Foru Aldundia | 2026 11 13

Eskola kiroleko jarduera irekien programaren laugarren edizioa 30 kirol modalitateren proposamenekin gauzatu da

Ekimenak jarduera zehatz irekiak eskaintzen dizkie Arabako ikasle guztiei, kasuan kasuko modalitateko eskola kirolaren programan izena emanda egon ala ez

Programak aukera ematen du diziplina desberdinak aurkitzeko, ikasturte berean hainbat kirol modalitate egiteko eta jolas jardueretan parte hartzeko, ez soilik lehia jardueretan
 

Vitoria-Gasteiz, 2026ko azaroaren 13a. Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailak abian jarri du Eskola Kiroleko Jarduera Irekien Programaren laugarren edizioa. Programa hori Arabako kirol federazioekin lankidetzan garatu da, eta zenbait kirol modalitateren jarduera zehatzak eskaintzen ditu, Arabako ikasle guztientzat irekiak, kasuan kasuko modalitateko eskola kirolaren programan inskribatuta egon ala ez.

Programaren helburua da haurrek kirol diziplina desberdinak ezagutu ahal izatea, ikasturte berean hainbat kirol modalitate egitea eta formatu desberdinetako proposamenetan parte hartzea, izaera lehiakorreko ohiko jardueretatik harago.

"Nahi duguna da eskola kirola aukera bat izatea hainbat kirol modalitate deskubritzeko, ikasteko eta haietaz gozatzeko. Kontua ez da soilik lehiatzea, baizik eta haurrei aukera ematea beste kirol batzuk probatzeko, esperientziak partekatzeko eta beren interesei erantzungo dieten jarduerak aurkitzeko. Programa horri esker, agian ezagutzen ez dituzten diziplinetara hurbildu ahal izango dira, eta kirola egiteko beren aukerak zabaldu", adierazi du Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak.

2026-2027 Jarduera Irekien Programak 30 kirol modalitateren proposamenak izango ditu: xakea, atletismoa, badmintona, beisbola, boxeoa, txirrindularitza, eskalada, golfa, halterofilia, hipika, areto hockeya, belar hockeya, izotz hockeya, borroka, judoa, mendia, padela, patinajea, izotz gaineko patinajea, parkourra, euskal pilota, piraguismoa, errugbia, squasha, mahai tenisa, tiro olinpikoa, arku tiroa, tranpola, waterpoloa eta bela. 


Bost jarduera mota

Eskaintzak bost proposamen mota jasotzen ditu: jolas jaiak, jokoekin eta hastapen jarduerekin; lehiaketa festak, lehiaketa ofizialaz bestelako formatuekin; hastapen ikastaroak, modalitate horretan aritzen ez diren ikasleentzat; lehiaketa irekiak, eskola egutegiko probetan parte hartzeko aukera ematen dietenak kasuan kasuko kirolean izena emanda ez daudenei, eta topaketa irekiak, zeinak lehiarik gabeak baitira.

Hartzaileak, antolamendua eta inskripzioak

Programa 2011 eta 2020 artean jaiotako ikasleei zuzenduta dago, baina jarduera bakoitzak zehaztuko du zer adinetarako den. Inskribatuta dauden zein ez dauden ikasleek parte hartu ahal izango dute dagokion modalitatean, hastapen ikastaroetan izan ezik, izena eman ez dutenentzat gordeta baitaude.

Jarduerak Arabako kirol federazioek antolatzen dituzte, Arabako Foru Aldundiarekin dituzten eskola kiroleko hitzarmenen esparruan, eta 2026-2027 programaren aldian egingo dira, 2026ko irailaren 7tik 2027ko ekainaren 20ra. 

Eskaintza familiei hurbiltzeko, Sailak informazio gutun bat bidali die kirol erakundeei, Arabako etxeei helaraz diezaieten. Gainera, jarduerak hileko buletinen bidez zabalduko dira, eta Aldundiaren webgunean kontsultatu ahal izango dira. Bertan, proposamen berriak sartuko dira, eta modalitatearen, adinaren, hilabetearen eta lekuaren arabera iragazi ahal izango dira.

Inskripzioak jarduera bakoitzaren fitxan eskuragarri dagoen formularioaren bidez egingo dira. Proposamenak, oro har, doakoak izango dira edo kostu sinbolikoa izango dute. Ordainketa jardueretan, plazen % 10, behintzat, zaurgarritasun ekonomikoko egoeran dauden ikasleentzat gordeko da. Ikasle horiek doan parte hartu ahal izango dute, edo prezioaren % 75era arteko murrizketarekin, gizarte laguntzak (GLL, DSBE, etab.) jaso dituztela egiaztatzen duen ziurtagiri bat aurkeztu ondoren.

Informazio guztia: https://web.araba.eus/eu/kirola/eskola-kiroleko-jarduera-irekien-programa 
Jarduerak eta inskripzioak: https://web.araba.eus/eu/kirola/jarduera-irekiak  (proposamen berriak sartzen joango dira). 

Foru Aldundia Kirola

Nota de prensa

Jaitsi