Kultura | 2024 10 02

Iruña-Veleiak bisitari zentro bat izango du

Kultura eta Kirol Sailak proiektu lehiaketa bat onetsi du; 2024ko urriaren 30era arte aurkeztu ahal izango dira eskaerak, eta 16.000 euroko saria izango da

Bisitarientzako gunea 100 m2 baino gehiago handituko da, eta lan eremua ere izango da eraikin berean

Askotariko erabileretarako gela bat izango du, itzala eta aterpea izango dituen atsedengune bat kanpoaldean, eta 20 auto eta 2 autobus aparkatzeko eta bizikletak uzteko aparkaleku asfaltatu bat

550.000 bat euroko kostua izango du

Gasteiz, 2024ko urriaren 2a. Iruña-Veleia Biziberritzeko eta Garatzeko 2022-2025 Proiektuaren helburuen artean zegoen egungo beharretara egokitutako bisitari zentro bat eraikitzea.

Arabako Foru Aldundiak, eta zehazki, Ana del Val diputatuak zuzentzen duen Kultura eta Kirol Sailak, lehen urratsa eman du helburu hori lortzeko; izan ere, epaimahai baten parte hartzea izango duen proiektu lehiaketa onetsi du, erromatarren hirian bisitari zentro bat eraikitzeko. Lehiaketa horren baldintzen agiria argitaratuta dago jada, eta 2024 urriaren 30era arte aurkeztu ahal izango dira eskaerak. Guztira, 16.000 euro banatuko dira saritan hiru proiektu onenen artean.

Del Val diputatuaren arabera, "helburua da bisitariei harrera egiteko gune berri bat sortzea, bai eta haren ingurune hurbila berregituratzea ere, aztarnategira urtean hurbiltzen diren 3.000 bisitari baino gehiagoren beharretara egokitzeko eta bisitari gehiago bertaratu ahal izateko".

"Obrak egungo instalazioak hobetuko ditu, bisitaren esperientzia atsegina eta aberasgarria izan dadin, eta aztarnategia kalitatezko baliabide turistiko bihurtzen laguntzeaz gain, proiektuaren gida balioak transmititzen lagunduko du", adierazi du.

Hala, lehenengo urratsa proiektu lehiaketa da. Prozedura horren bidez aukeratuko da egokientzat jotzen den proposamena, kontuan hartuta egokitasuna, kalitate arkitektonikoa, irizpide arkeologikoa eta bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa eta eraikuntza bideragarritasuna, eta proposamen horretan oinarrituta idatziko da bisitari zentroko proiektua eta zuzenduko da obra.

Foru Aldundiak, hori bai, lortu beharreko gutxieneko batzuk ezarri ditu, proiektu guztiek izan behar dituztenak. "Azken jarduketak –adierazi du foru arduradunak– elementu arkitektoniko ezaguterraza eta ikonikoa, funtzionala eta paisaian txertatuko dena sortzea ahalbidetu beharko du". Izan ere, proposamenek eraikina kokatuko den ingurune hurbila berregituratu eta hobetu beharko dute nahitaez.

Diputatuaren arabera, "eremu publikoan espazio malgu bat lortu nahi da, egiten diren jardueren arabera konfigurazioa alda dezakeena, tabike mugikorren edo beste soluzio batzuen bidez. Horrek esan nahi du etorkizuneko esku hartze kanpainetan landa ikerketako prozesuan lan egin ahal izateko guneak sortu beharko direla ikertzaileentzat. Horrez gain, Iruña-Veleiako gizarte eta zabalkunde programa gauzatzeko ekipamendu kulturala ere izan beharko du; hau da, aztarnategia hobeto ulertzeko, aurrerapen zientifikoen berri eman eta haiek interpretatzeko aukera emango duen gune bat sortu beharko da".

"Laburbilduz, harrera eta interpretazio gune bat, aztarnategian lehendik dauden baliabideak osatzeko, alde batetik, eta, bestetik, 2022ko hasierako planaren aurkezpenean ondare historikoa ikertzeko eta kontserbatzeko proiektatu genuen aztarnategi eskola-laborategi bihurtzeko lehen urratsa", nabarmendu du Del Valek.

Kontuan izan behar da egungo harrera eraikina, bisitarientzako 40 metro karratu baino ez dituena, 2008an egin zela. Gainera, ez du euritik edo eguzkitik babesteko aterperik; komunak eraikinetik kanpo daude, eta aparkalekua hartxintxarrezkoa da. Proiektu berriari esker, bisitariek gutxienez 100 m2 izango dituzte, eta lan eremuak eta komunak eraikin berean egongo dira.

Horrez gain, askotariko erabileretarako gela bat izango da, itzala eta aterpea izango dituen atsedengune bat kanpoaldean, eta gutxienez 20 auto eta 2 autobus aparkatzeko eta bizikletak uzteko aparkaleku asfaltatu bat.

Gutxienez 550.000 euroko kostua izango duela zenbatetsi da (BEZik gabe), azken zenbatekoa aurrekontu esleipen zehatz batekin eta behin betiko proiektuan oinarrituta handitu litekeen arren.

Behar espezifikoak:

Eraikinaren eremu publikoa:

  • 20 laguneko taldeentzako lekua izango duen 65 bat metro koadroko gunea

  • 75 m2 inguruko azalerako askotariko erabileretarako areto malgua, konfigurazioa hainbat erabileratara egokitu ahal izateko (hitzaldiak, tailerrak eta erakusketa didaktiko txikiak)

  • Komun publikoak eraikinaren barruan, egungoen ordez

  • Erakuts daitezkeen material arkeologikoak biltegiratzeko eta erakusteko gunea

Kanpoaldea:

  • Atsedengunea: mahaiak eta eserlekuak, iturria eta paperontziak, itzala eta euritik babesteko lekua

  • 20 auto eta 2 autobus aparkatzeko eta bizikletak uzteko aparkalekua

Eraikinaren eremu pribatua:

  • Officea, aldagela, instalazio gela eta biltegia (beste 100 m2 inguru).

Kultura Foru Aldundia

Iruña-Veleiako bisitarien zentroa

Prentsa oharra

Jaitsi