Foru Aldundiak suebaki zerrenda bat eraikiko du Izkiko Parke Naturalean, baso suteak prebenitzeko - prentsa
Foru Aldundiak suebaki zerrenda bat eraikiko du Izkiko Parke Naturalean, baso suteak prebenitzeko
Gasteiz, 2025eko urtarrilaren 30a. Foru Aldundiak datozen asteetan hasiko ditu Izkiko Parke Naturalean baso suteak prebenitzeko lanak. Gauzatu beharreko jarduketen artean, zeregin garrantzitsuenetako bat da naturagune horretan suebaki eremu bat sortzea.
Gaur egun, baso suteak naturagunearen mehatxuetako bat dira, Natura Baliabideak Antolatzeko Planean eta KBE/HBBE izendatzeko dekretuan jasotzen den bezala.Gainera, klima aldaketaren eta berotze globalaren ondorioz, Arabako Mendialdea da egoera horrek gehien eraldatuko duen Arabako eremuetako bat, eta, beraz, Izkiko parke naturala bera, bere ezaugarri geologikoengatik eta amezti basoagatik.
Horregatik, biodibertsitatea babesteko ekintzen barruan, zenbait jarduera egingo dira, Izkiko Parke Naturaleko baso pista nagusietan oinarritutako suebaki zerrenda osagarriak jartzeko. Zehazki, "Y" eta "El Plenote" izeneko pistetan, naturagune babestuaren erdigunea zeharkatzen baitute. Jarduketa pista horietako 17 km baino gehiagotan egingo da, honako lan hauen bidez: mehazketak, kimu onenak uztea, inausketak, sastrakak kentzea, egurra pilatzea, hondarrak bildu eta kentzea edo birrintzea, bidearen alde bakoitzean 10 metroko zerrenda osagarri batean.
Lanek dirauten bitartean, apirilaren 1etik uztailaren 31ra bitartean okil ertainaren ugaltze aldia errespetatuko da, Izkiko hegazti enblematikoa baita.
Proiektu hau Arabako Parke Naturalei buruzko Helmugako Turismo Jasangarritasuneko Planaren barruan dago, eta Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailaren finantzaketa jasotzen du, Europar Batasunak NextGenerationEU funtsen bidez finantzatutako Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan.
Lan horien aurrekontua 66.923,32 euro da (BEZa barne) eta hiru hilabeteko epean gauzatuko dira.