. Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak (GOFE), Arabako Foru Aldundiko Gizarte Politiken Sailari atxikitako erakunde autonomoak, beste urrats bat eman du ingurune seguruak, berdintasunezkoak eta indarkeria sexistarik gabekoak sustatzeko konpromisoan; izan ere, honako hau onartu eta abian jarri du: "Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen lan eremuan sexu jazarpena, sexuan oinarritutako jazarpena, eta sexu orientazio, genero adierazpen edo genero identitatean oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta halako kasuetan esku hartzeko protokoloa". Horrela, GOFEren 2023-2026 aldirako I. Berdintasun Planean jasotako neurrietako bat beteko du, hain zuzen ere, sexu jazarpena prebenitzeko protokolo bat egitea.
Dokumentu horren helburua da arau esparru argi eta eraginkorra ezartzea, foru erakundearen lantokietan sexu arloko edozein jazarpen mota prebenitzeko, identifikatzeko eta, halakorik izanez gero, esku hartzeko. Hori lortzeko, zenbait jarduketa ezartzen ditu, pertsonen aniztasuna errespetatzen duen, harreman parekideak sustatu eta bermatzen dituen, eta pertsona orok duintasunez eta errespetuz tratatua izateko duen eskubidea defendatzen duen lan ingurunea sortzeko.
Lan eremuko sexu jazarpena, sexuan oinarritutako jazarpena, eta sexu orientazio eta genero adierazpenean oinarritutako jazarpena emakumeen eta gizonen arteko aukera eta tratu berdintasunari eragiten dioten arazoak dira, eta sexuagatiko edo sexu identitateagatiko diskriminazioaren modu suntsitzaileenetako hiru dira, eta, gainera, oinarrizko beste eskubide batzuen urraketa nabarmena ere badira, hala nola duintasunarena, berdintasunarena, osotasun fisiko eta moralarena, sexu askatasunarena eta lanerako eta laneko segurtasunerako eta osasunerako eskubidearena.
GOFE nabarmen feminizatutako erakundea da, langileen % 84 emakumeak baitira. Hala eta guztiz ere, jazarpen egoerak gerta litezke, eta, beraz, protokoloak pertsonen oinarrizko eskubideak babestea ahalbidetuko duten barne mekanismoak izateko beharrari erantzuten dio, bai eta sexu jazarpenaren, sexuan oinarritutako jazarpenaren, sexu orientazioan oinarritutako jazarpenaren edo lan jazarpenaren edozein zantzuren aurrean azkar eta proportzionalki jarduteko beharrari ere.
Gertakarien aurrean jarduteko gida bat eskaintzeaz gain, protokoloak errespetuaren kultura eta jazarpenaren aurrean zero tolerantziarena sustatzen du, eta langile guztiak animatzen ditu jokabide desegokiak detektatzeko modu proaktiboan jardutera, eta, beharrezkoa denean, ezarritako kanalak erabiltzera.
Protokoloaren alderdi nabarmenen artean, jazarpenaren aurrean jarduteko batzorde bat sortzea dago. Batzorde horrek salaketak edo jakinarazpenak jaso eta ebaluatuko ditu, eta neurri zuzentzaileak edo babes neurriak proposatuko ditu. Organo horrek prozesuen konfidentzialtasuna, inpartzialtasuna eta azkartasuna bermatuko ditu, eta, gainera, laguntza emango dio eraginpeko pertsonari prozedura osoan zehar.
Bestalde, balizko jazarpen egoerak ahoz zein idatziz jasotzeko komunikazio kanal seguruak gaitu dira, eta barne ikerketako prozedura argi bat ezarri da, objektibotasunaren, biktimaren babesaren eta inplikatutako alderdi guztien eskubideen bermearen printzipioak errespetatzen dituena. Prebentzio neurriak ere jasotzen dira; prestakuntza ekintzak eta sentsibilizazio kanpainak besteak beste.
Jazarpena desagerrarazteko protokoloa langile guztiei, prestakuntza aldian dauden pertsonei eta boluntarioei aplikatzen zaie, baita foru institutuko zentroen eta zerbitzuen erabiltzaileei ere. Kontratu, itun edo hitzarmen baten bidez Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearekin lankidetzan ari diren kanpoko erakundeetako profesionalak inplikatzen dituen kasuren bat izanez gero, zer protokolo aplikatu koordinatuko da: foru erakundearena edo kanpoko erakundearena.
Protokoloa langileen artean zabaltzen ari dira orain, jakinaren gainean egon daitezen, eta duela gutxi zentro eta zerbitzuetako arduradunei eta foru erakundeko erdi mailako arduradunei aurkeztu diete.