Foru Aldundiak ia 169.115 milioi euro egiten duten laguntzak emango dizkio garraio sektoreari - arabapress
Foru Aldundiak ia 169.115 milioi euro egiten duten laguntzak emango dizkio garraio sektoreari
Arabako 286 profesional autonomo eta enpresa izango dira onuradunak

Vitoria-Gasteiz, 2026ko urriaren 15a.- Arabako Foru Aldundiak 169.115 euro egiten duten laguntza ekonomikoak ordainduko dizkie pertsonak eta salgaiak garraiatzen dituzten Arabako profesional autonomoei eta enpresei. Hidrokarburoen gaineko zergaren zati baten itzulketa jaso ezin duten profesional autonomoei eta enpresei konpentsazio ekonomikoa emateko Espainiako Gobernuaren programaren barruan sartzen dira laguntza horiek.
Arabako Foru Aldundiko Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Sailak Ekialde Ertaineko Krisiari Erantzuteko Plan Integrala onesten duen Espainiako Gobernuaren martxoaren 20ko 7/2026 Errege Lege Dekretuak araututako garraio sektorerako laguntzen urteko lehen deialdia ebatzi du. Plan horrek jasangarritasun energetikorako, industriari laguntzeko eta gizarte babeserako zenbait neurri jasotzen ditu.
Foru Aldundiak deialdia kudeatu eta dirulaguntzak aurreratzen ditu, eta, ondoren, Estatuaren konpentsazioak jasotzen ditu.
Horiek horrela, eskaerak aurkezteko epea amaituta, Foru Gobernuak onetsi egin du 169.115 euro egiten duten laguntzak ematea egoitza Araban duten garraio sektoreko 286 profesional autonomori eta enpresari.
Laguntza horiek pertsonak eta salgaiak garraiatzen dituzten profesional autonomoentzat eta enpresa pribatuentzat dira (taxilariak, gidariarekin alokatzeko ibilgailuen titularrak, bidaiariak autobusen bidez garraiatzeko enpresak, anbulantziak, eta salgaiak garraiatzen dituzten autonomoak eta enpresak), baldin eta, zerga egoitza Araban izanik, gasolio profesionalaren hidrokarburoen gaineko zergaren zati baten itzulketaren onuradun ez badira.
Laguntzen zenbatekoa profesional edo enpresa onuradunak ustiatutako ibilgailu motaren eta kopuruaren araberakoa da.
Arabako Foru Aldundiko Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Sailak zuzeneko dirulaguntzen beste deialdi bat du zabalik, erabilera profesionaleko gasolioaren hidrokarburoen gaineko zergaren zati baten itzulketaren onuradun ez diren garraio sektoreko profesional autonomoentzako eta enpresentzako. Eskaera Arabako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan aurkez daiteke 2026ko urriaren 30era arte.

