| 2026 09 14

Gorbeia Experiencek bi asteburu "magiko" eskainiko ditu Euskadiren bihotz berdeaz gozatzeko eta hura dastatzeko

  • Hitzorduak irailaren 26an eta 27an eta urriaren 3an eta 4an izango dira, eta dastaketak, zaldi ibilbideak, hegazti behaketak, bisita gidatuak, tailerrak eta mendi ibilaldiak izango dira
     
  • Amaiera ekitaldia urriaren 4an izango da, Zurbaoko Mi Castillo de Arena ekitaldi gunean, non artisautza azoka, gastronomia, zozketak eta zuzeneko musika izango baitira

Vitoria-Gasteiz, 2026ko irailaren 14a.- Gorbeia Experience jaialdiak jarduera programa oso bat eskainiko du irailaren 26ko eta 27ko eta urriaren 3ko eta 4ko asteburuetan, Arabako Gorbeialdeko eskualdeko natura, ondarea eta gastronomia ezagutu, dastatu eta gozatzeko benetako esperientzien bidez.

Tokiko produktuen dastaketek, mendi ibilaldiek, ibilbide mikologikoek, hegazti behaketek, zaldi ibilbideek, bisita kulturalek, tailerrek eta ongizate esperientziek osatuko dute Gorbeialdeko Kuadrillak Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin bultzatzen duen jaialdi hori, helburu duena Gorbeia turismo jasangarriaren eta kalitatezko turismoaren erreferente gisa sendotzea.

Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Saileko foru diputatuak, Clara Navas Eusko Jaurlaritzako Turismoko eta Ostalaritzako zuzendariak eta Agustín Otsoa Eribeko Gorbeialdeko Kuadrillako lehendakariak jaialdiaren bigarren edizioa aurkeztu dute gaur prentsaurrekoan. Jaialdia asteburu bakarrekoa izatetik bi asteburukoa izatera pasa da aurten.

Aurkezpenean parte hartu dute, halaber, Gopegiko Zaldiluma zaldi proiektuaren sustatzaile Maite Martínezek eta Zurbaoko Mi Castillo de Arena ekitaldi gunearen arduradun Ani Verásteguik. Gune horretan egingo da jaialdiari amaiera emateko ekitaldia, zeinetan artisautza azoka, gastronomia, zozketak eta zuzeneko musika izango baitira. 

"Arabarrok eta bisitariek aukera paregabea dugu Gorbeialdea eta bertako natura, ondare eta gastronomia erakargarriak ezagutzeko, eskualde horretako tokiko enpresek eskainitako esperientzien bidez. Aukera bat da udazkenean ikusgarri baino ikusgarriago dagoen eskualdearen muinean murgiltzeko", azaldu du Cristina González diputatuak. 

Clara Navasek, bestalde, Gorbeia Experienceren kalitatea eta benetakotasuna nabarmendu ditu; izan ere, "natura, ondarea eta gastronomia dituen eta esperientzian eta ingurunearekiko errespetuan oinarritutako turismoa bultzatzen duen eskualde honen balioa nabarmentzen duten proposamenak biltzen ditu. Ekitaldi honek lagundu egiten du Gorbeia publiko berriei hurbiltzen eta turismo aktiboa, jasangarria eta lurraldeari lotua bilatzen dutenen artean erreferentziazko helmuga gisa sendotzen". 

"Horrelako ekimenak aintzatetsi eta babestu nahi ditugu; izan ere, aukera ematen dute jarduera sortu, gure landa ingurunea dinamizatu eta Euskadi beste ikuspegi batetik ezagutzeko eta gozatzeko". 

Gorbeia Experiencen lehen edizioa 2025ean izan zen, asteburu bakarrean, eta jarduera ugari eta jende eta parte hartze handia izan ziren. Agustín Otsoak azaldu duenez, erantzun bikain horrek formatua handitzera eta asteburu batetik bira pasatzera bultzatu ditu. Horrek jarduera bakoitzeko jende kopurua murrizteko eta proposamen eta jarduera gehiago gauzatzeko aukera ematen du. 

"Hori bai, muinari eutsi diogu: bertako biztanleei eta bisitariei erakusleiho bizi bat eskaintzea, bertatik bertara ezagutu dezaten ingurunea, bertako jendea eta bertan gauzak egiteko dugun modua, betiere turismo jasangarri, hurbil eta benetakoaren ereduaren pean", gaineratu du. 

Mendi ibilaldiak, tailerrak, hegazti behaketa eta abentura

Gorbeia Experience jaialdia bi asteburutan izango da: irailaren 26an eta 27an eta urriaren 3an eta 4an. Jarduera ugari izango dira, eta horietako askotarako, erreserba egin behar da. 
•    Hegaztiak behatzeko ibilbide gidatuak, Birding Gorbeiaren eta Equinoccio Naturaren eskutik: Basoa eta ura (Goiuritik) eta Mendia eta labarra (Untzatik). 
•    Bisita gidatuak, Ttipiaren eskutik, Oroko santutegira (Bitoriano, Zuia) eta Zigoitiko erromanikoa ezagutzeko, Olanotik, Ondategitik eta Sarragoa haritzetik pasatuz.
•    Merino artilea feltro bihurtzeko artisau tailerra Gopegin, Artihika Artilearen eskutik.
•    Esperientzia gastronomikoak: Erlezaina egun batez bisita eta dastaketa, Istrupiza baserrian (Ziorraga); Artzaina egun batez bisita eta dastaketa, Atxeta Gazta gaztandegian (Oleta), eta bisita eta sagardo dastaketa Iturrieta Sagardotegian (Arraga).
•    Argazki saioak naturan zaldiekin eta familia konstelazioko jarduerak zaldien laguntzaz, Zaldiluman (Gopegi).
•    Grabatze, estanpazio eta xilografia tailerrak, Alba Tojo artistaren eskutik, Sarriko parketxean (Zuia).
•    Zaldi ibilbide gidatuak, Gorbeian, Hípica Gopegiren eskutik (Zigoitia). 
•    Ibilbide mikologikoa eskualdeko basoetan, Micología para todosen eskutik.
•    Proposamen konbinatuak, hala nola Atxeta Gaztako Maider Undak eta Arthika Artileak eskaintzen dutena: Artaldetik tailerrera (Artzaina egun batez + artilea feltro bihurtzeko tailerra). 
•    Toca tierra ongizaterako eguna: yoga + gosari-bazkaria + zeramika, La Cabaña Pottery and Plantsen (Sarria, Zuia).

Bi asteburuetan, egun osoan zehar, Oletako Hontza Extrem parkeko zuhaitzen eta tirolinen abenturaz gozatu ahal izango da. 

Jaialdiaren amaiera ekitaldia urriaren 4an, igandea, egingo da, Zurbaoko Mi Castillo de Arena ekitaldi gunean, 10:00etatik 14:00etara, eta lehen aipatutako jarduera mota guztiak eskainiko dira: bisita gidatua Zurbaoren ondarera eta historia ezagutzeko; artisautza tailerrak; sagardo, Idiazabal gazta eta ezti dastaketak; produktu eta artisautza azoka; zozketak, eta musika zuzenean. 

Gorbeia Experiencek, gainera, Gorbeialdeko gastronomian murgiltzeko aukera ere eskainiko du. Izan ere, eskualdeko jatetxeek bisitarien eskura jarriko dituzte beren proposamen gastronomikoak: Iturrietako sagardotegiko menua (Arraga), La Casa del Patrónen dastatze menua (Murgia) eta Bentazar jatetxeko errezeta tradizionalak (Elosu). 

Atabakaren (Oroko santutegia) plater berritzaileek, Tap-Room Baiasen (Oiardo) menu bereziak eta artisau garagardoak eta Ipar-Itxasoren itsaskiek osatuko dute eskaintza.

Gorbeialdeko ostatuek ere bat egingo dute ekitaldiarekin, eta egonaldiak eskainiko dituzte landetxe txikietan eta gertutasunez eta etxekotasunez kudeatutako hoteletan, bisitariek atsedena eta abegikortasuna bermaturik izan ditzaten natura betean. Aipatzekoak dira, besteak beste, Bentazar (Elosu), Ulle Gorri (Apregindana) eta Haizatu (Manurga) landetxeak, La Casa del Patrón hotela (Murgia) eta Casa Lafuente (Lukiano) eta Zuia Suites (Murgia) apartamentuak. 

Gainera, parte hartzaileek Gorbeialdeko Kuadrillako argazki lehiaketan parte hartu ahal izango dute, eskualdeko paisaien eta ingurunearen balioa nabarmentzeko (oinarriak gorbeialdekokuadrilla.eus helbidean), bai eta argazki lehiaketa berri batean ere, Instagramen, @gorbeia_eusakdi kontu ofiziala etiketatuz eta #GorbeiaExperience traola erabiliz. 

Instagrameko lehiaketaren sariak, bi pertsonarentzako bazkaria eta tokiko produktuen eta esperientzien loteak, urriaren 4an emango dira, Zurbaoko Mi Castillo de Arena ekitaldi gunean, jaialdiaren amaiera egunean.

Izen emateak eta bonuak

Programako jardueretan izena emateko epea hasita dago: https://gorbeiaeuskadi.com/gorbeiaexperience, eta irailaren 20a baino lehen izena ematen dutenek saria izango dute. Izan ere, egun horretara arte egindako izen emateek 5 euroko opari bonua jasoko dute, eta jarduera batean baino gehiagotan izena ematen dutenek 5 euroko bonu gehigarria. Informazio guztia aipatutako web orrian dago.
 

Cristina Gonzálezen adierazpenak

Prentsa oharra

Jaitsi