Foru Aldundia | 2026 11 16

Neguko Bidezaintza Planak elurra kentzeko 14 kamioi berri eta 40 profesional gehitu ditu arreta emateko AP-68 autobidean

Guztira 262 pertsonak eta elurra kentzeko 48 kamioik kenduko dute negu honetan elurra eta izotza Arabako errepideetan 
Kanpainaren aurrekontua 2 milioi eurora arte hazi da
Jon Nogales: "Arabarrok harro egon gaitezke lehenengo mailako profesionalak eta baliabide materialak izateaz, bai eta lurralde osoa estaltzen duen zerbitzua eskaintzeaz ere, kuadrillekin dugun lankidetzari esker"

 

Vitoria-Gasteiz, 2026ko azaroaren 16a.- Arabako Foru Aldundiak indartu egin ditu 2026-2027 Neguko Bidezaintza Planeko giza baliabideak eta baliabide materialak, elurra kentzeko 14 ekipo berri eta 40 profesional, 3 estazio meteorologiko eta gatza eta gatzuna biltegiratzeko instalazio gehigarriak gehituz.  Baliabideen areagotze handi horren helburua da neguan zirkulazioa bermatzea AP-68 autobidean, bide azkar horren kudeaketa integrala aldundiak bere gain hartu ondoren. 

Jon Nogales Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Saileko foru diputatuak neguko kanpainaren berritasun nagusiak aurkeztu ditu gaur prentsaurrekoan, eta zehaztu duenez, baliabideen areagotze handi hori "ez dago AP-68ra soilik bideratuta, baizik eta Errepideen Foru Sare osoan erabil daiteke, eguraldi txarraren aurrean jarduteko gaitasuna optimizatzeko".

Nogalesek azaldu duenez, Arabako Foru Aldundiak bere gain hartu zuen, joan den azaroaren 11n, autobidearen Arabako zatiaren kudeaketa integrala, "bere 55,2 kilometroen mantentze lanak eta kontserbazioa barnean sartzen direlarik, baita neguko bidezaintza lanak ere. Zeregin horiek eraginkortasunez eta efizientziaz egiteko, hortzez eta toberaz edo andelez hornitutako elurra kentzeko 14 ekipo berri sartu ditugu, gatzarekin eta gatzunarekin prebentzio eta sendatze tratamenduak egiteko, hurrenez hurren". 

"Eta giza taldea 40 profesionaletaraino igo dugu, koordinatzaileen, gidarien, laguntzaileen eta mekanikarien artean, eguneko 24 orduetan neguko bidezaintza zerbitzua txandaka emango dela bermatzeko, behar izanez gero", gaineratu du.
 
Gainera, azpiegitura eta sistemei dagokienez, 2026/2027 Neguko Bidezaintza Planak gatza eta gatzuna biltegiratzeko eta banatzeko instalazio berriak erantsi ditu Altube, Subijana eta Zambranako ordainlekuetan. Instalazio horien bidez, urgarriak biltegiratzeko ahalmena 5.090 tona gatz eta 1.155.000 litro gatzun arte handituko da. "Hala, nabarmen hobetuko dugu gure erantzuna elur eta izotz gertakarien aurrean". 

Altube, Andagoia eta Subijanan hiru estazio meteorologiko berriren zuzkidurak osatzen du 2026/2027 Neguko Bidezaintza Planari atxikitako giza baliabideen eta baliabide materialen "jauzi kuantitatibo eta kualitatibo" hau. Zuzkidura handiago horrek, halaber, urteko aurrekontua nabarmen haztea dakar, 1,2 milioi eurotik ia 2 milioi eurora. 

Baliabide eta berrikuntza berri horiekin, 2026-2027ko Neguko Bidezaintza Planak honako zifra hauek aurkezten ditu: 

•    262 profesional inguru: arduradunak, koordinatzaileak, gidariak, laguntzaileak, ofizialak eta mekanikariak. 
•    Elurra kentzeko 48 kamioi daude guztira, gehienak toberadunak gatza eta gatzuna zabaltzeko, 60 traktore hortzdun bigarren mailako errepideei arreta emateko, eta beste ibilgailu lagungarri batzuk.
•    Instalazioak eta biltegiak 5.090 tona gatz eta 1,1 milioi litro gatzun Arabako hainbat tokitan biltegiratzeko.
•    18 estazio meteorologikoko sarea.

Foru diputatuak ziurtatu duenez, "arabarrok harro egon gaitezke lehenengo mailako profesionalak eta baliabide materialak izateaz, bai eta lurralde osoan eguneko 24 orduetan zerbitzua eskaintzeaz ere", eta azpimarratu duenez, erakundeen arteko lankidetza "berriz ere funtsezkoa izango da neguko bidezaintza lanak eraginkortasun eta efizientzia handienarekin egiteko...".

"Lankidetza horren adierazle nagusia dira Aiaraldea, Añana, Mendialdea, Arabako Errioxa, Lautada eta Gorbeialdeko kuadrillekin sinatutako hitzarmenak, bigarren mailako errepideak elurrik eta izotzik gabe mantentzeko.  Hitzarmen horien zuzkidura berritu eta hobetu berri dugu", esan du. 

Apirilaren 15ra arte

Neguko Bidezaintza Plana 2026-2027 atzo, azaroaren 15ean, igandea, jarri da indarrean formalki, eta bost hilabete iraungo ditu, apirilaren 15era arte. Hala ere, aldi horretatik kanpo izozteak edo elurteak gertatzen badira, Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Sailak beti eta une oro jarduten du pertsonen eta salgaien trafikoa bermatzeko Arabako errepideetan.

"Programa honen helburua da herritarren eta enpresen mugikortasuna eta eguneroko jarduera ahalbidetzea elurra eta izotza agertzen direnean: langileak eta ikasleak beren ikastokietara eta lantokietara joan ahal izatea; herritarrak oinarrizko zerbitzuetara joatea, hala nola osasun zerbitzuetara, eta salgaien eta ondasunen garraioak eta banaketak hornidura bermatzea. Programa gauzatzeko, giza ahalegin eta ahalegin ekonomiko handia egin behar da, inbertsioa ia bi milioi eurora arte hazi baita”, adierazi du Jon Nogalesek.

Nogalesek adierazi duenez, Neguko Bidezaintza Plana funtsezkoa da "hilabete hotzenetan gure errepideetan segurtasuna bermatzeko, baina, aldi berean, gidarien konplizitatea ere behar dugu, zuhurrak izanda. Eta zuhurrak izateak esan nahi du autoa hartu aurretik errepideen egoeraren berri izan behar dugula, eta gure gidatzeko modua beti egokitu behar dugula baldintza meteorologikoetara”.

Izan ere, “guztiok jakin behar dugu neguko operatiborik onenak ere mugak dituela fenomeno meteorologiko larri bat gertatzen bada, hala nola elur prezipitazio handia denbora tarte txiki batean. Arduratsuak izan behar gara... Inork ezin du espero berdin bizitzea egun eguzkitsu batean eta zenbait orduko elurtearen ondoren”. 

araba.eus web atariak, "errepideak eta mugikortasuna" atalean, Arabako errepideen eta mendateen egoerari buruzko informazio eguneratua emango du, bai eta Arabako Errepideak Kontrolatzeko Zentroak ere, 945 21 72 72 telefono zenbakiaren bidez.  

Neguko Bidezaintza Plana abiarazteko, Euskal Metereologia Agentziaren (Euskalmet) iragarpenei begiratzen zaie, eta bi lan mota egiten dira: prebentzio lana, izozteak iragartzen baditu edozein kotatan edo elurteak 700-1.000 metrotan, eta larrialdi egoera, elurra iragartzen badu 700 metrotik behera, aurreikusitako lodiera edozein dela ere. 

Iragarpen horiek, profesionalen landa informazioa eta Foru Aldundiaren hamahiru estazio meteorologikoek ematen duten informazioa kontuan hartuta, giza baliabideak eta baliabide materialak hedatzen dira. Estazioek, airearen tenperaturaz, haizearen indarraz eta norakoaz, eta prezipitazioez ohiko datuak emateaz gainera, bestelako datu oso baliagarriak ematen dituzte, hala nola asfaltoaren tenperatura edo izotzak eta elurrak asfaltoaren gainean duten lodiera. 

Neguko Bidezaintza Planak ezartzen ditu elurteetarako lehentasunak, sareko errepide guztietan modu berean jardutea ezinezkoa denean: 1 lehentasuneko errepideetan, bermatu nahi izaten da zirkulazioa posible izatea eguneko 24 orduetan; 2 lehentasunekoetan, zirkulazioa 08:00ak eta 18:00ak bitartean posible izan dadin bermatu nahi izaten da, betiere 1. lehentasunari erantzun bazaio; eta 3 lehentasuneko tarteetan, helburua horixe bera izaten da, betiere 2. lehentasunari erantzun bazaio. 

1 lehentasunaren barruan sartzen dira: A-1; AP-1; AP-68, N-102, Vitoria-Gasteiztik Ariñizko lotuneraino; N-104, Vitoria-Gasteiz A-1ekin lotzen duena; N-124, Vitoria-Gasteiz Arabako Errioxarekin lotzen duena; N-240, Vitoria-Gasteiztik Barazarko mendaterantz doana; N-622, Vitoria-Gasteiz AP68 errepidearekin lotzen duena; N-624 eta Forondako Aireportuko sarbidea; A-132, Nafarroarekiko mugaraino; A-2120, Zambrana eta Miranda de Ebro bitartean, eta A-2134.  Errepide hauek guztiek 428 kilometro egiten dute guztira.

2. lehentasuneko errepide zatiek 139 kilometro egiten dituzte, eta Opakua eta Gasteizko mendateak sartzen dira; 3. lehentasuneko errepide zatiek, berriz, ia 1.100 kilometro egiten dituzte. Azken horietako lanez kuadrillak arduratzen dira batez ere, Arabako Foru Aldundiarekin sinatutako hitzarmenen bidez. 
 

Foru Aldundia Mugikortasuna Bide azpiegiturak

Prentsa oharra

Jaitsi