Irudikak hamar urte ospatuko ditu ilustrazioa eta praktika artistiko editoriala kulturaren erdigunean jarriz Gasteizko Artium Museotik, urriaren 22tik 24ra - arabapress
Irudikak hamar urte ospatuko ditu ilustrazioa eta praktika artistiko editoriala kulturaren erdigunean jarriz Gasteizko Artium Museotik, urriaren 22tik 24ra

Vitoria-Gasteiz, 2026ko urriaren 22a. Euskal Irudigileak elkarteak antolatutako Euskadiko Nazioarteko ilustrazio topaketa profesionalak hamargarren urteurrena ospatuko du. Topaketa erreferentziazkoa da ilustrazioaren eta argitalpen-arloaren nazioarteko topaketen artean. Urriaren 22tik 24ra bitartean, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoan, Gasteizko Artium Museoan, mundu osoko 39 profesional, argitaletxe eta kultura-eragile bilduko ditu Irudikak. Hala, Euskaditik abiatuta, sareak sortu eta lankidetzarako bide berriak irekiko dira.
Edizio honen helburua izango da ilustrazio profesionala publiko guztietara hurbiltzea eta ardatz izango ditu intuiziotik sortzen diren marrazkiak, komikiak, podcastak, ikuskizunak eta bideoklipak. Horrez gain, gizarte-izaera are gehiago indartzen du; izan ere, solasaldien bidez, erdigunean jartzen ditu gutxiengoak eta baztertuak izan diren kolektiboak. Horietan, besteak beste, Palestinatik, Frantziatik, Hego Koreatik, Herbehereetatik, Norvegiatik, Estatu Batuetatik, Italiatik, Argentinatik eta Mexikotik etorritako artistek, argitaletxeek eta sektoreko eragileek hartuko dute parte.
Hamargarren edizio honetan, herrialde gonbidatuen dinamikarekin hautsi eta askotariko egitaraua osatzea da helburua; ikuskizun gehiago eta euskarri berriak dituen edizioa izateko, eta ilustrazio profesionalarekiko interesa publiko berrietara eramateko.
Irudikak hamar urte beteko ditu, eta zifrek argi eta garbi erakusten dute: Guztira 1300 ilustratzaile bertaratu dira 350 profesional gonbidatuk eman dituzten 150 hitzaldietara.
Sektorearen profesionalizazioa sustatzeko laguntza- eta ikaskuntza-giro honetan, topaketak 2000 hitzordu profesional egitea ahalbidetu du. Irudikak lan handia egiten du euskal ilustrazioaren sektorea nazioartekotzeko eta beste kultura grafiko batzuk sustatzeko, tokiko sortzaileak aberasteko helburuarekin. Horretarako, 30 herrialdetako profesionalekin aritu da lankidetzan. Bere ibilbideko hamarkada honetan, topaketak gure lurraldea nazioarteko ilustrazioan ezagun egiten lagundu du, begirada, joera eta sorkuntza garaikidea ulertzeko modu desberdinak hurbilduz. Horren erakusgarri da Irudika Fundazio Garaikidearen eta 2025eko Kulturaren Behatokiaren estatuko txostenean sartu izana. Izendapen hori oso garrantzitsua da, Irudika baita zerrendan dagoen Estatuko ilustrazio ekitaldi bakarra.
Nazioarteko ilustrazio topaketa profesionalean jorratuko den edukia lau arlotan banatuko da: hitzordu profesionalak, tailerrak, egonaldi artistikoak eta hitzaldiak. Azken horiek hiru jardunalditan banatuko dira: Sektore paraleloak, Argitalpen-mundua eta Ilustrazio-mundua.
1. Sektore paraleloak: Lehenengo jardunaldia urriaren 22an, osteguna, izango da, eta ilustrazioko sektore paraleloei zuzenduta egongo da. Hamargarren urteurren honen harira, Basa Basa erakusketa izango dugu. Hori antolatzeko, Iparraldeko Udada Festibalarekin elkarlanean aritu gara eta Bonnefrite artista frantsesa izango dugu ardurapean. Jardunaldiari hasiera emateko, Txaranga Urretabizkaiaren soinu-performancea izango dugu. Ondoren, Irudikaren hamar urteko ibilbidearen atzera begirakoa egingo dugu. Hitzaldiek zenbait gai jorratuko dituzte, horien artean mugimendua, Sandra Garayoa eta Gina Thorstensenekin. Aurreko edizioan izan zuen arrakastaren ostean, Mundua lehertzen ari den bitartean formula berreskuratu dugu. Espazio horretan egungo krisiei buruz hitz egingo da, eta Ximo Abadía ilustratzaile valentziarra eta María Luque ilustratzaile argentinarra izango ditugu gure artean. Berrikuntzei dagokienez, aurten Irudikak hitzaldi-esperientzia bat prestatu du. Bruno Ibañez ilustratzaile eta yogako irakasleak eramango du eta Txaranga Urretabizkaiaren musika librea izango du. Jardunaldia ixteko, Silitia musika-talde lekeitiarra izango dugu. Haien soinu-collage dibertigarriak Varya Yakovleva errusiarraren zuzeneko ilustrazioa lagunduko du.
2. Ostiral goizean, urriaren 24an, Argitalpen-mundua atalak emango dio hasiera jardunaldiari haur eta gazteentzako ilustrazioari eta argitalpenari buruzko saio batekin: Pertsonala, handia eta txikia. Bertan izango dira Eunji Ryu ilustratzaile korearra, Ghost Books argitaletxekoa; Paloma Valdivia ilustratzaile txiletarra eta Ediciones Liebreko zuzendaria; eta Bernardo P. Carvalho ilustratzaile eta argitaratzaile portugaldarra Planeta Tangerina argitaletxe ospetsukoa. Hautaketa saioaren ikuspegia landuko dugu, Udada Festibalaren kasuaren bitartez, eta Leonard S. Marcus estatubatuarraren eta Mariana Mendía mexikarraren proiektu kuratorialen eta argitalpen-proiektuen bitartez. Esperimentua eta teknika saioan jarriko da arreta. Bertan izango dira La Pera Ediciones talde donostiarra eta Teuntje Fleur artista nederlandarra. Kaleko artearen kulturarekin lotura duten bi proiektu ezagutuko ditugu: Italiako Libri Finti Clandestini eta Marseillako Le Dernier Cri kolektiboa. Arratsaldeko hitzaldian, Liburuaren ertzetan landuko da, estandarizaziotik edo arauetatik kanpo dauden proiektuen bidez. Horien artean izango dira Usoa Zumeta serigrafia-artistaren Bihotz Ay! proiektua, Mexikoko Una editorial grande komiki-argitaletxearen proiektuak, Llamp Edicions arte-argitaletxea eta Bilboko Arte Ederren Museoa. A01 aretoan, bestalde, Yolanda Mosqueraren erakusketa inauguratuko da, Artium Museoak eta Irudikak elkarlanean garatutako ESKUZ proiektuaren barruan. Erakusketaren kuradorea Elisabeth Pérez izango da, topaketako zuzendaria. Jardunaldia amaitzeko Salade y Verde Pratoren kontzertua izango dugu.
3. Larunbatean, urriaren 24an, Ilustrazio-mundura zuzenduko da, bi mahai-ingururekin. Lehenengoan, Zaila dena ilustratzea izango dute hizpide Issa Watanabe, Yolanda Mosquera eta Shereen Quttaineh artistek. Arratsaldean, berriz, Intuizioa ilustratzea landuko dute Jesús Cisnerosek, Bonnefritek eta Bára Satranskák.
Hirugarren jardunaldian, aldi berean, jarduera hauek egingo dira:
● Hitzordu eta elkarrizketa profesionalak: ilustratzaileek sektoreko eragileekin biltzeko aukera izango dute, eta eragileek, berriz, ilustratzaileen lana ezagutzekoa.
● Tailerrak: bertaratzen direnek bi tailer monografiko eta praktiko egingo dituzte, Jantziak eta Turutak euskarriak landuz eta haien bidez sortzen ikasiz.
● Berrikuntza gisa, Irudikak irratia izango du aurten, eta bertatik igaroko da Grupo de Autoayuda de Dibujo podcasta. Mexikotik helduko da ilustrazioaren arloan jarraipen gehien dituen espazioetako bat, Iván Mayorquínek eta Raúl Pardok gidatuko dutena. Horrez gain, Moimoi Colectif-en Dia Radio proiektuak giroa alaituko du musika-saio berezia eskainiz.
4. Animazioaren eta ilustrazioaren arloko egonaldi artistikoak: Irudikak bi deialdi horiek abian jarri ditu animazioan espezializatutako estatuko pertsonentzat eta nazioarteko ilustratzaileentzat. Hautatutako pertsona bakoitzak 2450 euroko diru-laguntza jasoko du. Egonaldiak martxotik maiatzera bitartean egingo dira, lau fase izango dituzte eta hiru herrialdetako hiru sorkuntza-gunetan egingo dira: Angoulêmeko (Frantzia) La Maison des Auteurs-en, Zapopaneko (Mexiko) La Casa del Autor-en eta BilbaoArte Fundazioan. Prozesua amaitzeko, erakusketa bat egingo da Gasteizko (Euskal Herria) VitalFundazioaren espazioetan. 2026ko egonaldietako artistak Irudikaren aurtengo edizioan aukeratuko ditu kanpoko epaimahai batek.
Topaketaren edukiera 125 lagunekoa izango da gehienez eta presentziala izango da. Hala ere, bertara joaterik ez duten profesionalek online parte hartzeko aukera ere izango dute. Horretarako, lanen galeria birtuala eta intraneta izango ditugu eskura, baita edukiak nahi dugunean ikusteko aukera ere, jatorrizko hizkuntzan zein itzulita. Topaketako eduki guztiak doan igorriko dira, zuzenean eta irekian, irudika.eus webgunearen bidez.
Irudika topaketa Euskal Irudigileak Euskadiko Ilustratzaileen Elkarte Profesionalak antolatzen du, eta hainbat erakunderen babesa du, besteak beste, Eusko Jaurlaritzarena, Arabako Foru Aldundiarena, Vitoria-Gasteizko Udaleko Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Sailarena, Espainiako Kultura Ministerioarena, Acción Cultural Española (AC/E) entitatearen Espainiako Kulturaren Nazioartekotzerako Programarena (PICE), Vital Fundazioarena, Czech Literary Centre – CzechLit-ena eta Euskal Herriko Arte Garaikidearen Artium Museoarena.
Informazioa eskatzeko eta elkarrizketak egiteko, idatzi artistei edo Irudikaren helbidera:
media@irudika.eus // 658 70 31 51 (Guillermo Royo)
www.irudika.eus

