Mugikortasuna | 2025 03 17

Ixonak eta Trokonizek zuzeneko lotura izango dute Gasteizekin, eskualdeko garraio linea berri baten bidez

7A linea berria datorren apirilaren 1ean jarriko da abian

Herrigune horietan, Alavabuseko 6. lineako geralekuak kendu egingo dira, segurtasunagatik

Gasteiz, 2025eko martxoaren 17a.- Ixonako eta Trokonizko herriek apirilaren 1etik aurrera lotura zuzena izango dute Gasteizekin, eskualdeko garraio linea berri baten bidez – 7A linea, Dulantzi / Gasteiz –. Linea horrek astelehenetik ostiralera zazpi bidaia egingo ditu noranzko bakoitzean, eta larunbat, igande eta jaiegunetan bost bidaia noranzko bakoitzean. Hiriburuarekin lotura zuzen horrek Arabako Lautadako beste gune batzuei ere egingo die mesede, hala nola Añua, Erentxun eta Gazeta herriei.

Arabako Foru Aldundiko Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Saila sakon aztertzen ari da Alavabuseko linea erregularren geralekuen ezaugarriak, haien segurtasuna ebaluatzeko eta, hala badagokio, neurri zuzentzaileak hartzeko. Lan horrek ondorioztatu du Gasteiz / Kanpezu / Lizarra 6. lineak Ixonan eta Trokonizen dituen geralekuak kendu behar direla, bide segurtasuna dela eta.

Hala, apirilaren 1ean, Gasteiz / Kanpezu / Lizarra 6. lineak Ixonan eta Trokonizen geratzeari utziko dio, eta, egun horretatik aurrera, bi herrien eta Gasteizen arteko konexioa eskualdeko garraio linea berri baten bidez egingo da. Eskualdeko garraioaren egungo 7. linea bi lineatan banatuko da, 7A eta 7B, eta ordutegien aldaketa orokorra izango du; 7A linea izango da Ixona eta Trokoniz Arabako hiriburuarekin lotuko dituena.

Dulantzi / Gasteiz 7A lineak zazpi bidaia eskainiko dizkie Ixonako eta Trokonizko bizilagunei astelehenetik ostiralera noranzko bakoitzean, eta bost, berriz, larunbat, igande eta jaiegunetan. Linea berri horren ibilbidea eta ordutegia alavabus.eus atarian kontsulta daitezke; Zerbitzu eskaintza horrek Añua, Erentxun eta Gazetako herriak ere lotuko ditu Gasteizekin.

Linea horrek landa gune txiki horiek Dulantzirekin ere lotuko ditu, zona horretako buru nagusia baita administrazio, osasun eta merkataritza kudeaketak egiteko, baita Burgelu eta Aziluko udalen egoitza diren beste buru txikiago batzuekin ere.

Gasteizko eskualdeko garraioaren 7A linearen geralekua Madril kalean egongo da, eta bertan erabiltzaileek BEIaren eta TUVISAren beste linea batzuk hartu ahal izango dituzte; Ixonako eta Trokonizko geralekuak, berriz, aldatu egingo dira: Ixonaren kasuan, bidaiarien igoera/jaitsiera elizaren ondoko plazan izango da, eta Trokonizen, berriz, herrigunearen barruan dagoen markesinan.

7B lineari dagokionez, Elgea, Marieta, Maturana, Mendixur, Gebara, Etura, Audika, Deredia, Dallo, Arrieta, Txintxetru, Etxabarri Urtupiña, Arbulu eta Argomaiz herriak lotuko ditu Ozeta, Dulantzi, Burgelu eta Azilurekin.

Gainera, apirilaren 1etik aurrera, 8B Agurain / Ozeta eskualde garraioko lineak ordutegi berriak izango ditu asteburuetan; eta 9A eta 9B lineetako ordutegi batzuk aldatuko dira, inguruko administrazio batzarrek hala eskatuta, bizilagunei Araiako osasun zentroan erauzketa medikoen zerbitzu goiztiarrera iristea errazteko, eta herri horretan bertan Alavabuseko 5. lineako garraio erregularraren espedizio gehigarri batekin konbinatzeko.

Alavabuseko 6. linean aldaketak

Bestalde, Ixonako eta Trokonizko geralekuak kentzearekin batera, Gasteiz / Kanpezu / Lizarra Alavabuseko 6. lineak apirilaren 1etik aurrera bost minutuz aurreratuko du Santikurutze Kanpezutik egiten den lehen irteera, 6:50etik 6:45era, erabiltzaileak Arabako hiriburuko lantokietara eta ikastetxeetara garaiz irits daitezen. Aldaketa hori bidaiarien eta toki erakundeen eskaerei erantzuteko egin da.

Era berean, eta egun beretik, tarteko igarotze ordutegiak aldatuko dira, errealitatera egokitzeko.

Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Sailak aldaketa horien guztien berri eman die interesa duten toki erakundeei, eta pertsonalki aurkeztuko ditu Ixonako eta Trokonizko administrazio batzarrekin egindako bileretan. Era berean, postontzietan banatzeko komunikazio kanpaina bat garatuko du, apirilaren 1etik aurrera eskualdeko garraioaren 7A eta 7B lineetan ezarritako aldaketen berri emateko.

Eskualdeko garraioak taxi zerbitzu baten bidez lotzen ditu landagune txikiak oinarrizko zerbitzuak (hezkuntza, osasuna, merkataritza, administrazioa, etab.) dituzten erreferentziazko herriekin, bai eta Alavabuseko linea erregularrekin eta beste garraiobide batzuekin ere. Erabiltzaileek nahi duten ordutegian erreserbatu behar dute plaza, bidaiaren aurreko eguneko 20:00ak baino lehen, 945 18 20 60 telefonoaren, www.alavabus.eus webgunearen edo Alavabus APP-aren bidez. 

Txartela eskudirutan ordain daiteke, edo BAT, BARIK eta MUGI txartelekin (BAT txartel pertsonalizatuak aukera ematen du deskontu progresiborako).

Eskualdeko garraioaren eta Alavabuseko lineen ibilbideei eta ordutegiei buruzko informazio guztia hemen dago eskuragarri: alavabus.eus.

Mugikortasuna Foru Aldundia

Prentsa oharra

Jaitsi