Foru Aldundia | 2026 05 06

Kultura Etxeak deialdi bat ireki du +55 Elkartegien programaren eskaintza zabaltzeko

Proposamenak aurkezteko epea maiatzaren 6tik 20ra izango da

Vitoria-Gasteiz, 2026ko maiatzaren 6a. Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailak, Ignacio Aldecoa Kultur Etxearen Zerbitzuaren bitartez, deialdi bat ireki du +55 Elkartegien programaren jarduera proposamenak aurkezteko.

Deialdi horren helburua da programaren jarduera poltsa handitzen jarraitzea, 2024ko eta 2025eko deialdietan jasotako proposamenekin bat egingo duten proposamen berriekin. Poltsa hori oinarri da ikasturte bakoitzean Gasteizen, Arabako Lurralde Historikoan eta Trebiñun garatzen den programazioa konfiguratzeko, kuadrilla eta udalekin lankidetzan.

+55 Elkartegiak 55 urtetik gorakoentzako jarduera soziokulturalen programa bat da, eta zahartze aktiboa sustatzea du helburu, bizitza kulturalean parte hartuz, bizi kalitatea hobetzen laguntzeko.

Deialdia irekita dago pertsona partikularrentzat, profesional autonomoentzat, enpresentzat eta elkarteentzat, eta maiatzaren 6tik 20ra bitartean aurkeztu ahal izango dituzte proposamenak, oinarrietan ezarritako betekizunen arabera.

Jarduerak hiru kategoriatan aurkez daitezke: ikastaroak Gasteizen, tailer praktikoak Araban eta hitzaldiak, formatu eta iraupen desberdinetara egokituta.

Aurten, berrikuntza gisa, balorazio prozesuan irizpide sozialak sartuko dira, proposamenen kalitate teknikoaz gain. Hala, ebaluazio batzordeak hainbat alderdi hartuko ditu kontuan, hala nola prestakuntza esperientzia, genero ikuspegia txertatzea, euskararen erabilera eta tolerantzia, gizarte inklusioa eta kultura aniztasuna bezalako balioen hedapena.

Hautatutako proposamenak jardueren poltsan sartuko dira, eta hortik aukeratuko dira eskola aldi bakoitzaren programazioa osatuko dutenak.

+55 Elkartegien programari buruzko informazio guztia webgune honetan kontsulta daiteke:
https://kulturaetxea.araba.eus/es/aulas55

Foru Aldundia

Prentsa oharra

Jaitsi