Foru Aldundia | 2025 07 17

Arma Museoak gaur egungo kokalekuan, Ajuria Enea Jauregiko frontoian, mende erdia daramala ospatuko du

Frai Francisco pasealekuan 12 paneleko kanpo erakusketa bat dago atzotik uztailaren 31ra arte: "Arabako Arma Museoa. 50 urte 1975-2025"

Erakusketa hori 50. urteurrenaren barruan egindako museoaren beste komunikazio eta zabalkunde ekintza batzuei gehitu zaie
 

 

Gasteiz, 2025eko uztailaren 18a.  Museoa armen historiaren eta bilakaeraren erreferente izatera iritsi da. Historiaurretik XX. mendera arteko piezak ditu: armadurak, arma zuriak, su armak eta ezin konta ahala istorio kontatzen dituzten pieza paregabeak. Urteurren honetan, eraikin enblematiko honetan bost hamarkada daramatzala ospatzeaz gain, museoak ondare historikoaren kontserbazioarekin eta zabalkundearekin duen konpromisoa ere ospatuko du. Erakusketa iraunkorraren eta hezkuntza jardueren bidez, Arabako Arma Museoak adin guztietako bisitariak erakartzen ditu, eta iragana esploratzera eta orainean duen eragina ulertzera gonbidatzen ditu. Arabako historia eta kultura ospatzeko une gogoangarria da.

Museoaren historia

1941etik bilduma hainbat egoitzatan egon da ikusgai, hala nola Arabako Etxean edo Probintziako Museoan.

1963. urtean, Gasteizko Gudua gertatu zenetik 150. urteurrena zela eta omenezko ekitaldiren bat antolatzeko helburuz, erakusketa handia jarri zen “El Portalon” eraikin historikoan. Erakusketa hartan, Independentzia Gerrari lotutako arma, dokumentu eta askotariko objektuak erakutsi ziren, batez ere, Gasteizko Gudari lotutakoak.

Erakusketak izan zuen arrakastaren ondorioz, funtsak modu iraunkorrean erakustea erabaki zen. Helburu horrekin bat etorriz, Félix Alfaro Fournier jaunak bilduma osoa eman zion dohaintzan 1966. urtean Arabako Foru Aldundiari eta, urte horretan bertan, Arkeologia Museoaren aldamenean, Arabako Arma Museoa zabaldu zen Gobeo-Guevara San Juan familiaren Arma Etxean, Gasteizko alde zaharraren bihotzean.

Lekurik ez zegoenez, 1975ean bilduma osoa Ajuria Enea ondoan lekualdatu zen, eta han dago gaur egun arte.

Foru Aldundia Kultura

Prentsa oharra

Jaitsi

Dosierra

Jaitsi