Foru Aldundia | 2026 11 06

Haziarabak artea hurbilduko die arabako bederatzi udalerritako haur txikienei

Jaialdiaren bederatzigarren edizioa azaroaren 13tik abenduaren 22ra egingo da, bizitzako lehen urteetatik gozatzeko arte eszenikoak, zinema eta ahozko narrazioa eskainiz

Vitoria-Gasteiz, 2026ko azaroaren 6a. Haziaraba, Landa Eremuko Arte Estimulazioko Jaialdia, Agurainera, Amurriora, Aramaiora, Dulantzira, Iruña Okara, Bastidara, Laudiora, Legutiora eta Oionera itzuliko da udazken honetan. Programazioa 0 eta 6 urte bitarteko haurrak dituzten familiei zuzenduta dago, eta txikitatik artera hurbiltzeko hainbat modu proposatzen ditu, haurren arreta, pertzepzio eta aurkikuntza erritmoak errespetatuz.

Púlsar-ek bultzatutako proiektuak Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailaren, Vital Fundazioaren eta parte hartzen duten udalen finantzaketa du.

«Kulturarako sarbidea bizitzako lehen urteetan hasten da. Haziarabari esker, Arabako udalerrietako haurrek kalitatezko esperientzia artistikoez goza dezakete etxetik gertu», nabarmendu du Ana del Valek, Kulturako Foru Diputatuak.

Bestalde, Arantxa Ibáñez de Opacuak, Vital Fundazioaren zuzendariak, ekimenak lurraldearentzat duen balioa azpimarratu du: «Haziaraba babestea familiek beren udalerrian kalitatezko kultur proposamenak aurki ditzaten laguntzea da. Esperientzia horiek txikitatik partekatzeak loturak sortzen eta gure herrietako kulturguneei bizia ematen ere laguntzen du».


Ezagutzeko eta partekatzeko hiru proposamen

Aboon Teatro konpainiaren Baby Esferic izango da programazio eszenikoko proposamena. 0 eta 6 urte bitarteko haurrei zuzendutako lanak Lurra eta bertako biztanleak omentzen ditu. Hainbat istorio eta paisaiaren bidez, forma esferikoetan inspiratutako estetika fin eta bisualak planetaren magia haurtxo baten erritmoan ezagutzeko gonbita egiten du. Lanak sari garrantzitsuak jaso ditu, bai estatu mailan, bai nazioarteko jaialdietan.

Zinemaren arloan, Harri Zopa eta beste zenbait alderantzizko ipuin eskainiko da, 2 urtetik gorako haurrentzat. Rita&Luca Films banatzailearen bost film labur dira, fantasiaz eta umorez beteak, herri-ipuinak eta haurtzaroko ohitura unibertsalak berrinterpretatzen dituztenak. Zinemako Hontza izango da istorioen arteko hari gidaria.

Arabazanen eskutik egingo diren euskarazko ahozko narrazio saioek, 3 urtetik gorako haurrei zuzenduta, ipuinen inguruan elkartzera eta elkarrekin entzutearen plazeraz gozatzera gonbidatuko dute publikoa.
«Proposamen artistikoa zaintzen dugu, baita publikoari nola egiten diogun harrera, espazioa nola prestatzen den eta haur bakoitzari bere erritmoan gozatzeko zenbat denbora uzten diogun ere. Udalerriekin elkarlanean aritzea funtsezkoa da hori guztia ahalbidetzeko», azaldu du Ander Elorza proiektuaren arduradunak.

Egutegia herriz herri

Herria

Baby Esferic

Zinema

Ipuin-kontaketa

Agurain

Azaroak 21

Azaroak 22

Azaroak 20

Amurrio

Azaroak 22

Azaroak 29

Azaroak 15

Aramaio

Azaroak 15

Azaroak 13

Azaroak 14

Dulantzi

Abenduak 18

Abenduak 22

Abenduak 21

Iruña Oka

Azaroak 16

Azaroak 30

Azaroak 23

Bastida

Azaroak 14

Azaroak 16

Azaroak 15

Laudio

Azaroak 15

Azaroak 13

Azaroak 14

Legutio

—

Azaroak 22

Azaroak 20 eta 27

Oion

Azaroak 20

Azaroak 27

Azaroak 13


Informazioa eta sarrerak

Udal bakoitzak antolatzen du bere herriko jardueretarako sarbidea: batzuk doakoak dira eta beste batzuk ordainpekoak. Ordutegiei, espazioei, erreserbei eta sarreren salmentari edo bilketari buruzko informazioa dagokion udalean kontsultatu beharko da, eta izapideak ere bertan egin beharko dira.
Haziarabak mila asistentzia baino gehiago erregistratu zituen 2025ean, eta lanean jarraitzen du haur txikienek beren ingurune hurbilean familiekin batera arteaz gozatzeko espazioak izan ditzaten.


 


 

Foru Aldundia Kultura eta Kirol Saileko foru diputatua

Prentsa oharra

Jaitsi