Foru Aldundia | 2026 07 30

Foru Aldundiak Asfaltokia ireki du Ataurin, Arabako Mendialdeko asfalto naturaleko meatze paisaien interpretazio zentroa

Vasco-Navarro trenbidearen geltoki zaharra birgaitu egin da, eskualdeko natura eta industria ondarearen gune berezi eta erreferente bihurtzeko

Asfaltokia jendearentzat irekita egongo da abuztuaren 1etik aurrera asteburuetan, larunbatetan 10:00etatik 18:00etara, eta igande eta jaiegunetan 10:00etatik 14:30era

Vitoria-Gasteiz, 2026ko uztailaren 30a. Atauriko Vasco-Navarro trenbidearen geltoki zaharrak bere jarduera berreskuratu du bere jatorrizko helburua aldatuta, Arabako Mendialdeko asfalto naturaleko interpretazio zentro (Asfaltokia) bihurtu baita. Higiezina birgaitzeko eta berreskuratzeko urtebeteko lanen ondoren, asteburu honetan ateak irekiko dizkio jendeari, "eskualdeko natura eta industria ondarearen erreferentziazko gune gisa", Ramiro González diputatu nagusiak azpimarratu duenez hara egindako bisitan.  Diputatu nagusiak higiezinaren solairuak bisitatu ditu Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarekin, Arraia-Maeztuko alkatearekin, Arabako Mendialdeko Kuadrillako lehendakariarekin eta Atauriko Administrazio Batzarreko ordezkari batekin.

"Asfaltokia irekitzeak finkatu egiten du asfalto naturalen ondarea balioztatzeko Arabako Foru Aldundiak bultzatu duen estrategia. Ekipamendu honek Arabako Mendialdeko paisaia eta historia modelatu eta Luzia meategian eta Asfaltoen Ibilbidean garatutako jarduerak osatzen dituen ondare berezia interpretatu eta zabaltzen du" azaldu du Ramiro Gonzálezek. 

Hau nabarmendu du Arabako agintariak bere esku hartzean: "Proposamen berritzaile eta jasangarria da, aukera berriak sortzen dituena, bestelako esperientzia originalak, jasangarriak eta ingurunea errespetatzen dutenak bilatzen dituen publikoarentzat ez ezik, eskualdearentzat ere, garapen ekonomikoa sustatzen duen elementua baita. Proiektu honek eskualdearen nortasuna indartzen duen ondarea gordetzen du, etorkizuna eraikitzeko gure berezitasunetatik abiatuta".

Bestalde, Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak azaldu duenez, "Europako Funtsak Euskadiri 105 milioi eman dizkio turismorako, haietako asko helmugako turismo jasangarritasuneko planetara bideratuak, zeinak 2021etik 2023ra zabaldu baititugu. Arabako Mendialdeko asfalto naturaleko meatze paisaien interpretazio zentro hau gure udalerri eta eskualdeek sustatzen dituzten 34 proiektu eta ehunka jardueren lagin bat da, zeinek gure turismo sektorearen lehiakortasuna hobetzen baitute".

Asfaltokia, Atauriko geltoki zaharra
Espazioa duela ehun urte eraiki zen eta hiru solairu ditu. Beheko solairua, bisitariei harrera egiteko erabiliko da, tradizioa eta modernotasuna uztartzen ditu modu orekatuan, eta errealitate birtualeko gune bat du, eskualdea, meategiak, fabrika zaharrak eta Maeztuko diapiroaren gainetik hegan egitea ahalbidetzen duena.

Eduki teknikoak lehenengo solairua hartzen du, zeina "asfalto naturalari buruzko liburu ireki bat" baita, eta bisitariari informazioa eskaintzen dio meatze paisaien geologiari, asfaltoaren erabilerei, bitxikeriei, Arabako Mendialdean zeuden fabrikei eta jarduera horren hasieratik gaurdainoko kronologiari buruz. Kanpoko hiru begiratokiek Izkiko parke naturala, Vasco-Navarro trenbidearen bide berdea eta meatzeak eta Mina Lucía meatzea identifikatzeko aukera ematen dute.

Azken gunea Alejandro Mendizabal ingeniariari eskainita dago, zeina Vasco-Navarro trenbidearen ibilbideko Old English estiloko eraikinen arduraduna izan baitzen. Erabilera askotarako gune bat da, geltokiaren, trenbideen eta asfalto panelen zuri-beltzeko irudi bat buru duena, eta non hitzaldiak eta ekitaldiak egin ahalko baitira. 

Asfaltokia jendearentzat irekita egongo da abuztuaren 1etik aurrera asteburuetan, larunbatetan 10:00etatik 18:00etara, eta igande eta jaiegunetan 10:00etatik 14:30era

Geltokiaren mendeurrena eta eraikinaren zaharberritzea dela-eta Asfaltokia interpretazio zentroan izango den aldi baterako lehen erakusketak eraikinaren bilakaeraren berri emango du: distira urteak, jarduera bertan behera uztea eta eskualderako erreferentzia gune bihurtzeko zaharberritze prozesua.

Proiektua gauzatzeko 2,1 milioi euro inbertitu dira guztira. Diru hori Asfalto Naturalen HTJParen bidez eskuratu da eta Europar Batasunaren NextGenerationEU funtsek finantzatu dute, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan.

Proiektu horrek osatu egiten ditu foru aldundiak Arabako Mendialdean azken urteotan egin dituen esku hartzeak, bai Vasco-Navarro Trenbidearen Bide Berdean, bai asfalto naturalen meatze paisaietan.
 

Foru Aldundia Diputatu nagusia Turismoa Ingurumena Enplegua, Merkataritza, Turismoa eta Foru Administrazioaren foru diputatua Ekonomia Garapena eta Jasangarritasunaren Saileko foru diputatua

Ramiro González, diputatu nagusiaren adierazpenak

Prentsa oharra

Jaitsi