Ingurumena | 2026 11 18

Aldundiak bost milioi euro bideratuko ditu industria-lurzoru berria eskuratzera, eta 1,75 milioi Forondara, 2027an

Garapen Ekonomikoaren eta Jasangarritasunaren Sailak 50,45 milioi euroko aurrekontua izango du 2027an

31,4 milioi euro bideratuko ditu ingurumen-inpaktua murriztera, biodibertsitatea zaintzera eta baliabide naturalak eraginkorrago erabiltzera
 

Vitoria-Gasteiz, 2026ko azaroaren 18a. Arabako Foru Aldundiko Garapen Ekonomikoaren eta Jasangarritasunaren Sailak 50.453.054 euroko aurrekontua izango du 2027an. Horietatik 18.978.738 euro Garapen Ekonomikoaren Zuzendaritzari dagozkio, eta 31.474.316 euro Natura Ingurunearen Zuzendaritzari, Saray Zárate foru diputatuak Arabako Batzar Nagusietan egindako agerraldian azaldu duenez. Aurrekontuek industria-lurzorua handitzeko eta lehengoratzeko, enpresen lehiakortasuna indartzeko eta lurraldeko jasangarritasun-proiektu nagusiei jarraipena emateko inbertsioak jasotzen dituzte.

Aurrekontu-proiektuaren jarduera nagusietako bat industria-lurzoru berria eskuratzea izango da. Aldundiak bost milioi euroko ekarpena egitea aurreikusten du Arabako Garapen Agentziari, Gamarra-Betoño inguruko eremuetan, besteak beste, lurzorua erosteko, bultzatzen ari den DIN proiektuaren ildotik. Inbertsio horri 2027 eta 2028 artean aurreikusitako 4,1 milioi euro gehituko zaizkio, Arabako Industrialdearen kapitala indartzeko eta industria-pabiloiak erosi eta lehengoratzea sustatzeko.

Aurrekontuek, halaber, Euskadiko Parke Teknologikoaren Vitoria-Gasteizko campusean lurzorua erosteko eta sustapen berriak garatzeko jarduerak jasotzen dituzte, baita Talent House proiektua gauzatzea ere, arlo zientifikoko, enpresarialeko eta ekintzailetzako profesionalentzako aldi baterako ostatua eskaintzeko. Arabako Garapen Agentziak Aiara Industrial Lab ekimenarekin eta industrialdeak mantentzeko lanekin ere jarraituko du.

Konektibitateari dagokionez, Záratek iragarri du 2027an 1.753.170 euroko partida izango dela Forondako aireportua bultzatzen jarraitzeko eta haren kokapen estrategikoa indartzeko. Foru diputatuak lurraldearen lehiakortasuna hobetzeko neurrien artean kokatu du jarduera hori.

Enpresa txiki eta ertainei laguntzea ere lehentasunetako bat izango da. Álava Innova-Descarboniza programak bi milioi euroko hasierako zuzkidura izango du, berrikuntza eta teknologia berrien ezarpena sustatzeko. Era berean, Aldundiak BAIC eta GAIA erakundeekin dituen hitzarmenak indartuko ditu, bakoitzari 60.000 euro bideratuta, Arabako ETEetan adimen artifiziala eta zibersegurtasuna ezartzen laguntzeko.

Trantsizio energetikoaren arloan, sailak, Arabako Merkataritza Ganberarekin batera, ETEak deskarbonizatzeko kluba sustatuko du, eta SEA Arabako Enpresak elkartearekin lankidetzan arituko da enpresen jasangarritasunari buruzko jardunaldiak antolatzeko. Era berean, ENARGI foru-sozietateari egiten dion ekarpenari eutsiko dio, Ekiolak eta energia berriztagarria sortzeko proiektu berriak garatzeko.

Proiektuak nazioartekotzeko eta merkatuak dibertsifikatzeko laguntzen indartzeari eutsiko dio, eta Lanbide Heziketako ikastetxeekin eta unibertsitateekin lankidetza zabalduko du. Aurreikusitako jardueren artean, Egibiderekin 200.000 euroko hitzarmen berri bat dago, arlo eta teknologia estrategikoetan prestakuntza-programak garatzeko, baita Mondragon Unibertsitatearekin lankidetza berri bat ere.

Ekintzailetza sustatzeko, jarduera berriak egingo dira Nexum Araban, GovTech Arabaren hirugarren edizioa garatuko da eta Araban Ekiteko laguntzen beste deialdi bat egingo da. Aldundiak dibertsifikazio ekonomikoan ere lanean jarraituko du, automobilgintzako, biozientzietako, energiako, eraikuntzako, aeronautikako eta kultura- eta sormen-industrietako proiektuen bidez. Ikus-entzunezkoen sektorean, ICC Álava laguntzen beste deialdi bat nabarmendu behar da, 350.000 eurokoa, baita ESCAC zinema-eskolarekin lankidetza ere, lurraldean prestakuntza-jarduerak garatzeko.

Jasangarritasuna
Natura Ingurunearen Zuzendaritzak aurrekontuan jasotako jarduerek 31.474.316 euroko zenbatekoa dute, “Arabak klima- eta jasangarritasun-ikuspegitik dituen erronka nagusiei erantzuteko, eskumena duten administrazio publikoekin lankidetza aktiboan arituz “, foru diputatuak azpimarratu duenez.

Záratek azpimarratu duenez, “ingurumenaren eta ekonomiaren ikuspegitik jasangarriagoa izango den etorkizuna dugu jokoan. Horregatik, gure ur-aztarna murriztea eta sortzen ditugun hondakinen kopurua gutxitzea ezinbesteko eginkizunak dira”. Jarduera-ildo horretan, uraren ziklo integralari dagozkion partidak nabarmentzen dira; 9,3 milioi euro bideratuko dira horretara. Arabako Hornidura eta Saneamendu Planari erantzuten dioten inbertsio eta azpiegitura berriak gauzatzeko eta kudeatzeko ekintzak dira.

Ur-hornidura hobetzeko jardueren artean, Okondoko esku-hartzeak (1.946.900,00 euro) eta Lagrángo biltegia (646.473,04 euro) nabarmentzen dira. Saneamenduari dagokionez, hainbat jarduera aurreikusten dira: Lalastrako HUA (504.742,69 euro), Manzanoseko HUA (milioi bat euro), eta Nerbioi Garaiko saneamendu-sistema martxan jartzea eta kontrolatzea (1,7 milioi euro). Azken horrek Amurrioko eta Laudioko arazketa-beharrei erantzungo die, eta Nerbioi ibaiaren arroaren ingurumen-hobekuntzan eragina izango du.

Urbideri ematen zaion laguntza ere indartuko da, Araban uraren ziklo integralaren kudeaketa mankomunatuan aurrera egiten jarraitzeko. Záratek azaldu duenez, “helburua da lurraldeko toki-erakunde guztiei laguntzeko eta lurralde osoan kalitatezko zerbitzuak bermatzeko gai izango den kudeaketa- eta gobernantza-eredua sendotzea”.

Hondakinen kudeaketari buruz, foru arduradunak adierazi duenez, “une erabakigarrian gaude. Hondakinen Behatokiaren azken datuek etengabeko hobekuntza erakusten dute, baina Planaren aurrerapen-erritmoa nahitaez bizkortzearen alde egiten dugu, Europak eskatzen dituen helburu guztiak lortzeko”. Konpromiso horren isla dira arlo horretarako gordetako 11,1 milioi euroak. KonpostAraba konpostaje-planta eta berrerabilerarako prestaketa-zentroa dira abian jartzeko milioi bat eurotik gora izango duten bi azpiegiturak.

Toki-erakundeei laguntzen jarraituko zaie Araban eskaintzen diren hondakinak kudeatzeko zerbitzuen bidez; besteak beste, ontzi arinak, ehun-hondakinak eta hondakin arriskutsuak bildu eta tratatzeko zerbitzuen eta hiri-hondakinak berrerabiltzeko jardueren bidez. Jarduera horiek eta puntu garbiak, puntu berde mugikorrak eta garbiguneak mantentzeko lanek 8,2 milioi eurotik gorako zuzkidura izango dute.

Ingurumen-jasangarritasunaren eta natura-ondarearen arloetarako 1,5 milioi euroko baliabideak konprometitu dira. Planetarekiko, klima-ekintzarekiko eta trantsizio energetikoarekiko konpromisoa 10,5 milioi eurotik gorako jarduera multzo batean gauzatzen da.

Klima-aldaketaren aurkako borrokak eta energia-eredu jasangarriago baterako aurrerapausoek lehentasunezko jarduera-ildoetako bat izaten jarraituko dute. Horretarako, Trantsizio Energetikoaren Bulegoari jarraipena emango zaio, energia-komunitateen proiektu berriak sustatzeaz eta Ekiolen aldeko apustuari eusteaz gain. Era berean, toki-erakundeentzako laguntzei eutsiko zaie, eraikin eta instalazio publikoen energia-eraginkortasuna hobetzeko eta energia berriztagarrien proiektuak sustatzeko. Helburua da lurraldearen trantsizio energetikoa bizkortzea eta karbono gutxiko eredu sozioekonomiko baterantz aurrera egitea, bidezko trantsizioan eta klima-ekintzan oinarrituta.

Halaber, klima-aldaketara egokitzeko ikuspegitik, foru arduradunak parke naturaletan aurreikusitako inbertsioak aipatu ditu (1,2 milioi euro), baita Garaio, Landa eta Mendizurreko hondartza eta parkeetan egingo direnak ere, milioi bat eurotik gorako baliabideekin. Datorren urtean Garaioko baserria eta haren ingurua sendotzeko fasearekin jarraituko da, eta 300.000 euro bideratuko dira horretara, eremu horretan Zadorrako hezeguneen interpretazio-zentro bat egiteko helburuan aurrera egiteko.

Era berean, LIFE proiektuek baliabideak izango dituzte Natura 2000 Sareko kontserbazio-balio handiko eremuak zaintzeko eta lehengoratzeko, aldaketa globalaren ikuspegitik. Biodibertsitateari dagokionez, 250.000 euro handituko da espezie mehatxatuak kontserbatzeko aurrekontua.

Lurraldeko 1.000 kilometrotik gorako ibilbide berdeen kudeaketara, mantentzera eta hobekuntzara 1,6 milioi euro bideratuko dira. Aurreikusitako jarduera nagusien artean, Zadorrako Ibilbide Berdea abian jartzea eta Nerbioiko Parke Linealaren azken tartea, Mesones eta Urduña artekoa, gauzatzea daude.

Arabako Mendialdeko asfalto naturaleko meatzaritza-paisaiak berreskuratzeko lanek aurrera jarraituko dute, eremu hori jarduera eta erakargarritasun-gune berri bihurtzeko. Ekimen horrek ondare historikoa eta industriala balioestea eta ingurune naturala lehengoratzea uztartzen ditu. Ildo beretik, Foru Aldundiak aurten indartuko ditu degradatutako eremuak berreskuratzeko jarduerak, 200.000 euroko inbertsioarekin. Jarduera horri esker, naturaguneak lehengoratu, lurraldearen erresilientzia handitu eta karbono-hustuleku gisa duen ahalmena indartu ahal izango dira.
 

 

Ingurumena Garapen ekonomikoa eta inbertsioa Foru Aldundia Ekonomia garapena Ekonomia Garapena eta Jasangarritasunaren Saileko foru diputatua Berrikuntza

Prentsa oharra

Jaitsi