Ogasuna, Finantzak eta Aurrekontuak | 2026 11 13

Zerga neurrien foru arau proiektuaren helburuak dira herritarrei beren erosahalmena babestea, etxebizitza eskuratzen laguntzea eta talentua erakartzea

Neurri sortak PFEZaren tarifa % 3an deflaktatzea proposatzen du, "familia ekonomientzako arintze zuzeneko neurri bat, zergaren izozte eraginkor bat", azpimarratu du Ramiro Gonzalez diputatu nagusiak

Zaintzagatiko kenkariak areagotu egin dira, eta haur eta nerabeen abusuen biktimek jasotako kalte-ordainak zergak ordaintzetik salbuetsi dira

Proiektuak pizgarri fiskal espezifikoak konbinatzen ditu jarduera ekonomikoari, enpleguari eta lurraldean irauteari eusteko baldintzekin
 

Vitoria-Gasteiz, 2026ko azaroaren 13a. Gobernu Kontseiluak, gaur goizean egindako ezohiko bilkuran, 2027ko zerga neurriei buruzko foru arau proiektua aurkeztu du. Neurrietan bat nabarmentzen da: PFEZaren tarifa % 3 deflaktatzea, herritarren erosahalmena babesteko. "Zergaren benetako izoztea da. Deflaktazioaren zenbatekoa bat dator Euskadiko soldata-igoeraren batez bestekoarekin. Soldata igotzeak ez du esan nahi zerga gehiago ordaindu behar direnik. Beraz, familientzako lasaitasun neurri zuzena da ", azpimarratu du Ramiro Gonzalez diputatu nagusiak, neurrien aurkezpenean.

Proiektuko arauan zenbait neurri biltzen dira herritarrei etxebizitza eskuratzen laguntzeko, gizartearen erronka batzuei aurre egiteko (zaintza, gazteen enplegua eta mugikortasun jasangarria, esaterako), enpresen errotzea indartzeko, eta talentua erakartzeko eta atxikitzeko. Proposatutako foru arauan uztartuta agertzen dira zerga pizgarri zehatzak eta jarduera ekonomikoa eta lanpostuak mantendu beharra eta lurraldean jarraitu beharra.  Gainera, kontrol mekanismoak ezartzen dira inork zerga onurak txarto ez erabiltzeko.

Langileen arloan, errenta baxuenekoen eta errenta ertainekoen aldeko laguntza indartzen da, zabaldu egiten baitira lanaren etekinei murrizketa handiagoa aplikatzeko eskubidea ematen duten atalaseak. Hobari handiena, 8.000 euro, zabalduko da eta 18.800 eurora arteko soldata garbia daukaten zergadunek aplikatu ahal izango dute (orain arte muga 14.800 euro zen). Beste alde batetik, 3.000 euroko gutxieneko murrizketa aplikatzeko atalasea igo egiten da eta 25.000 eurotan uzten da. 

Zerga neurri berrietako asko etxebizitzaren ingurukoak dira. Hauxe da garrantzitsuena: enpresek beren langileen etxebizitza alokairua ordaintzen duteneko errentak zergaren kargatik salbuetsiko dira, gehienez 700 euro hilean, 24 hiletan, alokairua erreferentziazko prezioen indizeen barruan egonez gero. Gainera, arrazoizko alokairuak sustatzeko pizgarriak gehitzen dira: gaur egun hobaria % 70ekoa da eta proiektuaren arabera % 75ekoa izango da programa publikoekin lotutako edo erreferentziazko prezioekin bat datozen alokairuetan, baldin eta errentaria 36 urtetik beherakoa bada edo jabeak etxebizitza birgaitzeko jarduketak egin baditu aurreko bi urteetan.

Halaber, pizgarriak emango dira hutsik dauden etxebizitzak alokairuan ipintzeko eta etxebizitzak eskuratzeko. 36 urtetik beherako gazteek % 1,75eko edo % 3ko tasa murriztua jasango dute ondare eskualdaketen gaineko zergan (tasa orokorra % 2,5ekoa edo % 4koa da); aldiz, ukandun handien gaineko karga handituko da: % 5 -7 arteko tasa dauzkaten etxebizitzen arabera. Ildo beretik, udalek % 150era arteko errekarguak ezarri ahal izango dituzte bizitegi merkatua tentsionatuta dagoen eremuetako turismo ostatuen OHZn.

Horrez gainera, 65 urtetik gorako pertsonek salbuespena aplikatu ahal izango dute ohiko etxebizitza eskualdatzen dutenean egoitza batera edo senide baten etxera bizitzera joateko, baldin eta etxebizitza hutsik geratzen bada eta etxebizitza bitartekaritzako programa publiko batean sartzen bada. 

Gizartearen eremuan, Arabako Foru Aldundiak zaintzagatik aplikatzen diren kenkariak gehituko ditu: kenkari orokorra 500 eurokoa izango da eta guraso bakarreko etxeen kasuan 1.000 eurora heldu ahal izango da. Gainera, kargarik gabe uzten dira haurtzaroan eta nerabezaroan Eliza Katolikoaren eremuan abusuak jasan dituzten biktimek jasotzen dituzten kalte ordainak.

Enpresen arloan, foru arau berriaren arabera % 30eko murrizketa aplikatuko zaie enpresak, akzioak edo ustiapen ekonomikoak eskualdatzen direnean sortzen diren gainbalioei. Murrizketa % 35ekoa izango da mikroenpresen eta ETEen kasuan, eta % 40koa eskuratzailea emakumea edo 36 urtetik beherakoa denean. Pizgarri hori 3 milioi eurora arteko gainbalioei aplikatu ahal izango zaie, eta ezinbestekoa izango da jarduera gutxienez lau urtez mantentzea.

Gainera, langileek enpresetan partaidetza edukitzea bultzatzen da zerga onura batzuen bidez: akzioak edo partaidetzak doan edo merkatuko prezio normala baino baxuagoan ematea (urtean 12.000 euro gehienez, guztira) eta ez zergapetzea merkatuko interes tasa normalaren eta kooperatiba batean edo sozietate baten kapitalean sartzeko ematen den aldeko maileguaren interes tasa baxuagoaren arteko diferentzia, asmoa dela langileak errotzea, kudeaketan parte hartzea eta enpresa proiektuen egonkortasuna bultzatzea.

Proposamenean gazteen prestakuntzarako eta enplegurako laguntzak sustatzen dira. Enpresek kenkaria aplikatu ahal izango dute etengabeko prestakuntzako eta prestakuntza dualeko kontratuengatik: eragiten dituzten soldata kostuen % 20. ETEen eta mikroenpresen kenkaria handiagoa izango da: % 25. 

Lurraldera lekualdatutakoen araubidea dela eta, proiektuaren asmoa da talentu handiko pertsonak erakartzeko ahaleginak areagotzea: % 42ko salbuespena lanaren etekinentzat eta % 30ekoa esparru estrategikoetako profesional espezializatuentzat (I+G+i, teknologia eta trantsizio energetikoa), eta % 10eko pizgarri gehigarria 36 urtetik beherakoentzat. Gainera, sartzeko baldintzak malgutzen dira eta kenkariak aplikatuko dira mugigarritasun geografikoarengatik, profesionalek errazagoa izan dezaten Arabara etortzea.

Azkenik, % 5eko kenkaria ezartzen da ibilgailu berria eskuratzen denerako 20 urtetik gorako edo emisio handiko zaharra txatarrera eramanda; bi urtean egongo da indarrean eta prezio muga edukiko du: ibilgailu arrunt efizientea, 30.000 euro; ibilgailu elektrikoa edo emisiorik gabea, 40.000 euro.

Ogasuna, Finantzak eta Aurrekontuak Diputatu nagusia Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Saileko foru diputatua

Prentsa oharra

Jaitsi

2027ko zerga-neurriak

Jaitsi