Kultura | 2026 07 29

Ignacio Aldecoa Kultura Etxeak Foru Plazaren 50. urteurrena ospatzeko erakusketa bat izango du irailean

Erakusketak Eduardo Chillidaren eta Luis Peña Gancheguiren lana aldarrikatzen du, arte publiko garaikidearen erreferente eta nortasun kolektiboaren sinbolo gisa Vitoria-Gasteizen

Iturria: CC BY-3.0-ES 2012/EJ-GV/Irekia-Gobierno Vasco/Mikel Arrazola

 

Vitoria-Gasteiz, 2026ko uztailaren 29a. Ignacio Aldecoa Kultura Etxeak Foru Plazari eskainitako erakusketa bat izango du irailaren erdialdean, haren sorreraren 50. urteurrena ospatzen dela-eta. Plaza hori Vitoria-Gasteizko hiriko esku hartze berezi eta adierazgarrienetako bat da.

Erakusketak ibilbide bat proposatzen du espazio enblematiko horren jatorrian, esanahian eta bilakaeran zehar. Espazio hori 1976an sortu zen, artea, arkitektura eta espazio publikoa fusionatzen dituen herritarren topagune gisa. Foru Plaza, Eduardo Chillida eskultorearen eta Luis Peña Ganchegui arkitektoaren arteko lankidetzaren emaitza da eta plaza eta monumentu kategoria tradizionalak gainditzen dituen obra paregabe gisa finkatu da.

Hainbat azalpen edukiren bidez, plaza sortu zen testuinguru historikoan sakondu ahal izango du publikoak, bai eta hirian hirigintza ulertzeko moduan mugarri izan zen esku hartze bat eragin zuen sormen prozesuan ere.

Erakusketaren elementu nabarmenetako bat izango da, lehen aldiz, gela berean elkartzea Eduardo Chillidak Vitoria-Gasteizekin lotuta egindako lan enblematiko batzuk eta baita Peña Gancheguik egindako planoen ikuspegiak ere. Gaur egun, Bilboko Arte Ederren Museoko "Gasteiz" alabastroa edo Arabako Foru Aldundiaren jabetzakoa den "Gasteiz" grabatua erakusteko lanak egiten ari dira, publikoaren gozagarri izango direlakoan. Piezen elkartze hori une gogoangarria izango da plazaren 50 urteko historian, eta erakusketaren balio bikaina indartuko du.

Erakusketak lanaren dimentsio artistikoa zein izaera sinbolikoa nabarmenduko ditu, eta nabarmenduko du bizikidetza espazio gisa eta nortasun kolektiboaren isla gisa duen eginkizuna. Ildo horretan, Arabako herritarren ondare komuna dela eta arte publiko garaikidearen barruan duen garrantzia azpimarratzen da.

Era berean, erakusketak arte, arkitektura eta ondare adituen ikuspuntua jasotzen du. Adituok Foru Plazaren gaur egungo esanahiari eta indarraldiari buruzko ikuspegi desberdinak ematen dituzte.

Ekimen horren bidez, lortu nahi da gizarteak aintzatespen handiagoa eman diezaion hiriko espazio horri, Vitoria-Gasteizko kultura paisaiaren elementu nagusi gisa duen balioa nabarmen azalduz eta hiria artearen bidez eta herritarren ekimenez eraikitzeko jokabide baten erreferente gisa.
Patricia Álvarez de Arkaia, Ángel Cordero eta Montx Alkortak bultzatutako ekimena da erakusketa, Ignacio Aldecoa Kultura Etxearekin lankidetzan, Arabako gizartearen ondare komun hori zabaltzeko eta balioesteko asmoz.

Erakusketa irailean inauguratuko da, eta Ignacio Aldecoa Kultura Etxean bisitatu ahal izango da bi hilabetez.

 

 

Kultura Foru Aldundia

Prentsa oharra

Jaitsi