Foru Aldundia | 2026 11 19

Aldundiak %6 handituko ditu enplegu politiketarako baliabideak, 1,9 milioi euroraino

3,1 milioi eurotik gorako partida gordeko du turismo jasangarria bultzatzeko eta tokiko merkataritzari laguntzeko

Era berean, aurreikusi du 2027an 57 lanpostu betetzeko EPEetako hautaketa prozesuak abiaraztea

Mar Dabán: "Beste bultzada bat emango diegu prestakuntzari eta laneratzeko programei, enplegu osorantz aurrera egiten jarraitzeko; era berean, %27 handituko ditugu merkataritzarako laguntzak, sektorearen modernizazioa eta digitalizazioa sustatzeko»
 

Vitoria-Gasteiz, 2026ko azaroaren 19a.- Enplegu, Merkataritza, Turismo eta Foru Administrazioaren Sailak 1,9 milioi euro baino gehiago zuzenduko ditu datorren urtean langabeen prestakuntza, laneratze eta bitartekaritza programetara, enplegu tekniko osorantz aurrera egiten jarraitzeko. Politika horien finantzaketa % 6 haziko da aurtengo ekitaldiarekin alderatuta.  

Mar Dabán Enplegu, Merkataritza, Turismo eta Foru Administrazioaren Saileko foru diputatuak gaur eman ditu argibide horiek Arabako Batzar Nagusietan, bere saileko aurrekontuak azaltzeko egin duen agerraldian. Aurrekontu horietan, kalitatezko enplegua sortzeak lehentasuna izaten jarraituko du. "Arreta berezia eskainiko diegu lana aurkitzeko zailtasunak dituzten pertsonei, hala nola prestakuntzarik gabeko gazteei, enplegu erregulazioko espedienteen eraginpeko langileei, iraupen luzeko langabeei eta egoera zaurgarrian dauden pertsonei". 

“Araba kalitatezko helmuga jasangarri eta irisgarri gisa finkatzea, turismoak enpleguaren eta aberastasunaren eragile izaten jarrai dezan, eta tokiko merkataritzari laguntzeko politikak indartzea dira aurrekontu honen beste bi ardatz. Horretarako, 3,1 milioi euro baino gehiago gordeko ditugu, besteak beste, hurbileko merkataritzarako laguntzak % 27,5 handitzeko, modernizazioan eta digitalizazioan inbertitze aldera”, zehaztu du.

Enplegu, Merkataritza, Turismo eta Foru Administrazioaren Sailaren aurrekontua 68 milioi eurokoa da, hau da, 2026ko kontuetan baino % 4,3 gehiago. Zerbitzu Orokorren Zuzendaritzak jasoko ditu funts horien zati handiena, guztira 50,1 milioi euro, eta digitalizazioa eta izapidetze elektronikoak, informatika garapenak, Arkitektura Zerbitzua eta Foru Aldundiaren gastu arrunta finantzatzeko erabiliko da. 

Proiektuak 11,5 milioi euro gordeko ditu Funtzio Publikoko Zuzendaritzarako, eta Enplegu, Merkataritza eta Turismoaren Sustapenaren Zuzendaritzarako, berriz, 6,4 milioi euro. 

Enplegua, lehentasuna

Mar Dabánek azpimarratu du une honetan Araban enpleguak inoizko daturik onenak dituela: 175.000 arabar baino gehiago daude Gizarte Segurantzan afiliatuta, eta langabezia tasa %6,4koa da. Hala ere, esan du langabeziak oraindik ere arabar askoren kezka nagusietako bat izaten jarraitzen duela. Horregatik, prestakuntza eskaintza indartuko dugu enpresek gehien eskatzen dituzten arloetan, hala nola logistikan, eraikuntzan, adimen artifizialean eta nazioartekotzean”.

«Horrez gain, lan merkatuan sartzeko edo bertara itzultzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonei zuzendutako laneratze programa espezifikoak abiaraziko ditugu», adierazi du.

Enplegu politiketarako aurrekontua %6 handitu da eta 1,9 milioi eurotik gorakoa da: 807.000 euro bideratuko dira lanbide prestakuntzako eta kualifikazioko ikastaroetarako, bai Vitoria-Gasteizen bai lurraldeko eskualdeetan; eta beste 784.000 euro gordeko dira egoera zaurgarrian dauden pertsonei zuzendutako programa multzo baterako, hain zuzen, "orientazioa, prestakuntza eta bitartekaritza" uztartzen dituzten programetarako. "Programa horiek kolektibo horiekin lanean diharduten eragile ekonomiko eta sozialekin elkarlanean garatuko ditugu», adierazi du. 

Programa horien artean honako hauek daude: mendekotasuna duen pertsonei etxean laguntzeko orientazioa eta prestakuntza (150.000 €); pertsona zaurgarrien prestakuntza eta autoenplegua Gurutze Gorriarekin lankidetzan (82.800 €); indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak laneratzeko ibilbideak EDE Fundazioarekin batera (42.000 €); eta Zainlagun programa, zaintzaren eremuan gizarteratzeko eta laneratzeko programa integrala, Sartu Alava elkartearekin lankidetzan (40.000 €).

Hona hemen beste programa batzuk: Build Inn, Euskadiko Eraikuntza Klusterrarekin elkarlanean garatzen den ekimena, krisian dauden sektoreetatik datozen langabeak eraikuntzaren sektorean txertatzea sustatzen duena (35.000 €); Crops4Life, lehen sektorean ekiteko prestakuntza eta orientazio programa (31.513 €); eta Acceder, egoera zaurgarrian dauden ijitoekin esku hartzeko programa integrala, Fundación Secretariado Gitanoren eskutik (30.600 €). 

«Arabako Landa Inguruneko Emakumeen Sarearekin elkarlanean Etxezain programa ere garatuko dugu (52.294 €), landa ingurunean zaintzaileak behar dituzten familien eta zaintzaren arloko profesionalen arteko lan bitartekaritza errazteko», adierazi du Dabánek.

Bestalde, foru diputatuak jakinarazi du proiektuak 875.000 milioi euro baino gehiago gordeta dituela tokiko merkataritzari eta artisautzari laguntzeko partidetarako, 2026ko ekitaldi honetan zuzendutako funtsak baino % 5,1 gehiago. Igoera horri esker, negozioak modernizatzeko inbertsiorako laguntzen lerroa % 27,5 hobetu ahal izango da (278.300 €), eta Alerta Goiztiarra (47.278 €) eta Belaunaldi Erreleboa (20.540 €) programen finantzaketa ere handituko da.

"Horrekin batera, 272.282 euro gordeko ditugu Arabako merkatarien elkarteekin sinatutako hitzarmenen bidez txikizkako merkataritzaren lehiakortasuna hobetzeko proiektuak gauzatzeko; horretarako finantzaketa %2,5 handituko dugu. Era berean, artisau tailerretan inbertitzeko laguntzak %44 indartuko ditugu", zehaztu du.

Estrategia turistikoa

Kontuek 2,4 milioi euro baino gehiago gordeko dituzte, aurten baino %15 gehiago, lurralde historikoko turismo eskaintzaren sustapen, garapen eta lehiakortasunerako, "gure ondare historikoa eta ingurumena errespetatuko dituen turismo kalitatezko, jasangarri eta irisgarria bilatuz beti". Turismoaren inguruko foru estrategiak lau ardatz nagusi ditu, eta 2027rako aurrekontu proiektuan jasota daude: 

•    Udal eta kuadrillentzako, turismo enpresentzako eta irabazteko xederik gabeko erakundeentzako laguntzak, sustapenerako, ekitaldiak eta jarduerak antolatzeko eta bisitariarentzako esperientzia eskaintza hobetzeko (728.515 €).

•    Udal eta kuadrillentzako, turismo enpresentzako eta irabazteko xederik gabeko erakundeentzako laguntzak, turismo azpiegiturak eta zerbitzuak hobetzeko inbertsioetarako (512.055 €). 

•    Araba helmuga turistiko jasangarri, irisgarri eta kalitatezko gisa sustatzea, Espainiako eta Europako kanpainak eginez (215.000 €).

•    Bisitariak erakartzeko eta ostatu gauak sortzeko gaitasuna duten kalitatezko kultura ekitaldiak bultzatzea eta sendotzea.

Foru diputatuak adierazi duenez, «Araba kalitatezko turismo helmuga gisa sustatzen jarraituko dugu, bai estatuan bai Europako merkatu estrategikoetan», eta  200.000 euroko partida berri bat nabarmendu du, “aurten abiarazi dugun Aktibatu Araba izeneko turismoko plataforma adimendun berria garatzen jarraitzeko.  Asmo handiko proiektua da, gurera datozen bisitariei buruzko datuak eta informazioa biltzeko eta aztertzeko neurketa sistema aurreratuak edukitzeko xedea duena”.

“Datu eta informazio oso baliotsuak turismo sustapenerako eta garapenerako estrategia eraginkorragoak, efizienteagoak eta jasangarriagoak diseinatzeko”, adierazi du. 

Sailak lankidetzan jarraituko du, halaber, hauekin hitzarmen bat eginda: Airaldeko Txakolinaren Ibilbidearekin, eskualdean enoturismoa sustatzeko (41.000 €); Montes Solidariosekin, Arabako natura eta ondare baliabideak irisgarri egiteko (35.872 €); Santa Maria Katedrala Fundazioarekin, bere turismo eskaintza hobetzen jarraitzeko (62.186 €), eta Santa Katalinako Lorategi botanikoarekin, Iruña Okako eta Añanako turismo eragile nagusi gisa sendotzeko (39.200 €). 
Hitzarmen horiez gain, beste batzuk ere egingo dira: Nekatur landa ostatuen elkarte nagusiarekin (16.233 €) eta Aktiba turismo aktiboko enpresen elkartearekin (16.233 euro). Eta bi partida izango dira, hauekin lankidetzan aritzeko: Gasteizko Abastos Merkatuarekin, ekitaldiak antolatzen aritzeko (12.607 €), eta ATRAE Arabako Bidaia Agentzia Hartzaileen Elkartearekin (12.607 €). Kontuek partida berri bat dute OPCE Euskadirekin (biltzarrak eta ekitaldiak antolatzen dituzten enpresen elkartea) lankidetzan aritzeko MICE turismoaren garapenean (14.000 €). 


EPEetako hautaketa prozesuak

Bestalde, eta Funtzio Publikoaren arloaren barruan, proiektuak 120.000 euro aurreikusten ditu 2025eko enplegu publikoaren eskaintzako hogei bat hautaketa prozesu abiarazteko, gutxienez 57 plaza gehituko dituztenak,"aldundiko plantillaren bitartekotasun tasa murrizten eta haren egitura Arabako gizartearen beharretara egokitzen jarraitzeko asmoz". Prozesu horietan 2026ko bi EPEetako plazak sartzeko aukera aztertuko dugu”.

Azkenik, Zerbitzu Orokorren Zuzendaritzan,Mar Dabánek honako hauek azpimarratu ditu: Arabako Kalkulugunearen gidaritzapean administrazio elektronikoan eta foru zerbitzu publikoen digitalizazioan aurrera egiteko ezarri den aurrekontu zuzkidura, hartara hobetu egingo baita herritarrei eta enpresei ematen zaien arreta (20,3 milioi €); foru aldundien eraikinen efizientzia energetikoa hobetzeko partida (1,3 milioi €) eta garbiketa kontratu berria lizitatzeko eta langileen baldintzak hobetzeko partida (2,3 milioi €). 
 

Foru Aldundia Enplegu sustapena

Prentsa oharra

Jaitsi