Foru Aldundia | 2026 10 05

Arabako Arte Ederren Museoan Irati Antiaren eskultura bat instalatu da, Julián de Zuluetaren historiari lotutako pertsona esklabizatuen oroimena omentzeko

Museoko lorategian "Arrastoa" obra oroitzapenezko plakarekin batera instalatu da, eta QR kode bat du, Zuluetari, esklabotzari eta obraren testuinguru historikoari buruzko informazioa eskuratzeko aukera ematen duena

Vitoria-Gasteiz, 2026ko urriaren 1a. Arabako Arte Ederren Museoak Irati Antia artista gasteiztarraren "Arrastoa" eskultura ipini du bere lorategian. Lan hori Julián de Zuluetak XIX. mendean afrikarren salerosketarekin eta horien Kubako esplotazio esklaboarekin izandako harremanari buruzko memoria eta gogoeta espazio gisa sortu zen.  

Pieza berria museoaren sarreran instalatutako plaka oroigarriarekin batera doa, esklabotzaren biktimak gogoratzeko eta historiaren zati hori ikusarazteko, Augustin-Zulueta jauregia eraikitzea ahalbidetu zuen zoriaren jatorriarekin lotuta. Jauregia Arabako Arte Ederren Museoaren egungo egoitza da. 

Plaka Arabako Batzar Nagusietako Kultura eta Kirol Batzordeak onetsi duen mozio baten ondorioz sortu da. Mozio horrek Arabako Foru Aldundiari eskatu zion elementu hori museoaren sarreran jartzeko, esklabo bihurtutako pertsonen merkataritzaren tragedia Arabako herriaren memorian aintzatesten laguntzeko.

Honela dio plakako testuak:
"Jauregi hau Julián de Zuluetaren herentziatik dator. Zuluetak bere dirutza Afrikako pertsonen salerosketaren bidez eta Kuban esklaboak ustiatzearen bidez batu zuen.  Gizateriaren aurkako krimen horren biktimak oroitzeko plaka".

Ana del Val Kultura eta Kiroleko foru diputatuak eta Irati Antia artistak prentsaurreko bat eman dute obraren esanahia eta hura instalatzeko prozesua azaltzeko.  

Ana del Valek prozesu honetan arte sorkuntzak duen zeregina nabarmendu du: "Iratiren proposamenak beste urrats bat egiteko aukera ematen digu. Esklabo bihurtutako pertsonak kontrolatzeko eta immobilizatzeko erabili zen objektu bat oroimen objektu bihurtzeko aukera ematen digu, gaur egun istorioak, lurraldeak eta belaunaldiak lotzen dituena".


Plakarekin batera sorkuntza artistiko bat ipintzea erabaki zenean, historia konplexu eta oraindik ezezagun bati testuingurua eta sakontasuna emateko borondateari erantzun nahi izan zitzaion, baita herritarrei hura ezagutzeko eta ulertzeko tresnak emateko borondateari ere.

Helburu hori bideratzeko, eskulturaren ondoan QR kode bat eskaintzen da, Zuluetari eta esklabotzari buruzko Arabako Arte Ederren Museoaren webguneko gune espezifiko batera zuzenean sarbidea ematen duena. Eduki horrek Julián de Zuluetari eta Kubako esklabotzarekin duen loturari buruzko informazio historikoa jasotzen du, bai eta Irati Antiaren sorkuntza prozesuaren eta obraren esanahiaren azalpena ere.

Ekimenak, beraz, memoria, artea eta informazioa biltzen ditu, oroitzapenezko plaka museoko espazioarekin berarekin lotzen baitu eta haren esanahian sakontzeko aukera eskaintzen. 

"Arrastoa" XIX. mendeko Kuban esklabo bihurtutako pertsonak zigortzeko eta kontrolatzeko erabilitako zepoan du etorria.  Aintzinako objektu horri Irati Antiak berrinterpretazio garaikidea eman dio.

Artistak lau xafla independente lotu eta eskultura bihurtu du jatorrizko zepoa. Plantxa horietako bakoitzak historia honetako funtsezko elementu batekin du lotura: Araba, Afrikako kostaldea, Kuba eta itsasoa, bidaiaren ikur gisa.

Horrela, lanak zapalkuntzarako objektua memoriarako objektu bihurtzen du, istorioak, lurraldeak eta belaunaldiak lotzen dituena. Aldi berean, iragana gogoratzeko eta hari ikuspegi kritikoa emateko leku gisa zabaltzen da.

Eskultura corten altzairuzkoa da, eta material hori kanpoan instalatzeko egokia da. Denborak aurrera egin ahala ere, material horren eraldaketa piezaren presentziaren parte izango da.

Proposamenean ez da idulki tradizionalik erabiltzen; aitzitik, museoaren lorategian zuzenean integratzen da, egituran bertan txertatutako oinarri baten bidez. Horrela, lanak harreman zuzena du ingurunearekin eta espazio horretatik igarotzen diren pertsonekin.


Augustin-Zulueta jauregiari lotutako istorio bat
Gaur egungo Arabako Arte Ederren Museoak Augustin-Zulueta jauregian du egoitza; jauregia Julián de Zuluetaren herentziarekin eraiki zen.

Julián de Zulueta arabarrak hainbat jarduera ekonomiko garatu zituen Kuban finkatu ondoren, eta, besteak beste, azukre ekoizpenarekin eta esklabo bihurtutako pertsonen salerosketa eta ustiapenarekin lotutako aberastasun handia metatu zuen.

Esku-hartze berriari esker, historiaren zati hori eraikinean bertan agerian utziko da, ondare materiala bere testuinguru historikoaren ezagutzarekin uztartuz eta herritarrei horretan sakontzeko aukera emanez.

Proiektua Museoak berak prestatutako eduki digitalarekin osatzen da. Eduki hori eskulturaren ondoan dagoen QR kodearen bidez eskuratu daiteke, eta Zuluetaren historiaren, Arabaren, Kubaren eta esklabotzaren arteko harremanaren, bai eta "Arrastoa" obraren sorkuntza prozesuaren inguruko xehetasunei buruzkoa da.

Foru Aldundia Kultura Kultura eta Kirol Saileko foru diputatua

Prentsa oharra

Jaitsi