Kultura | 2025 11 14

Hemen da berriro ere GazteFilm Fest, inoiz baino indartsuago, urtebeteko etenaldiaren ondoren

Jaialdiak berriro ekarriko ditu zinema, musika eta sormena Gasteizera

Azaroaren 21etik 30era Vital Fundazio Kulturunean, Artium Museoan, Izaskun Arrue Kulturgunean eta Salburua eta Zabalganako Gizarte Etxeetan
 

Vitoria-Gasteiz, 2025eko azaroaren 14a. Finantzaketa-arazoek eragindako urtebeteko etenaldiaren ondoren, GazteFilm Fest inoiz baino indar handiagoarekin itzuli da edizio berri honetan, hezkuntzarekin, sormenarekin eta haurren parte-hartzearekin duen konpromisoa berresteko. Beste behin, jaialdiak agerian uzten du proiektu kulturalak, hauskorrak eta ezegonkorrak izanagatik ere, erresistentziarako, irudimenerako eta komunitate-sorkuntzarako espazioak ere izan daitezkeela. Izan ere, honenmoduko proiektu bat sostengatzeak, hots, haurren, euskararen, zinema ez-komertzialaren eta parte-hartze aktiboaren alde egiten duen proiektu bat sortzeak, ez luke biziraupen-ekintza bat izan beharko, ardura banatua baizik. 

Jaialdi parte-hartzaile eta berdingabea 
GazteFilm Fest zinema-jaialdia baino askoz gehiago da: partaidetzazko proiektu bat da eta haurrak aintzatesten ditu sorkuntzaren fase guztietan: lehiatzen diren filmen aukeraketan, euskarazko bikoizketetan, difusio-materialekin egiten diren esku-hartze artistikoetan, aretoetako aurkezpenetan, azken balorazioetan edo sari-banaketan, haurrak dira egiazko protagonistak. Metodologia honek urtero bederatzi hilabete inguruko aurretiazko lana eskatzen du, baina horrexek egiten du, hain justu, gure jaialdia horren berezi, interesgarri eta ludiko. Aldi berean, metodologia horrek berak ikuspegi berri eta estimulagarrietatik hurbiltzen die zinema haurrei.

Gazteek sortutako soinu-banda 
Aurten, Jesús Guridi Musika Kontserbatorioaren laguntzari esker, berritasun zirraragarri bat sortu dugu: kontserbatorioko ikasle gazteek parte hartu dute jaialdiko melodia ofiziala konposatzeko lehiaketan. Irabazi duen pieza edizio honetako gortinan txertatu da, Fibonacci du izenburua eta Maren Larreina Astola ikaslearen lana da.
Edizio honetako gortinako irudiak, berriz, Sonia Estévez artista gasteiztarrak koordinatzen duen ikus-entzunezko sorkuntza-tailerreko emaitza dira. Bi proposamen horiek uztartzeak (musika eta irudia) hobezin laburbiltzen du jaialdiaren izaera: lan kolektiboa, esperimentazioa eta ikusentzunezko lengoaiak balioestea. 

Sail berriak eta nazioarteko horizonteak 
Aurtengo berritasunen artean “Haurtzaroaren erretratuak” saila nabarmentzen da, haurrak protagonista dituzten baina helduen begiradatik eginda dauden filmei eskainia. Sentirkortasun eta sorpresaz jositako lanotan, haurren unibertsoak esploratuko dira alderdi sinboliko, eguneroko zein poetikoei erreparatuz. Gainera, La niña de la cabra filmaren zuzendari Ana Asensio izango dugu gurekin, bere lana Gasteizen aurkeztera etorriko baita. Bestalde, Olmo film mexikarra ere izango dugu gurean, aurrerapen gisa, 2026ko edizioan herrialde gonbidatua Mexiko izango baita.

Jaialdiaren beste oinarri handietako bat Haurrek egindako Zinemari eskainitako saila da. Horretan, urtez urte gero eta kalitate handiagoko lanak bildu ditugu, munduko txoko guztietatik etorriak. Aurten, besteak beste, Txekiako, Kolonbiako, Irango, Egiptoko, Estoniako, Esloveniako, Kroaziako edo Errusiako filmak jaso ditugu. Lan iradokitzaileak dira guztiz, agerian uzten dutenak mundu guztiko haurren talentua, sentikortasuna eta sorkuntza-aniztasuna. 

Nazioarteko zenbait jaialditan (hala nola Berlinale edo Gijón) saritutako filmen Euskal Herriko estreinaldiak ere izango ditugu: Maya, donne-moi un titre, Tales from the Magic Garden, The Mountain edo Zirkuskind izango ditugu sentikortasuna, adimena eta umorea konbinatzen dituen programazio ederrean. Sail paraleloan, horiez gain, Animal Tales of Christmas Magic film bikaina ere egongo da ikusgai, samurtasunez eta fantasiaz jositako istorioa. 

Artea, musika eta elkartasuna
GazteFilm Festek arte-lankidetza gehiago egin ditu aurten, hala nola Alfredo Costa Monteirok eskainitako soinu-esperimentazioko tailerra Iglu espazioan: murgiltze-esperientzia txundigarria, haurrei soinuekin eta entzumenarekin esploratzeko aukera emango diena, modu jostagarri eta sentsorialean. 

Jaialdiak, bestetik, Ibaitik itsasoraino programa ere hartuko du, haurrei zuzendutako lau filmez osatutako programa, palestinar herriaren aurkako genodizioak sortutako giza drama sakonaren aurrean sentsibilizatzeko sortua. “Gure haurrak ere badira” ekimenarekin ere bat egin dugu eta, horren ildotik, gutun filmiko deritzenak jarri ditugu martxan. Horretan, Gasteizko haurrek palestinar haurrei ikus-entzunezko mezuak bidaltzen dizkiete, gogoraraziz zinemak (enpatiak bezalaxe) ez dakiela mugak zer diren. Begiratzeko, ulertzeko eta sentitzeko gonbita, sinesten duena zinema ere izan daitekeela kontzientzia eta itxaropen elkarbanaturako toki bat. 

Inaugurazio musikala 
Edizio honen inaugurazioa Xabier Zeberioren PAUSE ikuskizunaren estreinaldiak markatuko du. Jesús Guridi Kontserbatorioko Bernaola Orkestrak lagunduta, Zeberioren proposamenak egungo musika eta emozio bisuala uztartzen ditu, modu paregabean, hain zuzen ere, emozioa, artea eta komunitatea bilatzen dituen jaialdi hau irekitzeko.

GazteFilm Festek bere misioarekin jarraitzen du: zinema haurrei hurbiltzea, parte-hartzea, aniztasuna eta baterako sorkuntza oinarri. Gure jaialdia txikia da egiturari dagokionez, bai, baina handia da ideietan, ilusioan eta irudikatzeko eta jakingura pizteko ahalmenean. 
Edizio bakoitzean, munduari beste garaiera batetik begiratzeko gonbit berri bat luzatzen zaigu, jakinmin zoliz eta oraindik ere harritzeko gaitasuna dutenen begiradaz. Hain zuzen ere, begiradok gogorarazten digute, behin eta berriz, zergatik jarraitzen dugun sinesten zinemaren magian.

Sarrerak salgai daude jada Entradiumen eta jaialdiaren webgunean bertan (https://www.gaztefilmfest.com/). 
Informazio guztia jaialdiaren webgunean bertan. 
 

Kultura

Prentsa oharra

Jaitsi