Foru Aldundia | 2026 11 05

“Dinamita” Sánchezen K-1 munduko titulua defendatzeko borroka Mendizorrotzako pabiloian egingo da

Aymeric Lazizi frantziarraren aurka neurtuko ditu indarrak WAKO-PRO munduko txapela, 69,1 kilotik beherako kategoriakoa, atxikitzeko

Arabako eta Euskadiko kickboxingeko etorkizun handiko kirolariak eta arlo profesionaleko kirolari entzutetsuenak bilduko dira
 

Vitoria-Gasteiz, 2026ko azaroaren 5a. Datorren larunbatean, azaroaren 14an, Mendizorrotzako udal-kiroldegian borrokaldi ugari izango dira, eta Sergio “Dinamita” Sánchezek bere munduko titulua defendatuko du Aymeric Lazizi frantziarraren aurka.

Ekitaldia gaur goizean aurkeztu dute Arabako Foru Aldundiko prentsa-aretoan, eta bertan izan dira Ana López de Uralde Kirol zinegotzia, Ana del Val Kiroleko foru-diputatua, Sergio “Dinamita” Sánchez, Maialen Gallardo borrokalaria eta Raúl Marcos, ekimenaren antolatu duen taldearen arduradun gisa.

“Gasteiz gertakari handien agertoki gisa sendotzeko eta eliteko kickboxinga gasteiztarrengana hurbiltzeko aukera bikaina izango da gau hori. Gainera, “Dinamita” Sánchez zuzenean animatzeko aukera emango digu, munduko txapeldun-titulua defenda dezan. Programa horrek Arabako kickboxingaren une ona eta diziplina honek gora egitea lortzen ari diren kluben, entrenatzaileen eta kirolarien lana islatzen ditu”, azaldu du Ana López de Uraldek.

Kiroleko foru-diputatu Ana del Valek nabarmendu duenez, “Araban munduko tituluaren defentsa hartzea aukera bikaina da maila goreneko kirolaz gozatzeko eta gure kirolarien lana aitortzeko. Egitasmoak Arabako eta Euskadiko kickboxingeko izen garrantzitsuak eta etorkizun handiko gazteak bilduko ditu, lurraldean dugun talentuari ikusgarritasuna emanez. Sergio Sánchezek bere jendearen babesa sentitzea nahi dugu hain hitzordu garrantzitsuan, eta publikoak Mendizorrotzan kirol-gau bikainaz gozatzea”.

Nazioarteko ibilbide luzea duten bi kirolari izango dira aurrez aurre eta Sánchezek bere maila erakusteko aukera izango du. Kirolari arabarrak munduko bost titulu pilatu ditu bere palmaresean, eta Mendizorrotzan borrokatuko du 69,1 kilogramo baino gutxiagoko kategorian K-1 mailako WAKO-PRO munduko txapela defendatzeko.

Aymeric Lazizi frantziarra (27 urte eta 1,92 metro) izango du aurkari. Lehen mailako lehiakidea da, eta esperientzia handia du Japoniako K-1 World Max zirkuitu ospetsuan ere. Gainera, WAKO PROko mundu mailako behin-behineko txapelduna ere izan da. Guztira 24 borrokaldi egin ditu ibilbide profesionaleko lau urteetan, eta 22 garaipen lortu ditu.

Munduko txapela lortzeko borroka hori izango da azaroaren 14an Mendizorrotzan programatutako gau erakargarri horretako borrokaldi nagusia.

Baina, 18:00etatik aurrera, amateurren arteko borrokaldiak ere izango dira, eta euskal kickboxingaren promesa nabarmenetako batzuk izango dira ringean, hala nola David Galica, Laura Villaba, Saioa Campo, Ibon Lantz, Bojj Nayem, Aziz es Salhi eta Mario Martínez.

20:00etatik aurrera, berriz, profesionalak izango dira protagonista, Flavius Chiaburu, Maialen Gallardo, Pablo Saracibar, Alex Mena eta Unai Bergaz espezialista ezagunekin, besteak beste.

Foru Aldundia Kultura eta Kirol Saileko foru diputatua

Prentsa oharra

Jaitsi