Errepideak eta Garraioak | 2026 07 09

2026ko Bide Zoruen Planak 5,1 milioi euro inbertituko ditu Arabako 40 errepideren zorua hobetzeko

2025ean helburu horretara zuzendutako baliabideak baino % 24 gehiago inbertituko da

Aurrekontuaren erdia baino gehiago bigarren mailako errepideetarako izango da

Jon Nogales: "Bide zoruak berritzeko inbertsioa funtsezkoa da gure errepideen segurtasuna zaintzeko, eta epe ertain eta luzera aurreztea dakar"


 

Vitoria-Gasteiz, 2026ko uztailaren 9a. Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Sailak 5 milioi euro inbertituko ditu datozen hilabeteetan Arabako 40 errepidetako bide tarteen zorua hobetzeko; hau da, 2025ean baino % 24 gehiago inbertituko da.  2026ko Bide Zoruen Planak Lehentasunezko Intereseko Sarearen eta Oinarrizko Sarearen bide nagusietako batzuetan esku hartuko du, hala nola A-1, N-124, AP-1 eta N-622 errepideetan, baina bigarren mailako bideetan egingo du ahaleginik handiena

Jon Nogales Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Saileko foru diputatuak 2026ko Bide Zoruen Plana aurkeztu du gaur, eta inbertsio ahalegin handi hori "Arabako errepideen segurtasuna hobetzeko" politika publikoen barruan kokatu du. Inbertsio hauek behar bezala planifikatuta, gainera, diru kutxa publikoetan dirua aurreztuko da epe ertain eta luzera, galtzada gehiago hondatzea saihestuko baita.

"Programa honek, gainera, inbertsio publikoaren bidez jarduera eta enplegua bultzatzen eta Arabako gizarte eta lurralde kohesioan sendotzen laguntzen du", gaineratu du. 

2026eko Bide Zoruen Planak Arabako eskualde guztietatik banaturik dauden 40 errepidetan esku hartzea aurreikusten du, denboraren, elurraren eta izotzaren ondorioz zuloak, pitzadurak eta deformazioak dituzten bide tarteak eta gune zehatzak konpontzeko. Hona hemen nola konponduko diren: batzuetan bide zati osoak eta, beste batzuetan, gune zehatz batzuk, fresatu eta beroan aglomeratutako asfaltozko errodadura geruza birjarri eta hartxintxarrezko ureztatzeen tratamenduak aplikatu.

Esku hartu beharreko errepideen zerrendan, Lehentasunezko Intereseko Sarearen eta Oinarrizko Sarearen bide nagusietako batzuk daude, baina jarduketa gehienak eskualdeko, tokiko eta auzoko sareetan egingo dira. "Oso garrantzitsua da Arabako eskualdeak elkarren artean komunikatzen dituzten eta herrigune txikietara sarbidea duten errepideen mantentze lanak egitea, lurraldea egituratzeko eta landa ingurunean bizi direnei kalitatezko zerbitzu publikoak emateko”. 

Horregatik, inbertsio programa honen aurrekontuaren ia % 55 bigarren mailako errepideen zorua hobetzeko erabiliko dugu", zehaztu du Jon Nogalesek.

Bide Zoruen Planaren 2026ko plangintzaldian, lehentasunezko intereseko sarearen bost errepidetan esku hartuko da (nazioarteko ibilbideak, aireportuetarako sarbidea, autonomia erkidegoen arteko trafiko handia jasaten duten ibilbideak eta ibilgailu astunen kopuru handi bati erantzuten diotenak), bide zorua berritzeko eta gune jakin batzuen errei osoa egokitzeko, bi noranzkoetan, errodadura geruza fresatu eta birjarrita.

•    A-1 Sei tarte oso, guztira 10,5 kilometro, eta gune jakin batzuk egokitzea, Burgosko probintziaren mugaren eta Nafarroako mugaren artean. 
•    N-124 Kilometro bateko tarte oso bat Las Conchas tunela baino lehenago, Logroñoko norazkoan.
•    N-240 Gune puntualak konpontzea. 
•    N-622 Errodadura geruza berria Gopegiko lotunearen ondoren kilometro bateko tarte oso batean, eta gune jakin batzuk konpontzea.
•    AP-1 Zuloak, pitzadurak eta deformazioak dituzten gune jakin batzuk konpontzea, fresatuta eta errodadura geruza birjarrita.

Oinarrizko sarea

Oinarrizko Sareari dagokionez, zeinak lurraldea egituratzen duten errepideak hartzen baititu ibilbide osoak osatuta, bai eta Araba beste autonomia erkidego batzuekin lotzen dituzten eta trafiko handia daukaten errepideak ere, 2026ko Bide Zoruen Planak hiru bidetan esku hartuko du:

•    A-124 El Campillar eta Assa arteko 800 metroko tarte oso bat egokitu eta sendotzea. 
•    A-624 Errodadura geruza berria tarte osoetan, guztira 2 kilometro, Arespalditza, Altube eta Larrinben, eta bideko zuloak, pitzadurak eta deformazioak dituzten gune jakin batzuk konpontzea.
•    A-625 Zuloak, pitzadurak eta deformazioak dituzten gune jakin batzuk konpontzea, fresatuta eta errodadura geruza birjarrita, Amurrio eta Laudio artean.

Inbertsio programa honetako esku hartze gehienak Arabako bigarren mailako errepideetan egingo dira. Eskualde sarean zortzi errepidetan esku hartuko da, joan den neguan tenperatura baxuen, elurraren eta izotzaren eraginez narriadura handia izan zuten bide eta mendate jakin batzuetako tarte eta gune batzuetan zorua konpondu eedo berritzeko:

•    A-2122 Errodadura geruza berria Comunión eta Sobrón arteko hiru tartetan, guztira 2,3 kilometrotan.
•    A-2126 Errodadura geruza berria 2 kilometrotan,  Iekoran.  
•    A-2128 Agurain eta Opaku mendatearen arteko zorua berritzea 2,35 kilometrotan. 
•    A-2521 Errodadura geruza berria Belauntza eta Oiardo artean, 0,6 kilometrotan.  
•    A-2602 Konponketa puntuala hondatutako guneetan.
•    A-2620 Kruzetako mendatea. Errodadura geruza berria 2,6 kilometrotan.
•    A-2622 Gesaltza Añana. Bide zorua berritzea bide tarteetan, guztira kilometro batean, eta eremu zehatz batzuk konpontzea.
•    A-2622 Orduñako mendatea. Errodadura geruza berritzea bide tarteetan, guztira kilometro batean.

Azkenik, Arabako eskualdeak elkar komunikatzen dituzten eta herrigune txiki eta ertainetarako sarbide gisa balio duten tokiko eta auzoko sareetan, guztira 24 bidetan esku hartuko da, kasu batzuetan hartxintxarra botaz eta beste batzuetan bide zoruak fresatuz eta zorua birjarriz.  Bide zoruen planak, besteak beste, honako errepide hauek hobetuko ditu: A-3002 errepidea, Ullíbarri-Gamboatik gertu (2,9 km); A-3126 errepidea, Santa Cruz del Fierron (2,3 km); eta A-3318 errepidea, Eskotan (2,15 km); eta A-3641 errepidea, Okondo eta Zuhatza artean (2,05 km).     

Era berean, zenbait herritako sarbideak egokituko dira, hala nola Lezama, Olabezar, Tobera, Alzedo-Villambrosa, Bellojín, Luna, Nograro, Igai, Gillarte eta Gillerna herrietakoak.  

Aurretik goaz

Foru diputatuak, 2026ko Bide Zoruen Planaren aurkezpenean, jakinarazi du komunikazio kanpaina bat jarri dela abian, Arabako Foru Aldundiko Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Saileko langile profesionalen lanari balioa emateko, Errepideen Foru Sarea mantentzeko eta modernizatzeko eta arabarrei bide eroso eta seguruak eskaintzeko.

"Atzean gaude, baina aurretik goaz" da kanpainaren leloa, eta Errepide Zerbitzuak egunero egiten duen inbertsio ahalegina eta plangintza, obra, mantentze eta kontserbazio lana erakusten ditu, sormenen, irrati iragarkien eta spoten bidez. Inbertsioa eta lana, herritarrek oro har zuzenean ikusi ez arren ezinbestekoa dena lehen mailako errepideak izateko. 
 

Errepideak eta Garraioak Foru Aldundia

Prentsa oharra

Jaitsi