FIAR Arabara itzuliko da bigarren edizioarekin, harremanak eta parte-hartzea esperientzia artistikoaren erdigunean jarrita - arabapress
FIAR Arabara itzuliko da bigarren edizioarekin, harremanak eta parte-hartzea esperientzia artistikoaren erdigunean jarrita
Arte Erlazionalaren Nazioarteko Jaialdia azaroaren 12tik 15era egingo da Gasteizen eta Arabako hainbat herritan
Edizio berri honek jaialdiaren dimentsio artistikoa zabalduko du, hausnarketarako, eztabaida profesionalerako eta nazioarteko trukerako espazioak gehituta.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko urriaren 27a. FIAR Arabako Arte Erlazionalaren Nazioarteko Jaialdiak bere bigarren edizioa jarriko du martxan azaroaren 12tik 15era, Gasteizen eta lurraldeko hainbat herritan. Lehen edizioan arte erlazionala ezagutaraztea izan zuen helburu; oraingoan, berriz, artista, espazio, erakunde eta proiektu gehiagok osatutako komunitate batekin itzuliko da jaialdia, arteak topaketarako, parte-hartzerako eta eraikuntza kolektiborako espazio gisa eskaintzen dituen aukeretan sakontzeko proposamenarekin.
FIARren abiapuntua praktika artistikoa ulertzeko modu bat da, sorkuntzaren erdigunean harremana jartzen duena, eta ez soilik artelana. Publikoa ez da amaitutako proposamen bat behatzen duen ikusle hutsa; aitzitik, bere presentziaren eta parte-hartzearen bidez soilik osotasunean gauzatu daitezkeen esperientzien parte bihurtzen da.
«Lehen edizioan arte erlazionala zer zen azaldu behar genuen. Aurten urrats bat harago egin dezakegu: jada ez dugu jaialdi bat soilik aurkezten, hazten jarraitzen duen komunitate baten parte izatera gonbidatzen dugu», azaldu du FIARreko zuzendari artistikoa den Iara Solano Aranak.
Bilakaera horren ondorioz, edizio honetan jaialdia ez da soilik aliantza eta testuinguru kopuruan haziko, baita «barrurantz» ere. Esperientzia artistikoekin batera, praktika erlazionalak hainbat ikuspegitatik pentsatzeko, aztertzeko eta partekatzeko espazio berriak txertatuko ditu FIARrek.
Berrikuntza nagusien artean daude Estetika eta Praktika Erlazionalari buruzko lehen Jardunaldiak, estetikaren, komisariotzaren, antropologiaren eta performance-ikasketen arloko ekarpenak bilduko dituztenak; ConFIARse deialdia, Arabako eta Euskadiko artista eta konpainien proiektuak nazioarteko profesionalei hurbiltzeko sortua; eta Tortilla Bueltatu, kultur sektorearen egungo kezka batzuei buruz kolektiboki hausnartzeko espazio informala.
Gasteizko Udaleko Kultura eta Hezkuntza zinegotzia den Sonia Díaz de Corcuerak FIARrek sorkuntza artistikoa, herritarrak eta hiri-espazioa harremanetan jartzeko duen gaitasuna nabarmendu du: «Jaialdiak kultura bizitzeko modu bat proposatzen du, Gasteizen nortasunarekin oso lotua doana: kultura hurbila, parte-hartzailea eta pertsonen, espazioen eta komunitateen arteko elkarrizketa sortzeko gai dena. FIARrek esperimentaziorako eta topaketarako leku bihurtzen du hiria, eta gogorarazten digu kultur bizitza ez dela soilik ekipamenduetatik eraikitzen, baita auzoetatik, harremanetatik eta herritarren inplikaziotik ere».
Programazioak Arabako, Euskadiko, Espainiako, Mexikoko, Erresuma Batuko eta Brasilgo artista eta kultur eragileen proposamenak bilduko ditu. Askotariko formatuen bidez, memoriarekin, zaintzarekin, herritarren parte-hartzearekin, lurraldearekin, eguneroko bizitzarekin, klimari buruzko eztabaidarekin, doluarekin edo komunitatearen eraikuntzarekin lotutako esperientziak proposatuko dituzte. Lengoaia eta testuinguru aniztasunaz harago, guztiek dute helburu bera: sortzen duenaren eta behatzen duenaren arteko muga lausotzea.
Fundación Vital Fundazioko zuzendari Arantxa Ibáñez de Opacuaren hitzetan, «FIARrek harremanetarako eta eraldaketa sozialerako tresna gisa ulertzen du kultura. Bere balioa pertsonak hartzaile hutsak izan beharrean partekatutako esperientzia baten partaide aktibo bihurtzen diren egoerak sortzean datza. Jaialdi hau babesteak kultura hurbilagoa, irekiagoa eta pertsonen bizitzarekin lotuagoa sustatzen laguntzea esan nahi du, baita artearen bidez elkartzeko eta komunitatea eraikitzeko modu berriak ikertzen dituztenei babesa ematea ere».
Bigarren edizioak lurralde-dimentsioa ere indartuko du. Jardueraren zati handi bat Gasteizen egingo den arren, FIAR Agurain, Eltziego eta Arabako landa-inguruneko hainbat gunetara ere iritsiko da, askotariko kultur, gizarte eta komunitate espazioekin loturak ezarriz. Horrela, administrazioek, erakundeek, proiektu independenteek eta izaera desberdineko kultur eragileek elkarlanean osatutako sare gisa egituratuko da jaialdia.
Jasangarritasuna ere FIAR ulertzeko eta garatzeko moduaren parte da. Bigarren edizio honetan, jaialdiak bere Jasangarritasun Konpromisoa zehaztu du, «Jaialdia bizitzeko eta bertan egoteko gure modua» ideiaren pean. Konpromiso horrek ingurumenarekiko errespetua, pertsonen ongizatea, erantzukizun ekonomikoa eta kulturak topaketarako eta eraldaketarako espazio gisa duen balioa uztartzen ditu. Konpromiso hori jaialdiaren antolaketan islatzen da, ingurumen-aztarna murriztera, hurbileko ekonomia sustatzera eta lurraldearekiko zein bertako komunitateekiko loturak sendotzera bideratutako erabaki kontzienteen bidez.
«FIAR bat dator kultur eredu ireki, parte-hartzaile eta deszentralizatu batekin, sorkuntza garaikidea lurraldeko errealitate desberdinekin lotzeko gai denarekin», adierazi du Ana del Val Kultura eta Kirol foru diputatuak. «Bereziki baliotsua da zubiak eraikitzeko duen gaitasuna: Gasteizen eta Arabako gainerako lurraldearen artean, tokiko artisten eta nazioarteko profesionalen artean, hausnarketaren eta praktikaren artean, eta kultur sektorearen eta herritarren artean».
Egitarau osoan jasota daude proposamen bakoitzaren ordutegiak, espazioak, ezaugarriak eta parte hartzeko baldintzak. Sarrerak eta informazio eguneratua jaialdiaren kanalen bidez eskura daitezke.
Prentsarako harremanetarako:
634 551 620 / 653 72 33 25
Instagram: @festivalfiar

