Foru Aldundia | 2026 11 27

Ignacio Aldecoa Kultur Etxeak 50. urteurrena ospatuko du 150 urteko historia ospatzen duen Pirotecnia Valecearekin

"Piroteknia Valecea 150 urte. Tradizioa, ofizioa eta bilakaera" erakusketa abenduaren 11ra arte egongo da ikusgai eta, abenduaren 3an, ikuskizun pirotekniko bat izango da Florida parkean

Vitoria-Gasteiz, 2026ko azaroaren 27a. Ignacio Aldecoa Kultur Etxeak eta Arabako Pirotecnia Valecea enpresak oso ospakizun bereziak dituzte aurten: urteurrenak. Ofizialki inauguratu zenetik bost hamarkada igaro direla ospatuko du kultur etxeak; pirotekniak, aldiz, 1876an sortu zenetik 150 urteko ibilbidea egin duela. Arabari lotutako bi historia horiek bat egingo dute ondarea, tradizioa, kultura eta artea biltzen dituen proposamen batean.

Urteurrena dela eta, Pirotecnia Valeceak "Piroteknia Valecea 150 urte. Tradizioa, ofizioa eta bilakaera" erakusketa antolatu du Ignacio Aldecoa Kultur Etxean, eta abenduaren 11ra arte egongo da ikusgai.

Arabako Foru Aldundiak bat egin nahi izan du Valacearen ospakizun horrekin, kultur etxearen 50. urteurrena ospatzeko ospakizunarekin; izan ere, kultur etxeak 1976ko irailaren 1ean ireki zituen ateak, eta urte horretako azaroaren 30ean egin zen inaugurazio ofiziala. Horregatik, ospakizun bat antolatu du balio partekatuak ordezkatzen dituen Arabako enpresarekin batera: lurraldean errotzea, jendearekiko konpromisoa hartzea eta artea eta kultura profesionaltasunetik, ezagutzatik eta berrikuntzatik bultzatzea.

Arabako tradizio piroteknikoaren mende eta erdia

Pirotecnia Valecea 1876an sortu zen, eta gaur egun Euskadin dagoen enpresa pirotekniko bakarra da. Enpresaren historia familia bereko hainbat belaunaldiri lotuta dago, baita tradizioa, ezagutza teknikoa eta berrikuntza uztartzen jakin duen lanbidearen bilakaerari ere.

Enpresak bolboraren fabrikazioan du jatorria, eta, lehen urteetatik, festa pirotekniaranzko bilakaera izan zuen. Mende eta erdian zehar, baliabide tekniko berriak, doitasunezko makineria eta segurtasun betebehar handiagoak sartu ditu, eta bere jarduerari eta Arabarekin duen loturari eutsi dio.

Haren ibilbideak lurraldetik kanpo ere lortu du aintzatespena. Mugarrien artean, 1914ko Turingo piroteknia txapelketa dago. Duela gutxi, 150. urteurrenaren urte honetan, Donostiako Udalak Donostiako Aste Nagusian ikuskizun piromusikal bat eskaintzeko gonbita egin dio.

"Piroteknia Valecea 150 urte. Tradizioa, ofizioa eta bilakaera" erakusketa ikusgai egongo da Ignacio Aldecoa Kultur etxean abenduaren 11ra arte, astelehenetik ostiralera 9:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara, eta larunbatetan 9:00etatik 13:00era.


Su artifizialak Kultur Etxearen urteurrena ospatzeko

Ignacio Aldecoa Kultur Etxearen 50. urteurrenaren ospakizuna abenduaren 3an izango da, Euskararen Nazioarteko Egunean. 19:30ean, Pirotecnia Valeceak ikuskizun pirotekniko bat eskainiko du Florida parkean dagoen kultur etxeko instalazioetan, eta kanpotik ere ikusi ahal izango da.

Ospakizun horri esker, hain data seinalatua partekatu ahal izango da herritarrekin, eta bost hamarkadatan Arabako kultur bizitzaren parte izan den kultur zentroaren ibilbidea aintzatetsiko da.

Foru Aldundia Kultura

Prentsa oharra

Jaitsi