Aldundiak % 26 handituko du foru garraio publikoaren finantzaketa, eta 77,5 milioi eurora iritsiko da - arabapress
Aldundiak % 26 handituko du foru garraio publikoaren finantzaketa, eta 77,5 milioi eurora iritsiko da
Mugikortasun eta garraio arloan % 24 handitu da aurrekontua, Alavabus eta Eskualdeko Garraioa hobetzen jarraitzeko eta Zabalganerako tranbia finantzatzeko
Errepideetako inbertsioa % 29 hazi da, eta Armiñongo lotunea handitzeko bigarren fasea eta Pobeseko saihesbidea izango dira obra nagusiak
6,4 milioi euro izango dira AP-68 autobideko mantentze eta kontserbazio lanetarako eta inbertsioetarako

Vitoria-Gasteiz, 2006ko azaroaren 18a.- Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Sailak guztira 77,5 milioi euro bideratuko ditu datorren urtean foru garraio publikoa finantzatzera, % 56rainoko hobaria izateko aukera ematen duen Alavabuseko eta Eskualdeko Garraioko deskontu progresiboko sistemari eustera eta Arabako errepideak modernizatzera. Aurrekontu hori 2026ko proiektukoa baino % 26 handiagoa da.
Aurrekontu gehikuntza horri esker, proiektu estrategikoak bultzatu ahal izango dira, hala nola Vitoria-Gasteizko tranbia Zabalgana auzoraino iristea.
Jon Nogales Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Saileko foru diputatuak kopuru horien berri eman du gaur Arabako Batzar Nagusietan, bere sailari dagozkion aurrekontuak aurkezteko egin duen agerraldian, eta inbertitzaileak direla azpimarratu du. Nogalesek nabarmendu du ia 30 milioi euro esleitu direla Arabako errepideetan mantentze eta modernizatze lanak egiteko, Aldundiak AP-68 errepidearen kudeaketa bere gain hartu ondoren.
Azaldu duenez, sailaren aurrekontua 77,5 milioi eurokoa da, eta partida eta proiektuek bi lehentasun dituzte: "mugikortasun jasangarriko politikak bultzatzen jarraitzea, foru garraioa etengabe hobetuz, eta errepideen bide segurtasuna indartzea, beharrezko mantentze eta modernizatze lanak eginez". Ondoren, bi kudeaketa arloetako partida nagusiak zehaztu ditu.
Horrela, mugikortasun arloan, % 24,4ko igoera iragarri du foru garraio publikoa hobetzeko, ibilbide laburreko hiriarteko joan-etorrietan bizikletaren erabilera sustatzeko eta tranbiaren ibilbidea Zabalganeraino luzatzeko partidetan. "Aurrekontu honen bidez Alavabusen eta Eskualdeko Garraioaren aldeko apustua berresten dugu, zerbitzu publikoaren eta mugikortasun jasangarriaren oinarri baitira".
Nogalesek zehaztu duenez, aurrekontuek 10,3 milioi euro bideratuko dituzte, % 5,5 gehiago, honako hauek finantzatzera: Alavabuseko eta Eskualdeko Garraioko lineak, Aiaraldea eta Galdakaoko Ospitalearen arteko autobus bidezko zuzeneko konexioa, Miñaoko parkerako garraio kolektiboko zerbitzua eta toki erakundeentzako eta enpresentzako laguntza lerro berriak, mugikortasun jasangarriko planak egiteko eta horiei lotutako neurrietan inbertitzeko.
Baliabideen gehikuntza hori Alavabusen Aiaraldeko 14, 15 eta 16 lineen finantzaketa hobetzera bideratuta dago, aurten egindako hobekuntzak sendotzeko, bai eta Vitoria-Gasteiz/Miranda de Ebro eta Vitoria-Gasteiz/Durango lineetan ibilgailuak eta bidaiak gehitzera ere, eta gaueko zerbitzuak ematen jarraitzera ere bai. "Helburua da linea horien eskariaren hazkunde handiari erantzutea eta gaueko zerbitzuei eustea".
Aurrekontuko 1,9 milioi euro aurten erabat berritu den Eskualdeko Garraio Zerbitzurako izango dira, linea berriak eta zerbitzu eskaintza handiagoa jarri baitira abian Arabako Errioxan, Añanan, Aiaraldean eta Gorbeialdean.
Deskontu progresiboko sistema
Gainera, foru diputatuak azaldu duenez, "aurrekontu hauei esker, duela hiru urte ezarritako deskontu progresiboko sisteman oinarritutako hobari politika erakargarriari eutsi ahal izango zaio, erabiltzaileen aldetik oso harrera ona izan baitu". Proiektuak, beraz, Euskadiko Garraio Agintaritzaren azken bileran hartutako konpromisoa jasotzen du: 2027an % 20ko aparteko deskontua aplikatzea titulu pertsonalizatuei.
Alavabusen eta Eskualdeko Garraioan, BAT txartel pertsonalizatuari lotutako deskontu progresiboko sistemari gehituko zaio deskontu hori, eta, urtarrilaren 1etik aurrera, txartel arruntaren salneurriaren % 56 arteko hobaria bermatuko du, egindako bidaia kopuruaren arabera: % 40koa, hilean 1 eta 20 bidaia artean eginez gero; % 48koa, hilean 21 eta 50 bidaia artean eginez gero, eta % 56ko deskontua, hilean 51 bidaia edo gehiago eginez gero. Txartelak doakoa izaten jarraituko du 12 urtetik beherako haurrentzat.
"Hortik abiatuta, eta Espainiako Gobernuak hobari gehigarriak onartzen eta finantzatzen baditu, hobari horiek gure deskontuen politikan sartuko ditugu, orain arte egin dugun bezala", zehaztu du Jon Nogalesek.
Arabako Mugikortasun Jasangarriaren II. Planaren hedapena da sailak datorren ekitaldian izango duen beste erronketako bat, eta aurrekontuetan jasota dago. Foru diputatuak 522.000 eta 482.000 euroko bi partida nabarmendu ditu: bata Alavabusen eta Eskualdeko Garraioaren berrikuntza teknologikoarekin jarraitzeko, eta bestea Foru Garraio Publikoko Geltokiak Hobetzeko Plan Zuzentzailea gauzatzeko eta markesinen mantentze lanak indartzeko.
Aurrekontuek, gainera, 127.000 euro jasotzen dituzte Arabako Bizikletaren Estrategia garatzeko, ibilbide laburreko ohiko joan-etorrietarako bizikleta erabiltzea sustatzen duten neurrien bidez. Horrez gain, 224.000 euro daude esleituta Elciego eta Laguardia arteko bizikleta bidea eraikitzeko obrak eta Vitoria-Gasteiz eta Langraiz Oka arteko bizikleta bidearen proiektua idazteko lanak egiten hasteko.
Nogalesek jakinarazi du "Arabako Foru Aldundiak Vitoria-Gasteizko tranbiaren Zabalgana auzorako linea berriaren inbertsioaren % 17,5 finantzatzeko konpromisoa" ere jasotzen dela proiektuan, "aurrekontuaren eta obren plangintzaren arabera: 3,7 milioi euro bideratuko dira 2027an, eta 4,9 eta 7,1 milioi euroko konpromiso kredituak izango dira 2028an eta 2029an, hurrenez hurren", zehaztu du diputatuak.
"Foru Gobernuak eta sail honek, beste behin ere, Vitoria-Gasteizerako funtsezkoa eta eraldatzaile den proiektua gauzatzeko duen inplikazioa erakusten du. Proiektuak garraio publikoaren eskaintza hobetuko du, eta hiriaren kohesioa indartuko du, mugikortasun jasangarria ardatz hartuta", erantsi du.
Bide azpiegiturak
Bide azpiegituren arloan, Errepideen Foru Sarearen segurtasuna indartzeko, aurrekontuek bide sarea behar bezala mantentzeko eta kontserbatzeko baliabideak bermatzen dituzte, bai eta zenbait modernizazio proiektu gauzatzea ere. Gainera, modernizazio proiektu estrategikoak idazteko baliabideak esleitzen dituzte, Arabako Errepideen Plan Integrala betetzen aurrera egiteko.
"Eutsi egin diogu inbertsio ahaleginari, baita indartu ere, eta ia 30 milioi euro bideratuko ditugu Armiñongo lotunea handitzeko bigarren fasea gauzatzera, Pobesko saihesbide berria egiten hastera eta, hala, Errepideen Foru Sarean geratzen den trenbide pasagune bakarra kentzera, Artziniegako eta Iekorako zeharbideak hobetzera eta pantaila akustiko berriak instalatzera", azaldu du foru diputatuak.
Foru diputatuak beste partida batzuk ere nabarmendu ditu, hala nola kontserbazio kontratuak eta Neguko Bidezaintza Plana gauzatzeko 13 milioi eurokoa, eta errepideak egokitzeko eta hobetzeko proiektuak idaztera bideratutakoak: A-3641 errepidea Ibagueneko bidegurutzearen eta Okondoren artean; A-124 errepidea Samaniego eta Leza artean; A-132 errepidea A-4120 errepidearen eta Egiletaren artean eta Legutioko Santa Engrazia kaleko bidegurutzea.
Aurrekontuek AP-68 autobidearen mantentze eta kontserbazio lanen eta inbertsioen partidak ere jasotzen dituzte, Aldundiak bere gain hartu baitu haren kudeaketa integrala: 3,5 milioi euro kontserbazio eta mantentze lanetarako, milioi bat euro baino gehiago bide zoruak hobetu eta sendotzeko, 195.316 euro bide segurtasuneko lanetarako eta Errepideak Kontrolatzeko Zentroa kudeatzeko, eta 30.000 euro energia elektrikorako.
Arabako 2027rako Aurrekontu Proiektuan AP-68 autobidea mantentzeko eta hartan inbertitzeko aurreikusitako partidek 6,4 milioi euro egiten dute guztira. Partida horiek, kasu guztietan, ARABAT sozietate publikoak finantzatuko ditu, azaroaren 11n AP-68 autobidean ezarritako erabileraren araberako ordainketa sistema berriak datorren urtean sortutako diru sarreren bidez.
Foru diputatuak jakinarazi duenez, sistema kudeatzeaz arduratzen den ARABATek AP-68 autobideko bidesariengatik 2027an 24,9 milioi euro jasotzea aurreikusten du, honela banatuko dituenak: 16,2 milioi euro sistemaren inbertsio eta eragiketetarako; 6,4 milioi euro AP-68 autobideko mantentze eta kontserbazio lanetarako eta inbertsioetarako, eta 640.000 euro beste errepide batzuk, garraio publikoa edo mugikortasuna hobetzeko proiektuetarako.

