Foru Aldundia | 2025 03 27

Foru Aldundiak bukatu ditu Lamuza jauregiaren zaharberritze lanak 5,5 milioi euroko inbertsioa egin ondoren

Laudioarrei eta bisitariei bisita gidatuen programa bat eskaintzen die apirilaren 30era arte, eraikin horren ezaugarriak eta historia ezagutzeko

Laudioko Udalari lagako dio erabilera, kultura- eta hezkuntza-jardueren zentro izan dadin

Gasteiz, 2025eko martxoaren 27a. Arabako Foru Aldundiak amaituko ditu Laudioko Lamuza jauregiaren barrualdearen zaharberritze, egokitze eta irisgarritasun lanak, laudioarrei kultura, hezkuntza eta prestakuntza jarduerak garatzeko gune enblematiko, eroso eta praktikoa eskaintzeko. Inbertsioa 5,5 milioi eurotik gorakoa da, fatxadak, estalkia eta berokuntza sistema berritzea barne.

Ramiro González diputatu nagusiak eta Cristina González Enplegu, Merkataritza, Turismo eta Foru Administrazioaren Saileko foru diputatuak eraikin hori berriz irekitzeko ekitaldi instituzionalean parte hartu dute gaur eguerdian, eta nabarmendu dute proiektu honek amaitu egiten duela Lamuza parkeko higiezin historiko guztiak birgaitzeko eta balioan jarri eta espazio hori hiriaren motor kultural, sozial eta turistiko bihurtzeko foru konpromisoa.

Ekitaldi instituzionalean izan dira Irma Basterra Arabako Batzar Nagusietako presidentea eta Ganbera Probintzialeko Mahaiko gainerako kideak, Ainize Gastaka Laudioko alkatea eta udalbatzako ordezkariak, eta Iñigo Pinedo Aiaraldeko Kuadrillako presidentea. Bertaratutako guztiek, komunikabideetako ordezkariekin batera, proiektuaren ardura duen arkitekto taldearekin bisitatu dute eraikina.

Foru Aldundiak bihar, ostirala, martxoak 28, doako bisita gidatuen programa berezi bat jarriko du abian, laudioarrek eta bisitariek Lamuza jauregiaren ezaugarriak eta historia zuzenean ezagutu ahal izan ditzaten. Bisita ordutegia honako hau izango da: 17:00etatik 20:00etara, asteartetik ostiralera; eta 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, larunbat, igande eta jaiegunetan, aldez aurretik erreserbatuta Laudioko Turismo Bulegoaren 944 034 930 telefonoan.           

Bisita programa hori apirilaren 30era arte egongo da martxan, Aste Santuko eta sanprudentzioetako jaiegunak barne.

Lamuza jauregiaren zaharberritze proiektuak hainbat esku hartze jaso ditu ia 4.000 metro koadroko higiezin historiko horren funtzionaltasuna eta irisgarritasuna hobetzeko, kontuan hartuta herritarrek hezkuntza eta kultura jardueretarako zentro gisa erabiliko dutela. Esku hartze horiei esker, banaketa hobetu da, jauregiaren hegalak lotzen dituzten eta eraikinari bateratasuna eman dioten ibilbide berriekin.

Erabat irisgarria

Horren ondorioz, eraikina erabat berrituta dago eta mugikortasun arazoak dituzten pertsonentzat erabat irisgarria da. Irisgarritasuna proiektuaren ardatzetako bat izan da, eta, horretarako, igogailu berri bat jarri da, desnibelak kendu dira zoladuren kota aldatuz eta arrapala txikiak jarriz; eta mugikortasun urriko pertsonentzako komun irisgarri berriak eraiki dira.

Gainera, proiektu hau gauzatuta, erabiltzaileak Lamuza jauregiaren bi muturrak komunikatuko dituen ardatz-korridore handi batez ere baliatuko dira.

Abian den esku hartzearen ardatzak dira, era berean, baliozko elementuak eta apaingarriak zaharberritzea (zurezko eskailerak eta burdina forjatuzko barandak, estaldura zeramikoak, tximiniak, ate batzuk, etab.); eraikinaren gelak hobetzea zoladurei, hormei eta sabaiei dagokienez; instalazio elektrikoak, iturgintzakoak, segurtasunekoak eta berokuntzakoak eguneratzea, eta kontsumo txikiko aparatuekin argiztapena berritzea.

Laudioarrek Kristalen Aretoaz ere gozatu ahal izango dute beren osotasunean, harreretarako, aurkezpenetarako, erakusketetarako eta beste hainbat gauzatarako espazio berezi eta erakargarri gisa eta taberna-kafetegi izango den espazio berri batez.

Arabako Foru Aldundiak Lamuza jauregiaren barrualdea zaharberritzeko proiektua Laudioko Udaleko teknikariekin lankidetzan zehaztu du, eraikin horretako areto eta espazioei emango zaien erabilera kontuan hartuta. Era berean, harremanak eta bilerak izan dira Laudioko kultura elkarteekin eta herritarren mugimenduekin, helburu berarekin.

Foru erakundea da Lamuzako parkeko eraikin guztien jabea, 'Etxe nagusia' deitutakoarena izan ezik, eta erabilera Laudioko Udalari ari da lagatzen, duela 40 urte baino gehiagotik. Lamuza jauregiaren lagapenak etorkizunean ere jarraituko du, bi erakundeen arteko hitzarmena sinatuta.

Lamuza jauregiaren barrualdea zaharberritzeko eta hari irisgarritasuna emateko obrak gehitzen zaizkie: 2020an eraikinaren estalkiak, fatxadak eta berokuntza sistema berritzeko egindakoei (2,8 milioi euroko aurrekontua) eta Musika Etxearen eta Kasinoaren birgaitzea (3 milioi euro). Foru aldundiak Lamuza parkeko eraikinetan egin duen inbertsioa ia 9 milioi eurokoa izan da.

Lamuza jauregia Urkixoko markesen egoitza izan zen, eta 1879 eta 1930 artean eraikin ezberdinen handitze bezala sortu zen, XVIII. mendeko etxe nagusi barroko batetik abiatuta. Eraikina goi oligarkiako bizitegirako aisialdi multzo baten zati da, 13 hektarea inguruko lorategi eremu baten barruan kokatua. Bertan kasinoa, antzerki aretoa, euskal pilotako frontoia, urmael artifiziala eta hainbat estilotako lorategiak zeuden.

Foru Aldundia

Prentsa oharra

Jaitsi