Errepideak eta Garraioak | 2026 07 07

Aldundiak onespena eman dio AP-1 eta AP-68 autobideetako bidesarien hobarietarako urteko deialdiari

Vitoria-Gasteiz, 2026ko uztailaren 7a. Arabako Foru Aldundiak hobariak emango dizkie aurten ere AP-1 eta AP-68 bidesaridun autobideak erabili ohi dituzten arabarrei, bidesarien kostua gutxitzeko helburuarekin. Programa horietarako esleitutako partidek 2,3 milioi euro dauzkate.

Foru Gobernu Kontseiluak onespena eman dio gaur AP-1 eta AP-68 autobideetan diruz lagundu daitezkeen zatietako 2026ko ekitaldi honetarako bidesari hobarietarako deialdi publikoari, bai eta dagozkien aurrekontu esleipenei ere: 1.386.390 euro lehenengorako eta 908.520 euro bigarrenerako. 

AP-1 sarritan erabiltzen dutenek 15 euroko tarifa laua (hileko gehieneko kostua) ordaintzen jarraitu ahal izango dute 2026. urte honetan zehar, Etxabarri Ibiñatik Eskoriatzarako bide zatian, eta 75 eurokoa Etxabarri Ibiñatik Maltzagarainoko bidaietan, hau da, autobidearen ibilbide osoagatik. 

Beste alde batetik, AP-68 autobidea sarritan erabiltzen dutenek % 60ko hobaria jaso ahal izango dute Zambrana eta Bilboren arteko bide laster horretako bidesarian, BEZa barne, hileko 15 bidaiatatik aurrera. 

Arabako Bideak-Vías de Álava (Arabat) foru sozietateak kudeatzen dituen hobari programa horien onuradun izateko, Araban bizi direnek teleordainketako sistema bat eduki beharko dute.

AP-1 autobidearen ohiko erabiltzaileentzako hobarien deialdia 2026. urte osoan egongo da irekita; AP-68 autobidearen programaren kasuan, berriz, 2026ko azaroaren 10era arte egongo da indarrean, egun horretan amaitzen baita autobide horren indarreko emakida araubidea, eta, beraz, data horretara arte egindako ibilbideei aplikatuko zaie.  

Foru Aldundia 2026ko azaroaren 11tik aurrera autobidearen Arabako zatiaren kudeaketa publikoa arautuko duen foru arau proiektua izapidetzen ari da, egungoak baino tarifa askoz txikiagoak izango ditu –testuak % 70eko beherapena planteatzen du ibilgailu arinentzat, eta % 50ekoa ibilgailu astunentzat–, eta hobariak egoera berrira egokitzeko aukera aztertzen ari da.   

 

Errepideak eta Garraioak Foru Aldundia

Prentsa oharra

Jaitsi