Foru Aldundiak behin betiko onespena eman dio Arabako Mugikortasun Jasangarriaren II. Planari - arabapress
Foru Aldundiak behin betiko onespena eman dio Arabako Mugikortasun Jasangarriaren II. Planari
Alavabusen eta Eskualdeko Garraioaren erabilera % 70 handitzea du helburu, bai eta oinez eta bizikletaz egiten diren joan-etorriak areagotzea ere
Jon Nogales: "Asmo handiko plan errealista eta partekatua dugu, hurrengo hamarkadan mugikortasun jasangarriaren arloan jauzi kualitatiboa emateko"
Alavabus zerbitzua indartzea, gaueko zerbitzua ematea eta industrialdeekiko lotura hobetzea dira alegazioen artean interes handiena piztu duten gaiak
Emakidak berritzea, berrikuntza teknologikoa, geralekuak egokitzea eta tarifa integrazioa dira 2025erako eta 2026rako erronkak

Gasteiz, 2024ko abenduaren 9a. Arabako Foru Aldundiak behin betiko onespena eman dio Arabako Mugikortasun Jasangarriaren II. Planari (2025-2034). Planaren helburua da foru garraioaren eskaintza indartzea, maiztasun handiagoak ezarriz, gaueko zerbitzua emanez, industrialdeetan geralekuak jarriz eta autobus modernoagoak eskuratuz, bai eta bizikletaren erabilera sustatzen jarraitzea ere ibilbide laburreko ohiko joan-etorrietarako.
Dokumentu estrategikoak hogeita hamar neurri eta jarduketa proposamen baino gehiago zehazten ditu helburu horietan aurrera egiteko, eta guztira 68 milioi eurotik gorako inbertsioa egingo da hamar urtean.
Jon Nogales Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Saileko foru diputatuak dokumentu estrategiko horren azken bertsioa aurkeztu du gaur Arabako Batzar Nagusietan. Dokumentu horretan zehazten da "Arabako foru garraioaren eta mugikortasunaren ibilbide orria datozen hamar urteetarako". "Asmo handiko plan errealista eta partekatua dugu, hurrengo hamarkadan mugikortasun jasangarriaren arloan jauzi kualitatiboa emateko".
"Horretarako, hogeita hamar jarduketa baino gehiago gauzatuko ditugu; besteak beste, Alavabusen eskaintza % 36 handituko dugu, bai plazei, bai maiztasunei dagokienez; gaueko zerbitzua abian jarriko dugu, ostiral, larunbat eta jai egun bezperetan, eta industrialdeetarako loturak hobetuko ditugu. Helburua da foru garraioaren erabilera % 70 handitzea hamar urtean eta 1,2 bidaiari gehiago izatea", adierazi du diputatuak.
Nogalesek azaldu duenez, Arabako Mugikortasun Jasangarriaren II. Plana saileko lantaldearen lanaren emaitza ez ezik, toki erakundeen, talde politikoen, eragile ekonomiko eta sozialen eta herritar partikularren ekarpenen emaitza ere bada. "Testua ireki diegu herritarrei, kuadrillei, udalei, eragile ekonomiko eta sozialei, batzarkide taldeei eta beste erakunde batzuei, eta haien alegazio asko sartu ditugu", azpimarratu du.
Hala, jendaurrean jartzeko epea amaitu ondoren, hasierako testuak 13 alegazio idazki eta 120 proposamen baino gehiago jaso zituen. "Proposamen horiek ez dira planaren aurkakoak; aitzitik, planaren ikuspegiarekin, misioarekin eta helburuekin lerrokatzen dira, eta aberastea dute helburu. 120 alegazioetatik 29 osorik edo partzialki onartu ditugu; 24 de facto onartuta zeuden, testuan jasota zeudelako, eta 44 ondorengo izapideetan baloratu behar dira, hala nola emakidak berritzeko aurreproiektuak idaztean".
"Eskerrak eman nahi dizkiet talde politikoei, tokiko erakundeei eta eragile sozioekonomikoei, jarrera positiboa eta eraikitzailea erakutsi dutelako, guztien artean planik onena egiteko", esan du diputatuak.
Helburuak eta neurriak
Planaren helburu orokorra mugikortasun sistema unibertsal, inklusibo, jasangarri, eraginkor eta segurua lortzea da, bi tresna nagusiren bidez: garraio publikoa sustatzea eta hobetzea, eta joan-etorriak oinez eta bizikletaz egitea sustatzea. Helburu orokor hori lortzeko, honako helburu zehatz hauek proposatzen dira:
-
Garraio sistema integratu bat eratzea, erabiltzaileek titulu berarekin bidaiatu dezaten eta garraio aldaketak lehentasunezko baldintzetan egin ditzaten.
-
Intermodalitatea indartuko duen eta ingurumena hobetzen lagunduko duen garraio sistema berritzaile baterantz aurrera egitea. Sistemaren isurketak % 50 murriztea planteatzen da.
-
Ibilgailu pribatua erabiltzeko disuasio neurriak ezartzea eta mugikortasun aktiboa sustatzea, oinez edo bizikletaz egindako joan-etorrien ehunekoa % 42tik % 50era igotzeko.
-
Arabako Mugikortasun Agintaritza partzuergoa eratzea.
Horri dagokionez, Nogalesek honako hau adierazi du: "Hiriarteko garraio publikoaren eskaintza handitzeko eta hobetzeko hogeita hamar jarduketa baino gehiago planteatzen ditugu. Ildo estrategiko hori garatzeko oinarrizko tresna izango da legegintzaldiaren bigarren erdialdean Alavabuseko Araba erdialdeko, Aiarako eta Arabako Errioxako emakidak berritzea, bai eta eskualdeko garraioko loteak ere, baina beste neurri batzuk ere gauzatuko ditugu".
Besteak beste, nabarmendu du Alavabusen eskaintza % 36 hobetuko dela, bai plazei, bai maiztasunei dagokienez, 06:00etatik 23:00etara bitarteko ordutegi jarraitua eskaintzeko eta herrigune nagusiak ospitale, ikastetxe eta tren eta autobus geltokiekin autobus aldaketa bakarra eginda lotzea bermatzeko. Horrez gain, gaueko garraioa ezarriko da ostiral, larunbat eta jaiegun bezperetan, Gasteizen eta inguruko herrigune nagusien artean, eta Tuvisaren Gautxoriarekin eta tranbiarekin koordinatuko da.
"Planak 2/3 zerbitzu planteatzen ditu, eta lehenengo fasean Langraitz, Agurain, Dulantzi, Legutio eta Murgiarekin hasiko da; bigarrenean, berriz, Miranda de Ebro, Arrasate, Durango, Laudio eta Amurriorekin", zehaztu du.
Mugikortasun Jasangarriaren II. Planak 26,7 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du Alavabusen eskaintza hobetzeko, garraio publikoaren kuota % 8tik % 12ra igotzeko eta eskaria % 70 handitzeko, 1,2 milioi bidaiari gehiagoren bidez.
Hauek dira jasotako beste jarduketetako batzuk: eskualdeko garraio lineak berrantolatzea eta hobetzea; plazen eta ordutegien kudeaketa hobetzeko sistemak teknologikoki berritzea; Alavabuseko geralekuak hobetzea; ibilgailuak eguneratzea erosotasun handiagoa eskaintzeko eta matxuren arriskua minimizatzeko; tarifak Arabako garraio publikoko gainerako operadoreekin integratzea, eta industrialdeetarako mugikortasun jasangarria sustatzea.
"Lankidetza publiko pribatuaren bidez egin nahi dugu. Gasteizen eta inguruko industrialdeen artean zerbitzu berezi bat sortzea aztertuko dugu; garraio kolektibo propioetarako enpresentzako laguntza lerroak eta mugikortasun planak, eta Alavabus lineen bidez konexioak hobetzea", adierazi du diputatuak.
Planak, gainera, Arabako Bizikleta Bideen Sarea garatzea jasotzen du, baita ibilbide laburreko hiriarteko joan-etorrietan bizikletaren erabilera sustatzeko eta ahalbidetzeko informazio kanpaina bat ere.
Lehenengo jarduketak
Jon Nogalesek adierazi du planaren lehen neurrietan lanean ari direla, eta azaldu du 2025eko aurrekontuetan esleitutako 2,3 milioi euroak Alavabusen eta Eskualdeko Garraioaren sistema zentralen teknologia eta ibilgailuen ekipamendua berritzen hasteko erabiliko direla, zerbitzu fidagarriagoa eta erosoagoa eskaintze aldera; horrez gain, Araba erdialdeko, Aiarako eta Arabako Errioxako emakidak berritzeko aurreproiektuak idatziko dira eta eta zenbait azterlan tekniko egingo dira.
"Lantalde bat sortu dugu Arabako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Garraio Zuzendaritzaren, Gasteizko Udaleko Espazio Publikoaren eta Tuvisa udal sozietatearen artean, Gasteizko Alavabuseko geralekuak hobetzeko eta hiriko garraiobide publikoekin koordinatzeko", azaldu du.
Horrez gain, "Arabako Bizikleta Bideen Sarea garatzeko aurrerapauso eraginkorrak ematen ari dira: urriaren amaieran Gasteiz eta Miñaoko Parke Teknologikoa lotuko dituen bizikleta bidea egiteko lizitazioa egin zen, laster esleituko da proiektua eta azpiegitura berria datorren udan jarriko da martxan, 2 milioi eurotik gorako inbertsioa egin ondoren. Beste bizikleta bide batzuen proiektuak ere idazten hasiko dira".
Azkenik, gogorarazi du Arabako Mugikortasun Agintaritzak azken bileran erabaki zuela "2025ean zehar lanak bizkortzea, partzuergo gisa eratzeko eta Alavabusen, Eskualdeko Garraioaren, Tuvisaren eta tranbiaren tarifak integratu ahal izateko 2026an. Aldundiak urrats garrantzitsuak egin ditu deskontu progresiboko sistema ezarriz, hori izango baita Euskadiko garraio operadore guztientzako eredu komuna".
"Kolektibo berezientzako txartelaren prezioan hobaria aplikatzen hasiko gara, BAT txartel pertsonalizatuaren bidez. Urtarrilaren 1etik aurrera, 12 urtetik beherakoek doan izango dute txartela foru garraioan, garraio publikoa txiki-txikitatik sustatzeko", adierazi du.

