Ingurumena | 2025 02 11

Aiarako Ekiola herritarren energia kooperatibak hitzaldiak emango ditu Amurrion eta Laudion, proiektua ezagutarazteko

Aiarako Ekiola Amurrion kokatuko da, eta urtean 1.550 MWh ekoitziko ditu. Kopuru hori nahikoa izango da 700 familiaren energia beharrei erantzuteko Inguruko ETEak ere sartu ahal izango dira proiektuan

Gasteiz, 2025eko otsailaren 11. Aiarako Ekiolak proiektua herritarrei zabaltzeko faseari ekin dio. Informazio saioak egingo dira; bata Amurrion, hilaren 19an, 18:00etan, katekesiaren aretoan, eta, bestea, Laudion, martxoaren 5ean, 18:00etan, Kasinoan.  Horietan, proiektuaren datu zehatzak azaltzeaz gain, bertaratutakoek txosten pertsonalizatua jasotzeko aukera izango dute beren elektrizitate kontsumoaren egungo faktura aurkeztuz gero, kooperatiban parte hartu nahi duten ala ez baloratu ahal izan dezaten. Txosten horretan, parte hartzeko baldintzei buruzko informazio zehatza jasotzen da, familia bakoitzaren kontsumoaren araberakoa.

Aldi berean, gizarteratze fasea abiaraziko da, eskualdeko herritarrak erakarri eta autohornidurarako eguzki energia ekoizteko planta berria kudeatuko duen kooperatiban sartzeko. Horretarako, informazio eta aholkularitza bulego bat egongo da Amurrioko Udalean otsailaren 20tik martxoaren 5era bitartean, eta Laudioko Udalean martxoaren 6tik martxoaren 20ra bitartean.

 Proiektuak 700 kooperatibista izan nahi ditu, eguzki parke fotovoltaikoa eraikitzea aukera izan dadin, bai Ekiola Aiaraldeak eskaintzen dituen onura ekonomikoengatik, bai ingurumen eta gizarte onurengatik.

Urteko 2.200 kWh-ko batez besteko kontsumitzailearentzat, kooperatibista bakoitzak 1.700 euroko ekarpena egiten dio kooperatibari urtean kontsumitutako energia bera sortzeko (PFEZn % 15eko kenkaria aplikatuko da, ohiko etxebizitzetarako inbertsioen kasuan). Horrela, Ekiolaren funtsezko printzipioetako bat betetzen da: kooperatibistak eskari elektrikoaren % 100ean subiranoak izatea urtebeteko epean.

Aiarako Ekiolako energia kontsumitzaile bakoitzari helaraziko zaion sorkuntza kostuaren prezioa 29 €/ MWh izango da (karguak, zergak eta bidesariak kanpo) lehen urtean (KPIaren urteko igoera), eta proiektuaren bizitza baliagarria 30 urtekoa izatea kalkulatzen da, eta horrek energia epe luzera oso kostu prezio erakargarrian sortzea ekarriko du.

Energia kooperatibak karga puntu publikoak ere egingo ditu Aiaran, bazkideek eta herritarrek ibilgailu elektrikoak kargatu ahal izan ditzaten.

Obrak urtarrilean hasi ziren eta instalazioa aurtengo urte amaierarako martxan egotea espero da, kooperatibako bazkideek beren energiaz baliatu ahal izateko.

EKIOLA Energia Sustapenak

EKIOLA Energiaren Euskal Erakundearen eta Mondragon Korporazioan integratutako Krean ingeniaritza sustatzailearen arteko lankidetza publiko-pribatuaren emaitza da.

Ekimenaren helburua da komunitate energetikoak sortzea Euskadiko kooperatiba ereduaren barruan, herritarrek sor dezaten beren beharren % 100 betetzeko behar duten energia elektrikoa. Gainera, kooperatibak berak legezko tresna gisa funtzionatzen du energiaren etorkizunari bere planteamenduen arabera aurre egiteko, eta kideek ez dute ezer aldatu behar etxeko instalazio elektrikoan. Eguzki planta fotovoltaikoaren instalazioa 30 urtean funtzionamendu eta errendimendu hoberena izateko diseinatu da.

EKIOLA eredua bat dator Europar Batasunaren politikekin; izan ere, bere helburua da kontsumitzen den energiaren % 32 berriztagarria izatea 2030. urterako.

Aiarako Kuadrillan, proiektu honek Arabako Foru Aldundiaren partaidetza du.

Interesdunek kooperatibaren www.aiarako.ekiola.eus webgunean bertan eskatu ahal izango dute informazioa. Horretarako, formulario erraz bat beteko dute eta euren urteko kontsumoa adierazi.

Argibide gehiago nahi izanez gero, kontsultatu webgune hau: www.aiara.ekiola.eus.

Ingurumena Foru Aldundia

Prentsa oharra

Jaitsi