Foru Aldundia | 2026 11 09

Erabileragatiko ordainketa sistema berria izango du AP-68 autobideak datorren asteazkenetik aurrera

Arabako tarterako tarifak % 70 merkeagoak izango dira ibilgailu arinentzat, eta % 50 merkeagoak ibilgailu astunentzat
Ezarpena progresiboa izango da, eta, hasiera batean, tarte batzuetan bakarrik ezarriko da, iparralderanzko noranzkoan
Arabako Foru Aldundiak hobaria emango die Bizkaiko tartean hilean 15 bidaia edo gehiago egiten dituzten arabarrei
Zambranako ordainlekua eta ibilgailuak identifikatzeko kamerak dira azpiegituraren berritasun nagusiak

 

Vitoria-Gasteiz, 2006ko azaroaren 9a.- Arabako Foru Aldundiak azaroaren 11n, asteazkena, abiaraziko du AP-68 autobideko Arabako tartearen erabileragatiko ordainketa sistema berria. Autobide horren Arabako zatia emakida baten bidez kudeatu du erakunde pribatu batek azken 46 urteetan. Sistemaren ezarpena progresiboa izango da eta tarifak indarrean daudenak baino askoz txikiagoak izango dira: % 70 merkeagoa ibilgailu arintzat eta % 50 merkeagoa ibilgailu astunentzat.   

Jon Nogales Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Saileko foru diputatuak prentsaurreko bat eman du gaur, zerbitzu publikoari buruzko informazioa emateko; hain zuzen ere, gaitasun handiko bide hori erabili ohi duten arabarrei tarifen eta hobarien arloan berrikuntza garrantzitsuak dakarzkien sistema ezartzeari buruz, bai eta sistema teknologikoak eta azpiegiturak ezartzeari buruz ere.

Prentsaurrekoan, Marian Gutiérrez Bide Azpiegituretako zuzendaria eta Igor Salazar Arabat foru sozietate publikoko zuzendaria ere izan dira Nogalesekin batera.

AP-68 autobidea ustiatzeko emakida kontratua azaroaren 11ko 00:00etan amaitzen zaio, behin betiko, esleituta duen enpresa pribatuari, eta, ordutik aurrera, Arabako Foru Aldundiak hartuko du bere gain autobidearen Arabako zatiaren kudeaketa integrala, ARABAT foru sozietatearen bidez: 55,2 kilometro, 22,4 eta 77,6 kilometro puntuetan dauden Bizkaiarekiko eta Burgosekiko muga artean.

AP-68 autobidea erakunde publikoek kudeatzeak berrikuntza handiak ekarriko ditu. Hasteko, Arabako bide zatia erabiltzeagatiko tarifa berriak ezarriko dira, eta ibilgailu arinentzat % 70 merkeagoak izango dira eta % 50 merkeagoak ibilgailu astunentzat. Zehazki, atzo onartutako dekretuak 6 zentimoko tarifa ezartzen du ibilgailu arinentzat kilometro bakoitzeko, eta 18 eta 20 zentimokoa kilometro bakoitzeko I. eta II. motako ibilgailu astunentzat, hurrenez hurren.

Gaur egun, ibilgailu arinen, I. motako ibilgailu astunen eta II. motako ibilgailu astunen kilometroko batez besteko prezioa 22, 41 eta 46 zentimo da, hurrenez hurren. 

"Asteazkenetik aurrera, turismo batek 3,35 euro ordainduko ditu Arabako 55 kilometroak egiteagatik; gaur egun, 11,2 euro ordaintzen ditu. Vitoria-Gasteiz eta Bilbo arteko ibilbidearen Arabako zatiaren prezioa 3,52 eurokoa izatetik 90 zentimokoa izatera pasatuko da. Ibilgailu astunei dagokienez, Arabako tarteko tarifa 9,90 eurokoa izango da I. motakoentzat; gaur egun, 20 euroko ordaintzen dituzte. II. motako ibilgailu astunek 11,45 euro ordainduko dituzte; gaur egun, 23 euro ordaintzen dituzte", jakinarazi du foru diputatuak.

Ezarpen progresiboa

Nogalesek jakinarazi duenez, sistema berria pixkanaka ezarriko da, eta asteazkenean hasiko dira martxan jartzen eta baliozkotzen, Zambranako bidesarigune berria martxan jarriz, Burgoserako/Errioxarako noranzkoan. "Fase honen helburua da sistema prestatzea eta sistemarekin lotutako teknologia eta software garapen guztiak amaitzea. Lehenengo faseak zenbait aste iraungo ditu eta, aurreikuspenen arabera, abenduaren 15ean amaituko da".
 
Lehenengo fasean, hegoalderanzko, Burgoserako/Errioxarako, Arabako tarte osoko 55,2 kilometroko joan-etorri guztiak tarifatuko dira; iparralderantz, berriz, Altube-Bizkaiko muga eta Arabako barne ibilbideak soilik tarifatuko dira behin-behinean. 

Horrela, Bizkaitik edo Arabatik hegoalderantz joaten diren ibilgailuek tarifa osoa ordaindu beharko dute; Zaragozatik/Errioxatik Aretaraino joaten diren ibilgailuek, ordea, Altube-Bizkaiko mugara arteko tartea bakarrik ordaindu beharko dute behin-behinean. Aitzitik, Arabako barne ibilbide guztietan izango dira indarrean tarifak; hau da, Zambranako, Subillako, Ribabellosako eta Altubeko ordainlekuetan sartzen edo horietatik irteten diren ibilgailu guztiek ordaindu beharko dute.

"Lasaitasuna helarazi nahi diet erabiltzaileei; izan ere, normaltasun osoz zirkulatuko da, eta gidariek soilik nabarituko dute tarifak indarrean daudenak baino merkeagoak direla, baita distantzia luzeko iparraldeko ibilbideetan ere. Nabarmendu nahi dut trafikoaren arintasunak, segurtasunak eta erabiltzaileen eskubideek izango duela beti lehentasuna, gorabeherarik izanez gero", ziurtatu du. 

Tarifa berriez gain, erabiltzaileek beste berrikuntza batzuk nabarituko dituzte azaroaren 11tik aurrera autobidearen azpiegitura fisikoan; horien artean, nabarmentzekoa da ordainleku berri bat izango dela, Errioxarako/Zaragozarako noranzkoan, Zambrana parean. "Leku horretan AP-68 autobidetik irteten diren ibilgailuek ordaintzeko izango da ordainleku berri hori; hasiera batean, hiru bide izango ditu, eta ordainketa eskudirutan, kreditu/zordunketa txartelarekin eta VIA-T gailu elektronikoarekin egin ahal izango da".

"Kopuru hori pixkanaka handitzen joango da datozen hilabeteetan, guztira zortzi bide izan arte", zehaztu du foru diputatuak. 

Horrez gain, datorren asteazkenean, kamera adimendunak jarriko dituzte martxan autobideko Arabako tarteko sarrera puntu guztietan, bidera sartzen diren ibilgailuen matrikulak detektatzeko eta identifikatzeko. Kamera horiek ibilgailu bakoitzaren ibilbidea eta aplikatu beharreko tarifa zein den jakitea ahalbidetuko dute, eta, hala, erabiltzaileek ez dute autobidean sartzean ticketa jaso beharko, orain arte egin behar zuten moduan. Sistema berria erosoagoa izango da erabiltzaileentzat eta trafikoa arinduko du.

Hobarien programa

Lana, ikasketak edo bestela arrazoiak direla eta autobidea erabili ohi duten arabarrentzako hobari programa da azken berrikuntza nabarmena. Programa horrek, azaroaren 11tik aurrera, AP-68 autobideko Bizkaiko zatian soilik ezarriko du hobaria, tarte horren tarifa murrizketa txikiagoa konpentsatzeko (autobideko Arabako tartean tarifa % 70 merkeagoa izango da turismoentzat; Bizkaiko tartean, berriz, % 20koa).

Hobarien programa eguneratzearen helburua da Bizkaiko tarteko benetako tarifa ere ohiko erabiltzaileentzat gaur egungoa baino % 70 merkeagoa izatea da. Horretarako, programak Bizkaiko tarteko tarifa arruntaren gaineko hobaria emango die bidea erabili ohi duten arabarrei. Hobari hori Aiaraldean bizi direnentzat izango da onuragarria batez ere, Bilborekin duten lan, ekonomia eta gizarte harreman bereziagatik.

Ez da aldaketarik izango programaren onuradun izateko baldintzetan:

•    Hilean gutxienez 15 bidaia egitea. 
•    Identifikatzeko eta ordaintzeko gailu telematiko bat (VIA-T edo antzekoa) izatea. 
•    Eta gainerako ohiko baldintzak: Araban bizitzea, zerga betebeharrak egunean izatea eta programan behar bezala erregistratuta egotea. 

Hobari programaren onuradun izan nahi duten pertsonek, indarrean dagoen programan izena emanda badaude, ez dute ezer egin behar; izan ere, dirulaguntzak eskuratzen jarraituko dute Bizkaiko tartea lehen adierazitako baldintzetan erabiltzen dutenean. Lehenengo aldiz erregistratu nahi duten arabarrek erraz egin dezakete urteko 365 egunetan eguneko 24 orduetan erabilgarri dagoen arabat.eus web atariaren bidez, edo aurrez aurre, Arabaten bulegoetan. 

Foru diputatuak jakinarazi duenez, Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Sailak asteazkenetik aurrera bere gain hartuko ditu AP-68 autobidearen Arabako zatiaren mantentze eta kontserbazio lanak, eta, horregatik, azken asteotan eguneratu egin ditu kontserbazio eta mantentze kontratuak, Errepideak Kontrolatzeko Zentroaren kudeaketa kontratuak eta energia elektrikoaren hornidura kontratuak, AP-68 autobidea horietan sartzeko. 

Kontserbazio eta mantentze kontratua eguneratzeak 5,8 milioi euro garestituko du aurrekontua 2028ko otsailaren 28ra arte. "Kopuru handia da, AP-68 autobidea kontuan hartu gabe hasieran aurreikusitakoa baino ia % 40 gehiago, baina kontuan izan behar da AP-68 errepidea sartzean 55 kilometro gehiago izango dituela Errepideen Foru Sareak, bai eta elementu funtzional eta instalazio ugari ere".

"Galtzada bikoitzaz ari gara: erreiak, lotuneak eta adarrak; zubiak eta beste egitura asko; ustiapen eraikinak eta instalazioak: urgarrien biltegiak, etab. Horrek guztiak eskatzen du kontratuan aurreikusitako giza baliabideak eta baliabide materialak egokitzea, hasiera-hasieratik mantentzeko horrelako azpiegitura bati eska dakizkiokeen bide segurtasunaren, eraginkortasunaren eta zerbitzuaren kalitatearen mailak", azaldu du Marian Gutiérrez Bide Azpiegituretako zuzendariak.

Era berean, sailak eguneratu egin ditu Arabako Errepideen Kontrol Zentroa kudeatzeko instalazio elektrikoak mantentzeko, bide segurtasunerako datuak ustiatzeko eta laguntza teknikorako kontratua, bai eta energia elektrikoa hornitzeko kontratua ere, eta, ondorioz, 326.248 euro eta 34.000 euro handitu dira, hurrenez hurren. Horrez gain, Bizkaiarekin hitzartu du AP-68 autobideko Arabako tarteetako tarifak Aretako ordainlekuan kobratzeko kudeaketa.
 

Foru Aldundia Mugikortasun Jasangarria eta Bide Azpiegituren Saileko foru diputatua

Prentsa oharra

Jaitsi