Foru Aldundiak zergadunei arreta emateko zerbitzua handituko du Ogasunaren eraikineko gune berri batean - prentsa
Foru Aldundiak zergadunei arreta emateko zerbitzua handituko du Ogasunaren eraikineko gune berri batean
Foru Ogasunaren egoitzaren eraikinaren beheko solairuan gaituko dute gune berria, banku erakunde bat zegoen lekuan

Gasteiz, 2025eko otsailaren 5a. Foru Ogasunak zergadunei arreta emateko zerbitzua handituko du eta lehen banku erakunde bat zegoen lekuan kokatuko du. Foru Ogasunaren egoitzaren beheko solairuan dago gune hori, eta iaz erosi zuen foru erakundeak. Horrela, bi zerbitzu bateratu ahal izango dira. Izan ere, erositako lokalak ahalbidetzen duen handitzeari esker, Errolda Kudeaketako eta Jakinarazpenetako Unitatearen Atala beheko solairuan kokatu ahal izango da. Eta errolda unitatea aldatzean hutsik geratuko den lekuan, Zeharkako Zergen Zerbitzuaren zati bat kokatuko dute, orain beste solairu batean dagoena.
Hala, "zergadunei arreta pertsonalizatua, azkarra, hurbila eta kalitatezkoa eskaintzen jarraitu ahal izango da", nabarmendu du Itziar Gonzalo Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Saileko foru diputatuak.
Gaur egun, hiru zerbitzu daude eraikineko bi solairutan banatuta: Zergadunekiko Harremanetarako Zerbitzua, beheko eta lehenengo solairuetan; Zeharkako Zergen Zerbitzua, lehen eta hirugarren solairuetan, eta Zuzeneko Zergen Zerbitzua, beheko eta bigarren solairuetan. "Horrek ez du lana gauzatzea zailtzen, baina lanaren kudeaketa eta antolaketa hobetu egiten dira zerbitzua erabat bateratuta dagoenean", azpimarratu du foru diputatuak.
Azken urteotan, nabarmen ugaritu dira Arabako Foru Ogasunaren jarduerak: zerga berriak kudeatzen dira, beste administrazio batzuei arreta eta laguntza eman behar zaie beste erakunde batzuetatik sortutako laguntzak ebazteko, Europako eskakizunetara egokitu beharra dago eta "hainbat esparrutatik gero eta sarriago egiten diren zerga informazioko eskaerei erantzun behar zaie", eta, hori dela eta, Itziar Gonzálezek nabarmendu duenez, "arinago eta modu eraginkorragoan erantzun beharra dago" eta, horretarako, gune fisikoak egokitu behar dira.